Korrikan Azterketak Euskaraz sostengatzeko ekimena proposatu dute Etxepare lizeotarrek
Gobernu frantsesak ez du brebeta eta baxoa azterketak euskaraz pasatzen uzten. Aurten, Korrikak Azterketak Euskaraz mugimendua omentzea erabaki du, eta Etxepare lizeoko ikasleek lasterka doazela lekukoa hartzean aldarri hori ondoan eramatera animatu dituzte Euskal Herriko ikastetxe guztiak.
Selaurua Betez (@selauruabetez) Etxepareko lizeotarren komunikazio proiektua da. Ekimen bat proposatu du sare sozialen bidez zabaldu duen bide batean, Korrika garaian ere Azterketak Euskaraz kolektiboa (@AEuskaraz) sostengatzeko.
Egun on, laguntzen ahal diguzue mezu hau zabaltzen otoi? pic.twitter.com/tIsBwRnWnE
— Selaurua Betez (@selauruabetez) February 24, 2024
Frantziar Gobernuak ez die ikasle euskaldunei baxoa eta brebeta azterketak euskaraz pasatzen uzten, ikasketa ibilbide osoa hizkuntza horretan egina izan arren. Hori aldatu nahian, borroka handia ari dira egiten ikasleak, Azterketak Euskaraz mugimenduaren inguruan, etsamin horiek euskaraz egin eta hizkuntza horretan zuzenduak izan daitezen lortzeko.
Aurten, beren ahalegina txalotu eta aupada bat eman nahian, Korrikak Azterketak Euskaraz mugimendua omentzea erabaki du.
Lekukoa hartzean, Azterketak Euskaraz aldarria ondoan
Asteburu honetan plazaratu duten bideoan, Etxepareko ikasleek honako deia egin diete Euskal Herriko ikastetxe guztiei: «Korrikako lekukoa hartzean Azterketak Euskaraz aldarria ondoan eraman. Atera argazki bat, eta igorri Selauruako kontura (selaurua.betez@betxepare.eus) edo bestela watsapez (0033 685 379 899)».
Argazkiarekin batera, bakoitzaren herriaren eta ikastetxearen edo elkartearen izena ezartzeko eskatu dute.
«Milesker, Euskal Herria, denon artean lortuko dugu! Baxoa euskaraz!», amaitu dute, itxaropentsu.
Bideoa igorri orduko jaso dute babesa, hasteko Korrikaren antolatzailea den AEKrena berarena, eta baita eragile gehiagorena ere, Katxiporretako lagunena besteak beste. «Ekimen ederra. Biba zuek! Gauden harro garenaz, eta egiten dugunaz! Herri Harroa gara», adierazi du AEK-k, aurtengo Korrikaren leloaren ildotik.