INFO

Suteei aurre egiteko ikuskapen zorrotzagoak eskatu dituzte Donostiako Alde Zaharrean

Auzoan maiz gertatzen diren suteak prebenitzeko ordenantza bat beharrezkoa dela aldarrikatu dute gaur Donostiako Alde Zaharrean egin duten manifestazioan. Mobilizazioa deitu duen Parte Zaharrean Bizi elkarteak ostalaritzarekin lotura duten 16 sute zenbatu ditu azkenaldian.

Donostiako Alde Zaharrean egin duten manifestazioa. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Donostiako Alde Zaharreko biztanleek auzoan izan diren suteengatik duten kezka islatzeko eta Udalari ostalaritza arloko lokal eta biltegietan ikuskapen zorrotzagoak eskatzeko manifestazioa egin dute gaur. Suhiltzaileek ere mobilizazio hau sostengatu dute.

Fermin Calbeton kaleko Zumeltzegi tabernan izandako sutearen ondoren deitu zuten mobilizazioa. Izan ere, auzoan zenbatu duten gisa honetako hamaseigarren sutea da.

«Goia alkateak ikuskapenak egiten direla esan duenez, ikuskapenen datuak publiko egiteko eskatzen diogu. Ekintzekin froga dezala udal-gobernuak suteen aurkako prebhentzio-protokoloren bat duen. Informazio hori gabe, sinesgarria al da bere hitza? Ez, gure elkartearen ustez, nabarmendu du Parte Zaharrean Bizi-k.

Gauzak horrela, suteen prebentziorako udal ordenantza bat onartzea eskatu dute. Kanpaiak eta ke-hodiak garbi mantentzeko dagoen «egungo betebehar abstraktutik betebehar zehatza batera» pasatzea, urtean bitan eta ziurtagariak aurkeztuz.

Honekin batera, instalazioen aldizkako ikuskapenak jaso beharko lituzke ordenantza horrek, suhiltzaileen parte hartzearekin, lokalek 250 metro kuadro baino gutxiago badira ere.

Kanpaiek sua hartzekotan, aspertsoreen jaurtiketa sistema bat eskatu dute.