INFO

Gernika eta Zaragoza, Mersin Çukurovak kaleratutako taldeen elkarretaratzea Malosten

Donostiak kostata irabazi eta gero, Zaragozak Euroligako ibilia amaitu du asteon, Mersin Çukurovak final-laurdenetako kitarakoan egurra eman ostean. Hala ere, Gernika bera ere ez dabil oso fin, ezta azken neurketetan irabazi ezinik dabiltzan IDK Euskotren eta Kutxabank Araski ere.

Kostata bada ere, Zaragozak Donostian irabazi egin zuen joan zen asteburuan, IDK Euskotrenen aurka. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Emakumeen Endesa Ligako hiru euskal taldeek zapatu arratsaldean jokatzen dute: Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik, etxean, Basket Zaragoza eta Celtaren aurka, hurrenez hurren. IDK Euskotrenek, bere aldetik, Cadi La Seu taldearen kantxan jokatuko du. Malosteko partida 18.30ean hasiko da, Mendizorrotzakoa 19.00etan eta donostiarrek jokatuko behar dutena, berriz, 19.30ean jarriko da martxan.

Sailkapen nagusiari begira jarriz gero, joan zen asteburuko porrotek ez dute ezer onik ekarri. IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia aurreneko zortzi onenen artean daude oraindik; seigarren eta zortzigarren hurrenez hurren, biak ala biak 12-11 balantzearekin, Lugoko Ensinorekin berdinduta. Egia da laugarren postuan dagoen Girona bi garaipenera dagoela, baina egia da baita ere Jairis eta Ferrol, Top 8tik at dauden talderik indartsuenak, garaipen bakarrera daudela. Egia da oraindik Fase Erregularreko zazpi jardunaldi falta direla, eta tartean, hilaren 21etik 24ra, Kopako azken fasea jokatuko dela Huelvan, non Ibaeta Basket eta Gernika bertan jokatzekoak diren.

Ondorioz, deskuiduan asteburu honetan ere hiru euskal taldeak garaipenik gabe geldituko balira, mundua ez litzateke bertan amaituko; astia legoke egoerari buelta eman eta denboraldi hasieran finkaturiko helburuak betetzen joateko, baina era berean, dagoeneko zail ikusten diren gauzak are zailago ikusiko lirateke.

Jardunaldi honetan partida deigarririk baldin bada, Lointek Gernika Bizkaiak eta Basket Zaragozak Malosten jokatu behar duten partida da hori. Duela asko ez dela, Gernika Emakumeen Endesa Ligako laugarren talde indartsuena izatera pasa zen, Valentzia Basket, Perfumerias Avenida eta Gironaren atzetik. Zaragozak betidanik izan du Emakumeen Ligan tradizio handia, batez ere Mann Filter taldearekin, baina askoz lehenago ere, XX. Mendeko 90. hamarkadaren hasieran Zaga Simic, Ranko Zeravica entrenatzaile handiaren emaztearen eskutik, Zaragozako emakumeen saskibaloi taldeak Kopa irabazi zuen. Baita iaz ere, eta horren ondotik, Euroligan aritzeko aukera bikain baliatu du, final-laurdenetan kitarakoan kanporatu baitute talde mañoa.

Eta zeinek kanporatuko eta Gernikan ere hain ondo ezagutzen duen Mersin Çukurova talde turkiarrak. Covid-19aren garaian, Emakumeen Eurocupeko kanporaketa gogorra jokatu zuten elkarren aurka. Ezustean, joaneko norgehiagokan 83-59 nagusitu ziren bizkaitarrak eta hargatik, Turkiako itzulerako dema Mersin Çukurovak kanporaketan aurrera egin zezan antolaturiko segada bat izan zen. Tartean, lotsatzeko moduko gauza asko jazo izan baziren ere, lotsagarriena Belen Arrojo hegalekoari jokatzen utzi ez izana, emaitza positiboa izan omen zuen PCR bat tarteko. Horrez gain, ikusleen jarrera eta baita klub turkiarrarena berarena ere batere kiroltasunik eta dotoreziarik gabea izan zen. Hain izan zen lotsagarria Lointek Gernika Bizkaiari gertatu zitzaiona, ezen oro har emakumeen kirolari jaramonik egiten ez dieten zenbait hedabidek ere bizkaitarrei jazo zitzaiena mintzagai izan zutela.

Zaragozako taldeak ez du hainbestekorik jasan behar izan baina pasa den asteazkenean, Mersin Çukurovaren kantxan Emakumeen Euroligako final-laurdenen kitarako partida jokatu behar zutelarik, turkiarrek ia ez zieten ezta entrenatzeko aukerarik ere eman Carlos Cantero entrenatzailea eta bere taldeari. Horrez gain, astebete lehenagotik kanporaketa nahikoa bero zetorren, Zaragozako jarraitzaileen eta Marina Mabrey hegalekoaren arteko tirabira txiki bat tarteko. Donostian ere nahikoa sufrituta irabazi zuten, dena esaten hasita.

Beroaldiak beroaldi, kitarako partida honetan ez zen kolorerik izan, eta Mersin Çukurovak 86-63 irabazi zuen eta Euroligako Lauko Finalean lekua egin du berriz ere, iaz, Roberto Iñiguez de Heredia entrenatzailearen aginduetara, txapeldunorde geratu ostean.

Bada, ikusi egin behar bidaia eta Euroligatik at geratzeak zenbat min eman dion talde mañoari, nahiz eta Euroligan burutu duen aurreneko denboraldia harro egoteko modukoa den, irabazi zein galdu, ia beti oso lehiakorra izan baita.

Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, berriz, ez dator batere une egokian. Duela bi aste Benbibre azken sailkatuari etxean irabazteko lanak izan zituen eta joan zen asteburuan, berriz, Lugok 18 puntugatik galdu ostean, talde galiziarrarekiko puntu aldea ere galdu zuen. Mario Lopezen afera lehertu denetik, badirudi talde bizkaitarrak denboraldia ahal bai arinen amaitzeko gogoa duela eta halakoetan ez da erraza jokalariek beren onena ematea. Bestela ere lan zaila bazuten bizkaitarrek, erabat kontzentraturik jokatu ezean, jai izango dute Emakumeen Endesa Ligako hirugarrenaren aurka.

Lasaitasuna gogoan

«Larunbateko partida final bat da», adierazi du Txell Alarcon Kutxabank Araski taldeko jokalariak Celtaren aurka Mendizorrotzan jokatu bezperan. Bederatzi garaipen ditu talde arabarrak, baina garaipen kopuru txikiak baino min handiagoa dute azken bi asteburuetako porrotak nola izan diren ikusita: azken segunduan etxean Barça CBS-ren aurka duela bi aste eta Cadi La Seuren kantxan bi luzapenen ostean duela zortzi egun. Partida bietan, bereziki Cadi La Seuren aurkako dema horretan, garaipena hatzen puntekin ikutu zuten Made Urietak eta bere taldeak, eta hargatik azkenean galdu behar horrek sekulako frustrazioa eragin die arabarrei.

«Horren aurrean lanean jarraitzea besterik ez dago, are gehiago aurkari zuzen baten kontra jokatu behar badugu. Ez dakit partidan zer gertatuko den, baina astean zehar lana behar bezala egin dugu behintzat», gaineratu du Alarconek. Celtak gasteiztarrek baino garaipen bat gutxiago du, baina igo berria izanik, mailari eskua hartu diola ere argi dago. Azaroaren 3an elkarren aurka jokatu zuten talde hauek biek eta artean biek ala biek jokaturiko lehia guztiak galdu zituzten. Vigon lortu zuten, hain zuzen, arabarrek denboraldiko aurreneko garaipena, nahiz eta 24-40 nabarmen aurretik izatetik 61-66 estu eta larri irabaztera pasa ziren azkenean.

Esan bezala, Emakumeen Endesa Ligako Fase Erregularra amaitzeko zazpi jardunaldi falta dira eta, beraz, Txell Alarconek adierazitako «final» itxura hori larregizkoa izango da, baina garaipena lortuz gero, Kutxabank Araskik mailari eusteko egundoko aurrerapausoa emango luke, zalantzarik gabe.

Cadi La Seu, bestetik, euskal taldeen borrero izaten ari da azken asteetan. Egia da Araskiren aurkako norgehiagokaren ondotik zenbait jokalari galdu dituela talde katalanak lesioen erruz, baina sekula besorik jaisten ez duen taldea da, lesioak lesio.

Horrez gain, IDK Euskotrenek azken hiru partidak galdu ditu eta esan beharrik ez dago zortzi onenen artean lekua bermatuko badu berriz ere garaipenak pilatzen hastea ezinbestekoa duela.