Nafarroako 0-3 plataformak bi urteko gelak haur eskoletan mantentzea exijitu du
Nafarroako Parlamentuaren aurrean eginiko elkarretaratzean, 0-3 plataformak ikastetxetan 2 urteko gelak sortzeko hartutako erabakiaren aurka protesta egin dute, eta haur eskoletan mantentzea exijitu dute.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturtean bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2 urteko gelak sortzeko hartutako erabakiak haserrea handia sortu du 0-3 Plataforman. Hala, haur-eskola gehienetako ehunka hezitzaile biltzen dituen plataformak uste du neurriak «galera handia» dakarrela haurrentzat.
Nafarroako Parlamentuaren aurrean eginiko elkarretaratzean, plataformako bozeramaileek Nafarroako Gobernuari eskatu diote «erabil ditzala Europako funtsak 0-3 ziklo oso, unibertsal eta doakoa bermatzeko beharrezkoak diren haur-eskola guztiak eraikitzeko, kudeaketa-eredu komun batekin eta arrazoizko ratio batzuekin».
Gainera, Carlos Gimeno buru duen Departamentuari exijitu diote «alde batera utz ditzala lardaskeriak eta adabakiak, horiek galera izugarria dakartelako nafar gutztientzat, baina, batez ere, 2 urteko haurrentzat».
«Jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz haur eta lehen hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxe publikoak ez badira betetzen eta langileak soberan badiztue, bi zikloetako ratioak ere jaitsi ditzatela», nabarmendu dute.
Ildo horretan, Gimenori eskatu diote «plaza berriak sortzeko Europako funtsak iristea ez dela nahikoa hezkuntza-etapa bat hausteko. Bere gaitasun ezaren eta ohitu gaituen 0-3arekiko mespretxuaren beste adibide bat dugu hau».
Izan ere, «kalitatezko hezkuntza eskaintzea» oztopatzen duen «arazo nagusia» gehiegizko ratioak direla nabarmendu du plataformak. «Baina ziklo honetan konpondu beharreko arazoak gutxi ez baziren ere, Hezkuntza Departamentuak are gehiago zaildu nahi du; zikloa apurtzeko lanean ari direla jakin dugu», adierazi dute.
«Antzeko erabakia hartzen duen edozein administrazio publikok, hezkuntza-komunitatea kontuan hartu gabe, esku hartean duenari buruz duen arduragabekeria eta ezjakintasuna erakusten du», azpimarratu dute.