INFO

‘Light’, eskaladan tabua izan den gaia zabaldu duen dokumentala

Youtuben ikusgai dagoen lan horretan Angie Payne, Emily Harrington, Andrea Szekely eta Kai Lighner eskalatzaileen kontakizun lazgarriak jasotzen dira.

‘Light’ dokumentalak isilean zegoen eskaladaren tabu bat azaleratu du. (ISCF)

‘Light’ izenburuak ondo argitzen du Caroline Treadway zuzendariak zuen helburu nagusia: eskalatzaileen elikadura nahasmendua lehen lerroan jartzea. Batez ere, profesionalak direnak foku horretan egon dira.

Youtuben ikusgai dagoen lan horretan Angie Payne, Emily Harrington, Andrea Szekely eta Kai Lighner eskalatzaileen kontakizun lazgarriak jasotzen dira. Den-denek, arintasunaren aldarrikapena muturrera eraman zuten eta pisua galtzeko bizitako eskarmentuaren berri eman zuten.

Oro har, ekoizpenak erantzun bikaina izan du. Sare sozialetan pil-pilean egon da, eta horri esker makina bat emakume hasi ziren beren iritzia partekatzen.

Adibidez, eskalada tradizionalean espezialista handia den Hazel Findlayk honakoa adierazi zuen: «Elikadura nahasmendurik ez dudanez izan, inoiz ez nuen gai horren inguruan ezer entzun. Baina horrek ez du esan nahi arazo hori ez dudanik izan. Eskalatzaile profesionalei zein lagunei maiz entzun diet arazo horren aurrean borrokatu direla, baina, era berean, eskalatzaileen komunitateak ez entzunarena egin du».

Eta honela jarraitu du: «Pisua galtzeko ez dut inoiz neurririk hartu, eta dietarik ez egiteagatik leporatu didate ez dudala eskalatzaile baten itxura. Horiei begiratu eta intsektu txiki bat bezala ikusi dut neure burua. Iruditzen zait arazo larri bat dagoela, eta, osasunez ondo ez badaude ere, profesionalek ez diote aurre egiten. Isilune luze hori “Light” dokumentalak hautsi egin du».

Kirol eskaladan lehen lerroan dagoen Sasha DiGiulianek, berriz, onartu du dokumentalean parte hartzeko eskatu ziotela, baina ezetz esan zuela: «Esan nien barne prozesu batean murgilduta nengoela, besteak beste, egin zizkidaten ebakuntzen ondoren. Eta uste dut garaia heldu dela azalpenak emateko. Dokumentalean agertzen diren eskalatzaileak ikusiz hazi nintzen. Arinak nahi zuten izan, batez ere muturreko zailtasuneko bideak kateatu ahal izateko. Eta onartu behar dut nire ibilbidean tranpa edo zulo horretan erori nintzela. Jarrera hori ez da jasangarria, ezta osasuntsua eta atsegina ere. Foro publikoetan anorexikoa deitu didate, beste batzuek barre egin dute esanez “lodi” nengoela. Horregatik, arazo hauei aurre egiteko, gaia mahai gainean jarri, eztabaidatu eta ondorioak atera behar dira. Argi dut eskaladarekin gozatzea dela nire lehentasuna».

Amaitzeko, hirugarren protagonista bati hitza emango diogu: Alyse Dieteli. Umorea erabiliz, eskalatzaile honek gogor jotzen du Instagramen azaltzen diren gorputz «lirainen» aurka: «Ederrak eta inspiratzaileak dira, eta, neurri batean, oso-oso beldurgarriak ere bai. Horiekin guztiekin zintzoa izan nahi dut: nire argazkiek ez dute errealitate hori transmititzen. Baina fisiko egoki bat izatea beti borroka handia bihurtu da. Gaztetatik oso garaia izan naiz; ez da altura eder bat izan, baizik eta jirafa baten modukoa. Horretaz gain, esan didate nire buruak bonbilla bat dirudiela. Nire hortzengatik ere kastore deitu didate. Garai haietan oso lotsatia nintzen, eta iseka horien aurrean ez nuen ezer egiten. Argi dut nire gorputza asko landu behar dudala, baina gabeziei ez diet garrantzirik ematen. Eta ez naiz obsesionatzen argazki horietan ematen dudan irudiarekin. Nahiz eta nire ipurdian marka bat geratu zen, nire gorputzari eskerrak ematen dizkiot izan nuen istripuaren ondoren buelta eman ziolako. Eskerrak ematen dizkiot baita ere yoga egiten dudanean esfortzu ikaragarria egiten duelako. Bide batez, nire biriketan sortzen den arnasari eta zainetan dudan odolari eskerrak eman nahi dizkiet. Gustuko dut nire gorputza, besteak beste, aldaketekin ondo egokitzen delako. Gustuko dut nire gorputza gaixotasunei aurre egin eta hezur hautsiak sendatzen dituelako. Gorrotoa eta gutxiespena basamortuko kontuak baino ez dira. Esker ona eta maitasuna ezinbestekoak dira aurrera egiteko. Hori guztia indarrean jartzea kosta egin zait, baina, azkenean, lortu dut».