INFO
Elkarrizketa
Uxue Fernandez Lasa
Pilotari ohia eta UPV-EHUko ikertzailea

«Indartsuago eta libreago egin zaitzakeen espazio seguru bat izan daiteke pilota»

Lau urterekin aitak eskutik eramaten omen zuen frontoira eta ordutik gaur arte pilotari lotuta egon da, baita beste kirol batzuei ere. Bere ibilbidean eta gertu izan dituen emakumeenean ikusitakoari erantzun nahian hasi zen emakume pilotariei buruz ikertzen.

M.A.

Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, 1984) pilotari ohia, UPV-EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultateko irakasle-ikertzailea eta GIKAFIT ikerketa taldeko kidea da. Emakumea pilotari programan lan egin zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko teknikari gisa eta “Emakume pilotariak: izaera, bizipen eta sentipenak” tesia defenditu zuen 2014an.

Zer lotura dago pilota eta identitatearen artean?

Euskal pilota euskal gizartean oso errotutako kirola izaki, euskal kulturaren balio batzuk transmititzeko bitartekoa da; eta kirola eremu maskulinizatua da, gizonek gizonentzat sortua. Batean zein bestean emakume pilotaria ez doa korronte nagusian. Genero ikuspegia, emakumeen egoera eta tradizioak gurutzatuz gero, oso ezberdina da emakume pilotari baten identitatearen eraikuntza prozesua edo gizon batena.

Euskara aberatsa den neurrian, «plazagizon» beti existitu den bezala, «etxekoandre» ere bai; eta plaza herriko erdigunea izaki, eremu publikoa, eta emakumeei esleitutakoa, pribatua, normatik aldentzen da emakume pilotaria. Pilotaren iruditeria gertuago dago indarretik, bortizkeria sinbolikotik... fintasunera edo edertasunera bideratutako kanon estetikoetatik baino. Kirrinka egiten du hor zerbaitek.

Feminitatea «continuum» gisa ulertu behar dela diozu. Zer profil daude?

Zurrunenak izango liratekeen maskulinitate hegemonikotik feminitate idealizatura doa. Denek ez dute berdin gorpuzten genero adierazpena, batzuk marimutilera gerturatzen dira, etiketa negatibo bezala hartuta, beste batzuk makillatuta eta oso kontuz ibiltzen dira kanon estetiko eta egitura barruan.

Lau profil atera nituen, nolabait deskribatu behar nuelako, baina inor ez da isolatuki batean kokatuko. Lehiakortasuna, jarrera kantxan eta kantxatik kanpo, nola aurre egin... Oso konbinazio anitzak eta aberatsak daude eta denak dira emakume pilotari. Oztopo, zailtasun eta bizipen oso desberdinak dituzte, baina oinarri komun bat dute: emakumeak gizartean bigarren planoan badaude, kirolean, hirugarrenean, euskal gizarteko plazan ere...

Estereotipoek pisu handia al dute?

Bai. Oro har, emakume kirolarien kasuan, eta pilotarienean pisutsuago bihur daitezke. Zer naizen galdetzen badidate, kirolaria esango dut nahiko azkar, bizitza osoa daramat; jendeak hori nola irakurri duen, beste gauza bat da. Marimutila, bollera... denetik etiketatuta jakin gabe eta erdia izan gabe ere.

Ez dut minetik bizi izan, mina orain datorkit ikasleak ikusten ditudanean, batzuen kontzientziak, gauza batzuk entzutean. Testuinguru familiar bat, babesleku bat, eduki dudanez horrek ez nau asko mugatu. Badut pilotari kideren bat 14 urterekin akordeoia jotzera joateko esan ziotena.

Zer ikusten duzu ikasleengan?

Aldatu dela. Gure garaian ez zegoen pilotaririk ikasleen artean, eta aurten lehenengo mailan bost emakume pilotari izan ditut, espezialitate desberdinetakoak. Hala ere, ikusten dut tradizioak eta korronte nagusiak indar handia daukala.

Uste dut, oro har, teorian kontzientzia feminista kritiko handiagoa daukatela, praktikan, ez dakit zenbateraino. Arazoa gazteetan baino botere guneetan daudenengan dago, gazteak haietara iristeko bidea egin behar dugu, ea gai diren zuzentasun politikotik harago pixka bat aldatzeko.

Hor egongo da gatazka handiena. Sistemak ez du aldatu nahi, patriarkatua oso eroso bizi da bere sisteman, horrek ematen dio biziraupena.

Kirolak botere harremanak birsortzen baditu, horiei aurre egiteko esparrua ere bada, ezta?

Aurkia eta ifrentzua ditu. Egitura berretsi eta erreproduzitzeko izugarrizko tresna da, eta izugarrizko indarra du mota guztietako identitateak sortzeko eta muturtasunak jorratzeko. Politikoki ere pisu handia du, horregatik ekartzen da Tourra hona... Baina, aldi berean, eraldaketarako eta transgresiorako aukera bat ere ematen dizu. Oztopo pila bat izango dituzu emakume pilotaria bazara, baina emakume bezala askoz indartsuago eta libreago egin zaitzakeen espazio seguru bat izan daiteke, horrela planteatzen bada. Sistemaren barruan egonda ez da erraza, baina iraultzeko bideak sor litezke.

Nola susta daiteke hori?

Taldetasunak edo ahizpatasunak emakume pilotarien kasuan indar handia du, landu egiten da, eta espazio seguru horiek sortzen dira elkar ahalduntzeko bidea eginez. Elkar lagundu, elkar ulertzen saiatu, penak eta pozak partekatu nabarmenago... bestela ez dago bizirauterik, etengabeko neurketa bat baitago gizarteko kanon kultural-sozialekiko. Agentzia kolektiborik gabe, agentzia indibidualaren igurtzian doala ulertuta, ezinezkoa da erresistentzia egitea. Kontuan hartuta emakumezkoen euskal pilota periferia bat dela, zentrora gerturatu ahala, kirrinkak sortuko dira.

Sinesten baduzu hor egon behar duzula, hurrengoentzat eredu edo erreferentzia zarela, zirrikitu bat ireki dezakeela... gutxiago axola dizu. Oso argi daukat pilotari bakarra izan banintz inguruan eta talde bat ez banu eduki, ez nuela iraungo, ez nuela biziko pilota bizi izan nuen bezala. Emakumea pilotari proiektua ahalduntzeko izugarrizko espazioa izan zen.

Alderdi sozialak pisu berezia al du emakumeengan?

Taldeak bai, testuinguru horretan bizirauteko behar duzulako; baina askotan iruditzen zait hori esanda lehia lausotuta uzten dela. Emakume batzuk lehiakorrak dira. Ez dut uste gizon denak lehiakorrak direnik, kontua da irakatsi zaien gizontasun ereduan lehiakorrak izan behar dutela; hori beste gauza bat da. Aisialdikoen kasuan agerikoagoa da, astean behin ari bazara zure lagunekin helburua, oro har, ez da txapelketara joatea; ohiko errutinatik irten, espazioa partekatu... baizik.