INFO

Ibarrako elkarrizketen erdiak dira euskaraz, gero eta gutxiago

Ibarrako kaleetan euskararen erabilera %52,3koa da azken neurketen arabera. Azken 20 urteetan, gero eta euskara gutxiago entzuten dela ondorioztatu dute; eta euskara gehien erabiltzen dutenak gazteak eta haurrak dira.

Ibarran hartutako irudi bat. (ZARATEMAN | WIKIMEDIA COMMONS)

Ibarrako hizkuntzen erabileraren 2023ko kale-neurketaren emaitzak plazaratu dituzte, euskararen erabilera %52,3koa da. Gaztelera kaleko elkarrizketen %43,4an dago, eta gainerako hizkuntzetan elkarrizketa osoen %4,3koa da.

Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalak eta UEMAk egin dituzte kale neurketak, 1993az geroztik egiten dituzte. 2023koan, 864 elkarrizketaren eta 2.501 hiztunen informazioa bildu dute.

Azken 20 urteetan geroz eta euskara gutxiago entzuten da Ibarran neurketak ondorioztatu duenez, lau puntuko jaitsiera izan du 2000.hamarkadatik. Hamarkada horretan %56koa zen bataz besteko euskararen erabilera, eta azken neurketako bataz bestekoa, %50ekoa da. «Beti egon dira gorabeherak Ibarrako neurketako euskararen erabileran, baina beherako joera apala erakusten du bilakaerak», adierazi dute.

Beste ondorio nagusi bat euskaraz gehien entzun zaienak gazteak izan direla da, %72. Haurrei apur bat gutxiago entzun zaiela diote datuek, %67. 24 urtez azpikoek %68ko erabilera erregistratu dute, 25 urte baino gehiago dituztenek, berriz, %41ekoa da.

Euskararen kaleko-erabbilera Ibarran, adin-taldeka.


Ondorioen txostenean adierazi dutenez, erregistratutako lehen urteetan igoera izan zuen haurren erabilerak, mende honetan, aldiz, jaisten ari da, hiru puntu inguru. «Gazteen erabilerak ere igoera nabarmena izan zuen 90eko hamarkadan, eta azken 20 urteetan mantendu egin da», jakinarazi dute. Helduen artean, berriz, beheranzko joeran doa euskararen erabilera azken bi hamarkadetan.

Haurren garrantzia

Haurren euskararen erabilera jaitsi da, bai haurrak elkarrekin hizketan ari direnean, baita helduekin ari direnean ere. Galtzaundi elkartearen ustez haurrek garrantzia handia dute Ibarrako euskararen erabileran: Helduen arteko elkarrizketen %45 dira euskaraz, aldiz, helduak eta haurrak nahasian daudenean 19 puntu egiten du gora erabilerak; eta 9 puntu helduen erabilerak. «Beraz, haurren presentziak eta haurren jardunak ingurunea euskalduntzen dute».

Bestalde, haurrak kalean egon ohi ez diren garaian egindako neurketan entzun zen euskara gutxien, ostiral goizean egin zelako hain zuzen. Eta larunbat goizeko eta arratsaldeko neurketan nabarmen gehiago erabiltzenn zen euskara, 20 puntu gehiago.

Gero eta hizkuntza gehiago

2015eko neurketaz geroztik euskara eta gaztelera ez diren hizkuntzak ere erregistratzen dira, «neurtzen direnez geroztik inoizko presentziarik handeiena izan dute: % 4,3».

Galtzaundik azaldu du Ibarran garrantzia eman zaiola azken urteetan bertako hizkuntza aniztasunari: «Horren adibide dira Galtzaundi Euskara Taldeak dinamizatzen Auzoko egitasmoa, eta UEMAren laguntzarekin Uzturpe ikastolan kulturartekotasuna lantzen ari diren proiektua».