«Zuen bultzadarekin lortuko dugu»; Bultzada Txuriurdina, Zubietan, taldea hauspotzeko
Bultzada Txuriurdina zale taldea Zubietara gerturatu da astelehen honetan, Kopako kanporaketaren aurretik. Hil ala biziko partida izango da donostiarrentzat. Hain zuzen ere, Bultzadaren hutsunea egon zen ostiralean Anoetan, poliziaren errepresioa gaitzesteko harmailak hutsik utzi baitzituzten.
Burumakur dabil Reala azken aldian. Mallorcaren aurkako ligako partida irabazi bazuen ere –azken unean–, ate aurrean kamuts dabiltza txuri-urdinak. Agerian geratu zen ostiralean, Vila-realen aurka, denboraldiko partidarik eskasena bezala izendatu dena. Gerta zitezkeen txar guztiak batu ziren: Bultzada Txuriurdinaren hutsunea, polizia errepresioa gaitzesteko hartutako erabakian –Benficaren aurkako partidako istiluengatik, bi gipuzkoar atxilotu zituen Ertzaintzak–, lehen eta bigarren zatiaren hasieran jasotako golak, eta ginga jartzeko, Sorloth-en gola, 1-3koan.
Gol horrekin, gutxika-gutxika, harmailak hustutzen hasi ziren. Bultzadaren hutsunea agerikoa bazen, zaletu gehiagok, haserre utzi zuten beraien eserlekua. Kritikarako eman zuen, taldeak hauspo gehien behar zuenean, itotzen utzi zutela deitoratu zuten batzuek.
Bada, astelehen honetan, Kopako kanporaketara begira Realak egin duen azken lan-saioan, Bultzada Txuriurdina Zubietara gerturatu da, taldea hauspotzera. Jende andana hurbildu da eta jokalariek txaloz jaso dituzte animoak. Realak sare sozialetan argitaratu du bideoa, «Zuen bultzadarekin lortuko dugu» mezuarekin.
💙 Zuen 𝐛𝐮𝐥𝐭𝐳𝐚𝐝𝐚rekin lortuko dugu#WeareReal pic.twitter.com/JCr6Y0Izh2
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) February 26, 2024
Taldearen makalaldia iraultzeko, argi dago zale eta taldeak bat egin beharko dutela. Bihar, asteartean, final baterako txartela dago jokoan. Joanekoan 0-0 berdindu ostean, Anoeta erabakigarria izango da eta denboraldiaren balorazioa aldatuko duen partida izan daiteke.
💙 Bihar guztiok jokatzen dugu.#WeareReal pic.twitter.com/QghIwzEpHJ
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) February 26, 2024
Gainera, partida hau tourmaletaren hasiera baino ez da izango, martxoaren 5ean, Txapeldunen Ligako itzulerako partida jasoko baitu Donostiako estadioak eta hor ere, giroa bero egon beharko da, joaneko 2-0ekoa iraultzeko itxaropena bizirik mantentzeko.