INFO

Korrikatik 2025eko udaberriko ekimenera, «herri libre bat» bultzatuko du Gure Eskuk

«Herri Libre Bat» dinamika aurkeztu du larunbat honetan Gure Eskuk, zenbait ekimen bilduko dituena eta hurrengo asteotan Korrika zein Aberri Eguna palanka gisa erabiliko dituena: «Une egokia da, hainbat mugimendu gertatzen ari baita gure inguruan». 2025eko udaberrirako ekimen potentea aipatu dute.

Gure Eskuren bi urteko plangintza aurkezteko Bilbon egin duten ekitaldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Herri libre bat» nahi du Gure Eskuk eta izen hori eman dio bi urtetan zehar une eta ekimen ezberdinak bilduko dituen planari. Larunbat honetan aurkeztu du Bilbon; bide-orri osoa ez du zehaztu baina epe motzeko zenbait hitzordu, bai. Hasierako biak bereziki ezagunak dira: hilaren 14an abiatuko den Korrikak eta martxoaren azken egunean ospatuko den Aberri Eguna. Izan ere, «herria ilusiotik mugituko du, herri bakoitzaren laguntzarekin Euskal Herri anitz bat irudikatzea lortuko dugu», ziurtatu du.

«Une hau egokia da», nabarmendu du Josu Etxaburuk, zenbait tokitan burujabetzari ematen ari zaion bultzada ikusita. Irlanda, Korsika, Eskozia, Katalunia, Galiza... zerrendatu dituzte.

Euskal Herrian ere norabide horretan aurrepausoak emateko «abagunea» egon badela erantsi dute: «Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Ipar Euskal Herriko Elkargoaren egituraketaren etorkizunari buruzko gogoeta eta eztabaidak zabalik ala zabaltze bidean».

Bi Estatuetan lurralde auziaren eztabaida ireki dela eta hiru euskal administrazioetan etorkizunari buruzko gogoetak abiatuak direla nabarmendu du Gure Eskuk

 

Irantzu Perelloren hitzetan, gainera, «aldi berean, lurralde auziaren edota nazio aniztasunaren inguruko eztabaida ireki da modu publikoan Estatu espainolean zein frantsesean, eta, erronka honen aurrean, euskal eragile politikoek indar posizio interesgarria dutela erakutsi dute».

Ez ditu oharkabean pasa bide horretan dauden oztopoak eta kontrako indarrak: «Denok ditugu gogoan euskararen aldeko hizkuntz politikak egiteko botere judizialetik sistematikoki datozen trabak edo Nafarroako Trafikoari buruzko eskumena deuseztatuz autogobernatzeko gaitasunari egindako eraso judiziala». Hauen konponbide bakarra, paradoxikoki, burujabetza handia da, nabarmendu du Perellok.

«Aurrerapausoak behar dira. Eman ditzagun. Gure Eskuk, bederen, ez du utziko aukera hau alferrik galtzen», ziurtatu du Etxaburuk ekitaldian. «Anbizioa» aldarrikatu du.

Ekimenak

‘Herri Libre Bat’ dinamika hau nola hasiko den gauzatzen azaldu dute gero. Hasteko, 23. Korrikan parte hartuko du Gure Eskuk, zenbait puntu esanguratsutan lekukoa eramanez ere: Trebiñu, Erribera, Tolosa, Baiona... Horrezaz gain bere ikurrak zabalduko ditu egunero (iazko Tourrean gertatu zen jada, erabakitzeko eskubideari ikusgarritasun handia emanez). Eta horretarako dei egin die euskararen aldeko lasterkari guztiei, «Euskal Herria harrotasunetik irudikatzeko».

«Eta irudikatzetik, ospatzera», jarraitu dute, Aberri Egunaren hitzorduarekin lotura eginez. «Aldarrikapena eta festa giroa elkartzeko eguna izango da, ikurrak astintzeko eguna eta burujabe izateko borondatea plazaratzeko eguna», aurreratu dute.

Bi aste beranduago, apirilak 13an, beste ekimen bat: «Hamar urte beteko dira lehen aldiz Euskal Herriko herri batek, Etxarri Aranatzek, estatus politikoari buruzko herri galdeketa bat antolatu zuela. Herri galdeketen lehen mugimendua izan zen, lehen harria, eta hortik aurrera Gure Eskuk Euskal Herrian beste hainbat herri galdeketa bultzatu zituen. Herritarren laguntzarekin bozketak antolatu ziren, eta 208 herrietan 218.000 lagunek hartu zuten parte», ekarri du gogora. Urtemugan Sakanako herrian bilduko dira berriz, «bozka bidez gure etorkizuna erabakitzearen beharra ortzimugan kokatzeko».

Gehiago ere bada. Maiatzean, «Euskal Herriko lurralde ezberdinak lotuz, martxan gaudela erakustea xede izango duen ekimen bat egingo dugu», aipatu dute, zehaztapenak momentuz gordez. Ekainean, 2025eko mugarriak aurkeztu ditu Gure Eskuk, «erronka gisa planteatuta».

2025eko udaberrian, «nazioartean azpimarratuko dugu herri bat, nazio bat garela, eta burujabeak izan nahi dugula»

 

Hurrengo ikasturtera salto eginez, azaroan «zazpi lurraldeetan zehar herritarren sormenari esker, gure herria hamabi orduz iraungo duen ikuskizun batean bilduko dugu. Bideoz eta ekitaldiz osatutako maratoia izango da. Sorlan kolektibo horrekin nazioartera begira jarriko gara», aurreratu du Perellok. Eta 2025eko udaberrian, «lau haizeetara zabalduko dugu Euskal Herriaren aniztasuna, indarra, ilusioa eta gogoa. Nazioartean azpimarratuko dugu herri bat, nazio bat garela, eta burujabeak izan nahi dugula. Herri Libre Bat erakutsiko diogu munduari, elkarrekin erabaki nahi duen herria».