INFO

Hamaseigarrenean aidanez, Bilbon banatuko da txartelik landuena

Galtzaileek ez dute Anjel Lertxundiren eleberriko Domingo apustuzalearen amaiera tragikorik izango, baina hamasei astetan zehar egindako lana antzua izango da; sari handiko Bilboko gaurko partida kale egiteko koltxoirik gabe jokatuko baitute Artola-Imazek eta Peña-Albisuk.

Gastroenteritisa gaindituta, ikusi egin beharko da zein maila emateko gai den Artola (Aritz LOIOLA/FOKU)

Denboraldi bateko beste txapelekin alderatuta, maratoia izaten da Binakakoa, bere luzerarengatik. Erregulartasuna eta erresistentzia behar-beharrezkoak izaten dira urteko lehiaketarik luzeenean aurrera egin ahal izateko, baina Artola-Imazek eta Peña-Albisuk azken metroetan esprinterako gaitasuna ere erakutsi beharko dute gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan, bide desberdinetatik baina leku berera heldu baitira; finalerdietako ligaxkarako azken txartela banatuko duen partidara. Hamaseigarren dema izango dute gaurkoa Artola-Imazek eta Peña-Albisuk, lehenak partida bat gehiago irabazita helduko dira Miribillako kantxara, baina gaur 22. kartoira heltzen denak lortuko du hurrengo faserako sailkatzea; galtzaileek agur esango diote lehiaketari.

Presioa eta urduritasuna kudeatzen jakitea funtsezkoa izango da hortaz, zenbait astez huts egiteko koltxoi batekin aritu ostean, marjinarik gabe arituko baitira. Alde horretatik, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu duela oso gutxi antzeko egoera bati aurre egitetik helduko dira, ostiral gauez Elordi-Rezustari Zornotzan gailentzea lortuta. Lehia kaotikoan, aurkariek baino biziraupenerako sen handiagoa erakutsi zuten gipuzkoarrek, eta irakaspena baliagarri suerta dakieke.

Nekea kudeatu

Azken hiru hilabeteetan egindako lana ere nolabait saritzen badu ere, sistema krudela da play-offena, bosgarren eta seigarren postuetan sailkatutako bikoteak –kasu honetan Peña eta Albisu– 48 ordutan bi partida irabaztera behartzen ditu, eta nekea kudeatzen jakiteak ere zeresanik izan dezake, batez ere partida luzatzen bada.

Alde horretatik, tolosarrak eta ataundarrak 24 ordu gutxiago izan dituzte atsedenerako azken partidatik; ostiralean, gainera, berandu helduko ziren etxera Zornotzatik, lotarako lehiaketaren adrenalina gainetik kendu ezinda, gainera. Halere, ikusi egin beharko da Iñaki Artolari ere zer gorputzaldi utzi dion ostegunean Tolosan aritzen utzi ez zion gastroenteritisak. Fisikoki ahal handiko kirolaria da alegiarra, baina errekuperatzeko denbora askorik gabe ekin beharko dio orain arteko partidarik erabakigarrienari. Ander Imazek ere bereziki akituta amaitu zuen Urrutikoetxearekin Altuna-Martijaren aurka jokatutako lehia, baina oiartzuarra ere mutil zaildua da eta buelta emango ziola pentsa daiteke.

Oreka aurrekarietan

Pronostikoak egiterakoan ohikoa da aurrekariei begiratzea, baina kasu honetan ezin ondorio argirik atera; bi bikote hauek elkarren artean Binakako honetan jokatutako partidetan, bakoitzak garaipen bana eskuratu baitzuen. Lehen jardunaldian, Seguran, Peña eta Albisu 22-19 gailendu ziren, eta zortzigarrenean, Etxebarrin, Artola-Imazek eskuratu zuten puntua (22-15).

Frontoiari begiratzea ere lagungarri izan daiteke halakoetan, eta aurtengo Binakakoan Artola-Imazek ez dute partidarik jokatu Bizkaia Pilotalekuan. Peña-Albisurentzat, ordea, hirugarren dema izango da gaurkoa, eta ezin esan Bilbon gauzak ondo joan ez zaizkienik, jokatutako biak irabazi baitituzte, 22-12 laugarren jardunaldian Elordi-Rezustaren aurka eta 22-10 Peio Etxeberria-Erostarberi ligaxkako azken aurrekoan.

Bilbon gertatzen dena gertatzen dela, enpresen arteko oreka izango da datorren asteburuan hasiko den finalerdietarako ligaxkan, eta argi dagoena da Tolosaldeko aurrelari bat gutxienez izango dela martxoaren 31n Nafarroa Arenan jokatuko den finalean. Jokin Altuna eta Erik Jakarekin batera finalerdietan nor ariko den erabakitzea falta.