INFO

Sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Arrasaten, azken lan-istripu hilgarriaren aurka

Astelehenean Arrasaten gertatutako laneko istripu hilgarriaren aurka LAB, ESK, Steilas, Hiru eta ENHE sindikatuek elkarretaratzea egin dute asteazken arratsalde honetan Arrasaten. ELAk beste mobilizazio bat egin du goizean.

LAB, ESK, Steilas, Hiru eta ENHE sindikatuek Arrasateko lan heriotza salatzeko egindako elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sindikatuek joan den astelehenean Arrasaten lan-istripuan hildako langilearen heriotza salatzeko mobilizazioak egin dituzte asteazken honetan.

ELAk elkarretaratzea egin du goizean eta azpimarratu du dagoeneko aurten hiru langile zendu direla aurten eraikuntzaren sektorean. LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuak arratsaldean atera dira kalera.

Joan den astelehenean Arrasaten hil zen R.M.P., 54 urtekoa, sindikatuek azaldu dutenez, Udalaren sustapen publiko batean lanean ari zela, kontrata baten azpikontratarako, zehazki Galiziako Proyectos y Obras Garci enpresarentzat, Altuna y Uria enpresak azpikontratatuta.

Sindikatu hauen ustez, «onartezina da hainbeste aldiz gertatzen den lan-istripu mota honen aurrean beharrezko baliabideak ez jartzea» eta gaitzetsi dute «prekarietatea esplotazio modu bat izateaz gain, lanean heriotzak eragiten dituen arrisku faktore bat» dela.

ELAk, bestalde, deitoratu du enpresek «behin eta berriz eta azpikontraten kasuan bereziki», lan-baldintzak «prekarizatzen» dituztela, eta istripu eta arrisku-egoera asko eragiten dituztela, beste modu batean saihets zitezkeenak.

«Egoera horietan enpresa naguziek ere duten erantzukizun zuzena» azpimarratu ondoren, ELAk adierazi du «ikuskapen eraginkorrik, baliabide nahikorik edo zehapen eredugarririk ez izateak erakundeen borondate eza dela eta, lanaren ondorioz dozenaka pertsona hil behar izatea ahalbidetzen du».