INFO

‘Txoriak txori’ eta ‘Lepoan hartu’, Labriten zaleak kantari eta «Gora euskal pilota» aldarri

Binakako txapelketako finalerdietako ligaxkaren estreinako partida hartu du larunbat honetan Labritek. Artola eta Imazek eraman dute lehen puntua, faborito ziren Jaka-Mariezkurrena mendean hartuta. Bigarren etenaldi luzean kantari agertu dira zaleak, ‘Txoriak txori’ eta ‘Lepoan hartu’ abestiekin.

«Gora euskal pilota» aldarria, Labriteko harmailan, Binakako txapelketako finalerdietan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Labriteko harmailak eta bertako giroak badauka xarma berezia. Pilotarien gustokoa da pilotalekua, zaleek erantzuten dutela, pilota bizi egiten dutela –noizean behin, nor edo nor kexatu egin bada ere–. Ikusleari ere pizten zaio zerbait berezia, irribarre bat, harmailak lepo beteta –sarrera guztiak agortu ziren, zein bikotek jokatuko zuen jakin aurretik–, bertakoak sufritzen, txaloka eta disfrutatzen ikusita.

Are gehiago, zaleen artean sortzen den sintoniak ere oilo ipurdia eragiten du larruazalean. Denak, lepotik helduta, ‘Txoriak txori’ abestia kantatzen ikusteak. Mikel Laboaren kantua ereserki bilakatu da kirol ekitaldi askotan. Anoetan, garaipen garrantzitsuen ondotik, zale eta jokalariek elkarrekin abesten dute, bai eta San Mamesen ere, Kopako finalera sailkatu zirenean.

Badauka ereserki zantzua abestiak, gizartean oso errotuta dagoen abestia delako, ezaguna delako eta euskaldun guztiok batzen gaituelako. Kirolean garaipenarekin lotzen den arren, Euskal Herri aske baten metafora ere badelako.

Labritek gozatu du kantu hori abesten, Artola-Imaz bikoeta 10-18 irabazten ari zela. Bigarren etenaldi luzean elkartu dira zaleak, denak lepotik helduta, elkarrekin abesten. Labrit izanagatik, Iruñean, Nafarroan izanagatik, dimentsio berezi bat hartu du.

Mikel Idoate pilotari ohiak eta egun, ETB1eko pilota partidetako esatariak, bideo batean jaso du momentu sentikor hau.

«Gora euskal pilota» leloa ere ikusi da pankartetako batean, Atxiki pilota taldeak eramandakoa. Leioatik, Iruñeraino; Bizkaiati, Nafarroaraino, Euskal Herrian barrena.

Laboaren kantuaren ostean, ‘Lepoan hartu’ abestiaren ere urratu dute eztarria, larruazaleko oilo ipurdia berriro ere berpiztuz. Labriten, esku pilota ikusten, euskaraz eta abesti hauek kantatzen, euskal nortasuna indartu besterik ez duelako egiten.

Halakoetan, partida gutxienekoa izaten baita, nahiz eta pilotarientzat garrantzi handiko dema izan zen. Binakako txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen partida lehiatu dute Jaka-Mariezkurrena eta Artola-Imaz bikoteek. Gorriak faborito baziren ere –lehen faseko liderrak ziren–, urdinak, atzetik aurrera eginda, sekulako garaipena eskuratu dute, 13-22.