Errebotea zital bilakatu eta markagailua iraulita, Mugartegi-Aldazabal txapeldun
Lehen jokoan zalantzati agertu dira horiak eta Barrenetxea ausart bat eta Lejardi eroso bat gailendu dira (15-10). Bigarrenean, atzetik aurrera egin, eta hirugarren jokoa behartu dute Mugartegi eta Aldazabalek (11-15), kitean nagusitasuna erakutsiz (1-5). Johanek eraman du Banakako Winter Seriesa.
Txantxarik ez, astelehen iluntze honetan, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Tentsioa, urduritasuna, txaloak, emozioak, kezkak... Denek bat egin dute goraino bete diren harmailetan, bai eta kantxan bertan ere. Kiterako jokoa lehiatu behar izan dute lau puntistek, Winter Serieseko finalean, eta Maialen Aldazabalen negar malkoek, guztiz hunkituta, arestian aipatu osagarri guzti horien nahastearen adierazle dira.
Berriatuarra Erika Mugartegiren hauspoa izan da, une zailenetan berau babesten, itxaropena ilundu zenean zama bizkarrera eraman eta berriro argia eskaintzen. Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi oso nagusi izan dira lehendabiziko jokoan, aurrelari markinarraren akatsez nabarmendu zenean. Lehen sakea, eskas; sakea berreskuratuta ere (2-1), bigarrena eskas... Mugartegiren bertutea segurua izanik ere, lehen jokoan zalantzan jarri da dena.
Durangoko puntista eta Banakako txapelduna erosoago aritu dira kantxan. Durangarrak errepikatu ditu finalerdietako tantoak ere, bizitasuna eskainiz segurtasunari, oldarkortasunaren aurpegia erakutsiz (5-2). Gaizto bidalitako bi pilotakadekin Mugartegik estutu du markagailua (5-4), bere bertsiorik onena erakusteke zegoen seinale. Ordea, Bikote horiak kateatu ditu akatsak –Atain III.enaren errebotea kanpora eta errematea txapara– eta marroiek bideratuta ikusi dute lehendabiziko jokoa (10-5).
Lehen seta, marroi
Marroiak gusturago ibili dira kantxan, eta azken txanpan ere aurrean bizkor aritu da Barrenetxea, publikoaren zati handi bat bereganatua zuela –horma biko ederra egin du 12-6koa sinatzeko–. Mugartegik atzera botatako batek berriz ere goia jo du (13-6). Lehen jokoaren kolorea marroia izan da, finalerdietan zital aritu zen bikotearena. Gainera, finaleko lehen zati honetan, Lejardi ere sasoiko azaldu da –finalerdietan zalantzati agertu izana onartu zuen berak ere–.
Hala, horiak pilotalekuari neurria hartzen hasiak ziren arren, lehen seteko markagailua apaindu beste erremediorik ez dute izan (15-11). Azken erreakzio hau, ordea, zetorrenaren zipriztina besterik ez zen. Badirelako segituan egokitzen diren puntistak, baina badira denbora behar dutenak ere. Diesel motordunak, martxa hartuz gero geldiezinak izan daitezkeenak.
Ezaugarri horiekin definitu dezakegu Erika Mugartegi, finala nola hasi eta nola bukatu duen ikusita. Baina are gehiago Maialen Aldazabal. Erregularra dela diote, eta ez da arrazoirik falta hori esateko. Lau puntisten artean bera zen zaharrena (17 urte) eta Mugartegiren zaindari bilakatu da, zentzu osoan.
Hartu du tantoen erantzukizuna bizkarrean eta animatu du Mugartegi, bere eskumarekin zital aritzeko. Eta Erika Mugartegi ‘Atain III.enaren’ zitalkeriarekin kutsatu da errebotea, Barrenetxea eta Lejardirentzat ezinezko pilotakadak bilakatuz.
Aldazabal hauspo
Kolpeak trukatu dituzte jokoaren hasieran (3-3) eta marroiek lortu dute 4-0eko partziala ere, finala bideratu zezakeena. Baina orduan agertu da Aldazabal, Winter Serieseko bere lehen txapelaren bila, zentzuz eta amorruz beteriko pilotakadekin; erortzen uzten zituenekin, bien artera botatakoekin, eta batu zen Mugartegiren errebote zitalarekin. Tartean, Atain I.aren aholkuak, harmailatik, adi baina urduri, bere alabak Winter Serieseko bigarren txapela irabazteko ilusioz.
Errebotera indartsu jaurti eta markagailua irauli dute horiek (7-8), atsedenaldira aurretik joanda. Hasiak ziren urduritasun zantzuak marroiengan ere. Helenak pilota erraz batzuk huts egin ditu, gero, segidan, beste pare bat tanto eder utzi dituen arren. Saiatu da Lejardi atzetik agintzen, baina aginte makila Mugartegik hartuta zeukan jada, Aldazabalen hauspoarekin (11-15).
Kiterako, atzetik aurrera eginda iritsi dira horiak, Mugartegiren eskuina ongi berotuta eta errebotearekin adiskidetuta, zitalkeriaz, indarrez, garaipena eskuratzeko.
Gizonezkoen Bananako Winter Series, Johanentzat (0-2)
Gizonezkoen Banakako Winter Series txapelketako finala jokatu zen segidan eta Sorozabalek ezustean harrapatu zuen Aritz Erkiaga, iazko txapelduna, Binakako Winter Serieseko txapelduna bai eta Berriatuako Banakako txapelduna ere. Lapurtarrak ausart jokatu zuen eta segituan ireki zuen aldea markagailuan. Ispasterkoak estutu zuen lehen seta (9-12) eta bigarrenean ere, atzetik aurrera eginda, berdindu zuen markagailua (8-8) baina Johanek azaleratu zituen bere erregistro guztiak desiatutako garaipena eskuratzeko (10-12), Erkiaga bezalako espezialista handi bat mendean hartuta.