INFO
Elkarrizketa
Mikel Oteiza
Atarrabiako alkatea

«Armarria ez da adierazpen politiko bat, euskal nortasunaren adierazpen kulturala baino»

Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren ebazpenari buruzko gogoeta egin du NAIZ Irratian, azpimarratuz Euskal Herriko armarria «gure nortasunaren adierazpide kultural bat» dela, eta «ez printzpio politiko bat».

Atarrabiako alkate Mikel Oteiza (Iñigo Uriz | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak herriko frontoitik Euskal Herria kontzeptua eta zazpi herrialdeen armarria kentzeko agindu du. Neutraltasun politikoa urratzen duela argudiatu du epaitegiak. Mikel Oteiza, Atarrabiako alkateak sententzia honi buruzko irakurketa egin du NAIZ Irratian.

Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak baieztatu du ez dutela sorpresaz hartu Auzitegiaren erantzuna, izan ere ez da lehenengo aldia euskal nortasuna adierazten duten sinboloen aurka doan ebazpen bat jasotzen dutela. «Beraz sorpresa ez, baina tristura pixka bat bai».

Atarrabiako alkateak ez du konpartitzen ebazpenaren argudioa, alegia printzipio politikoari erreferentzia egiten diona, izan ere, armarria adierazpen kultural bat da, ez printzipio politiko bat bere esanetan. «Jarri genuenean, duela 12 urte, ez genuen posizio politiko bat bilatzen, baizik eta adierazpen kultural bat. Euskal pilota, gure herriaren usadio eta tradizioekin bat egiten duen sinbolo bat jartzen genuen».

Prozedura judizial hau UPNko kide batek abiarazi zuen, armarria frontoian jarri eta 10 urte igarota, baina ikurra ez da inoiz arazo bat izan herritarrentzat. «Armarriak Atarrabian ez du inolako arazorik sortzen. Frontoiak erabilera sozial handia dauka, asko erabiltzen da, txapelketak, erakustaldiak, eta inoiz ez du arazorik sortu. Orain jendeak amorruz eta tristuraz erantzun du».

Ebazpena irmoa izan bitartean, aurrera begira ze neurri hartu aztertzeari ekingo diote orain, eta gizarte mailatik ere erantzuna eman beharko zaiola aurreratu du Mikel Oteizak. «Udalaren partetik, informe bat eskatu diegu gure zerbitzu juridikoei, baloratzeko zein aukera dugun sententziaren aurrean. Sententzia oraindik ez da irmoa eta denbora dugu. Herritarren aldetik seguro zerbait egin nahiko dugula, gure sentimenduen kontra doan sententzia bat delako».

Euskal ikurren aurkako eraso judizial hau testuinguruan kokatu du. «Badirudi gizarteak erabakitzen duena ez duela islada beste estamentuetan. Sinboloen harira inboluzio ikaragarri bat daukagu. Atarrabian ikurriña legalki izan dugu 26 urtez, 1977an egindako erreferendum bat egin ondoren. Hori horrela zen eta XXI. mendean ilegala da. Inboluzio nabarmena da».