INFO

Athleticeko jokalariak, Kopara begirako Media Day hitzorduan: «Guk ere bi hanka dauzkagu»

Athleticeko jokalariek topaketa egin dute komunikabideekin Bartzelonaren kontrako Kopako finalerdiaren atarian. Zuri-gorriek argi daukate aurkaria faborito nagusia dela, «baina partida 0-0eko emaitzarekin hasten da», gogoratu du Maddi Torrek.

Maddi Torrek Athleticek San Mamesen antolatutako jokalarien eta komunikabideen arteko topaketan parte hartu du. (Aritz Loiola | Foku)

San Mamesek ateak zabalduko ditu ostegunean Athleticen eta Bartzelonaren arteko Kopako finalerdietako joaneko partida hartzeko eta eszenatoki berberan jokalari zuri-gorriek topaketa egin dute gaur komunikabideekin hitzordu handiari buruzko hausnarketak zabaltzeko. Nagusitu den ideia ez du inork harrituko: kanpotarrak finalerako txartela eskuratzeko faborito argiak dira, are gehiago bi partidetako kanporaketa izanda. Baina horrekin batera, Athleticeko futbolariek amets egiteko eskubidea aldarrikatu dute, futbola ustekabekoa izan daitekeela azpimarratuz.

Maddi Torrek, beti ausarta zein baikorra, eskaini du mezu irmoena. «Oso onak dira, baina guk ere badakigu jokatzen –adierazi du–. Eta beti esaten dudan bezala, guk ere bi hanka dauzkagu, korrika egiten badakigu ere eta, haiek bezala, hamaika jokalarirekin zelairatuko gara. Eta partida 0-0eko emaitzarekin hasten da».

Gakoa helburu txikiak markatzean egon daiteke, kanporaketan bere osotasunean pentsatu barik, «baina partidaren akzio guztiak helburu bilakatuz», Bartzelona bezalako aurkari baten aurrean ezin baita xehetasun txikienean ere huts egin.

Bidea Ligan Lezaman jokatutako partidak erakutsi dezake neurri batean, «planteamendua bestelakoa izango» den arren Maddiren ustetan, «helburua bada orain ere, orduan bezala, konpetitzea, oso konpetitiboak izan. Gainera, partida luzea egiten saiatu behar gara, eurak pixka bat desesperatzen saiatu... eta atea hutsean mantendu ahalik eta denbora gehien». 90 minututan zehar, ahal bada, Bartzelonaren zenbakiei begira –26 garaipen eta bi berdinketa, lau txapelketetan jokatu dituen 28 partidatan, 127 gol sartuta eta 9 besterik ez jasota– ezinezkoa badirudi ere. «Oso zaila da, noski. Baina Kopa irabazteko Bartzelona garaitu behar da. Pena bakarra da bi partidetara jokatu behar izatea, are zailagoa baita horrela Bartzelonari irabaztea. Baina horrek ere motibatzen gaitu, zailtasunak erronkatzat hartzen ditugu, horrek egiten du handia Athletic. Badauzkagu erremintak aurre egiteko, taldea gaztea da eta gaztaroaren eromen puntu hori dauka ondo etor dakigukeena eta gainera gure jendearen aurrean errezago izango da gauzak ondo egitea», esan du atzelari gipuzkoarrak, «nik sinisten dut, benetan sinisten dut» gaineratuz.

Adriana Nanclares ilusionatuta agertu da ere, baina taldekidea baino apurtxo bat neurritsuagoa. «Ilusio handia daukagu eta ziur gaude, gutxienez, partida on bat egingo dugula. Badakigu oso zaila dela, batez ere bi partidetako kanporaketa izanda, baina San Mamesen, gure jendearen bultzadarekin, emaitza on bat lortzen saiatuko gara, gutxienez ilusio berarekin ekiteko datorren asteko partidari», esan du final laurdenetako heroiak. Badaki, Bartzelonaren ezaugarriak kontutan hartuta, ostegunean ere protagonista izatea egokituko zaiola. «Munduko talde onenetarikoa da, onena ez bada, eta gainera oso gustokoa du eraso-futbola. Argi daukagu gure lana inoiz baino gehiago atzetik hasiko dela. Oso prestatuta gaude atzean sendo egoteko eta atea hutsean mantentzen saiatzeko ahalik eta denbora gehien».

36 minutu izan ziren Lezaman, zuri-gorriek eta gorri-urdinek Ligan jokatutako azken partidan. Irudi ona eskaini zuen Athleticek, markagailua azkenean 0-4koa izan bazen ere, eta horri eutsiko dio etzi. «Partida ona egin genuen –esan du Nanclaresek– eta erreferentziatzat hartu dugu. Emaitza potoloegia izan zela uste dut. Partidak oso sentsazi onak utzi zizkigun, Bartzelonari ondo lehiatu geniolako. Aukerak ere, dezente sortu genituen eta orduan egindakoa berdintzen edo, ahal bada, hobetzen badugu, oraingoan errezago asmatuko dugula uste dut, gure jendearen laguntzarekin. Gauzak ondo egiteko ilusioa badaukagu eta horrek emaitza on bat ematea espero dugu», esan du.