INFO

Eskarmentua eta gaztetasuna uztartuko dituzten sei bikotek jokatuko dute Berria txapelketa

Lehiaketa larunbat honetan hasiko da Galarretan eta finala apirilaren 20rako dago iragarria.

Txapelketan arituko diren erremontariak Martin Ugalde Parkean. (Jon URBE/FOKU)

Etorkizuneko eta eskarmentu handia duten pilotarik osatutako sei bikotek jokatuko dute gaur Andoaingo Martin Ugalde Parkean aurkeztu den 2024ko Berria Erremonte Txapelketa. Lehiaketa larunbatean, martxoaren 9an, hasiko da eta finala apirilaren 20an dago iragarria. Partida guztiak Galarretan jokatuko dira.

Parte hartuko duten sei bikoteak bi taldetan banatuko dira eta talde bakoitzeko lehenengo biak sailkatuko dira apirilaren 13an jokatuko diren finalaurrekoetara. Finalerdietako garaileak apirilaren 20an neurtuko dituzte indarrak finalean. A taldeko hiru bikoteak Susperregi-Apezetxea; Irazu-Zaldua I.a eta Jabalera-Goikoetxea VI.a dira eta B multzoa, aldiz, Arluziaga-Zubiri; Gurrutxaga-Aiestaran VI.a eta Zaldua II.a-Eskuderok osatuko dute.

Ligaxkako partidak martxoaren 9an, martxoaren 16an, martxoaren 22an, martxoaren 29an eta apirilaren 6an jokatuko dira. Sailkapena puntuen bidez osatuko da. Partidak jokoetara izango dira. Lehenengo bi jokoak 15 tantora izango dira eta hirugarren seta edo jokoa, beharrezkoa bada, zortzi tantora jokatuko da.

Partidak, bi set irabaztera

Lehenengo bi set-ak irabazita (2-0) lau puntu bilduko dira. Partida 2-1 amaitzen bada irabazleak bi puntu izango ditu eta galtzaileak bakarra. 0-2 galduz gero partida ez da punturik batuko eta partidaren amaieran 15 tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du.

Ligaxkaren lehenengo jardunaldia larunbata honetan, martxoaren 9an jokatuko da, 16.30etik aurrera, eta ondorengo bikoteak izango dira protagonista: Irazu-Zaldua I eta Jabalera-Goikoetxea VI. A talderako baliagarria izango da.

Talde bakoitzeko lehenengo bi postuetan geratu diren bikoteak sailkatuko dira finalaurrekoetara. Bi bikoteen artean berdinketa badago, bien arteko partidaren irabazlea sailkatuko da aurretik. Hiru bikoteen arteko berdinketa kasuan, partida guztien tanteoak erabakiko du zein sailkatuko den aurretik.

Apirilaren 13an jokatuko dira bi finalerdiak eta A taldean lehenengo postuan sailkatu den bikotea, B taldeko bigarrenaren aurka lehiatuko da. Bigarren finalerdian B taldeko lehenengoak jokatuko du A taldeko bigarrearen aurka. Hauek ere set formatuan jokatuko dira 16:30etatik aurrera hasiko den jaialdian.

Bi irabazleak apirilaren 20ko final handira sailkatuko dira eta bertan ezagutuko da Berria Erremonte Txapelketa 2024ko txapeldun berria.