INFO
Elkarrizketa
Nahia Aparicio
Realeko jokalaria

«Gauza handiak egiteko gai garela demostratu dugu»

Udan jauzia eman eta Realeko jokalari gazteena bihurtu zen Nahia Aparicio (Tolosa, 2004). Inork ez luke esango, zelaian erakusten duen nortasunarekin. Gaur, Reale Arenan (18.30), taldea bere historiako bigarren finalera heltzen laguntzeko prest dago

Nahia Aparicio, Zubietan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Ilusionatuta, gogoarekin, motibatuta...». Nola ez du ba hori guztia sentituko ‘Apari’-k, gaur arratsaldean biziko duenaren aurrean? Realeko lehen taldean hasiberria denak lehen aldiz jokatuko du Reale Arenan eta zer eta Kopako finalerako txartela eskuratzen saiatzeko.

Igandean ez zenuen jokatu. Madriletik oso nekatuta itzuli zinela esan nahi du edo entrenatzaileak Kopa jokatzeko erreserbatu zaituela?

Biak pixka bat, aste gogorra   izan da. Madrilen asko sufritu genuen, 90 minutuak jokatu ondoren hankak pixka bat kexatzen ziren hurrengo egunetan eta Nataliak erabaki zuen batzuk erreserbatzea denok fresko egoteko.

Hau jokalari guztiek jokatu nahi duzuen partida da.

Nire kasuan, gainera, lehen partida da Reale Arenan eta ilusionatuta eta oso motibatuta nago. Horrelako aukerak ez dira egunero bizitzen eta dena emateko gogoarekin nago.

Itzulerako partida etxean izateak zuen alde jokatu beharko luke, baina ez zaudete Realen jokatzen ohituta. Kirol maila hutsean mesede egiten dizue?

Ikusi behar dugu nola moldatzen garen. Baloia edukitzean espazio gehiago dago, baina defenditzeko orduan ere espazio gehiago defenditu behar da. Halere, nik uste dut taldeak nortasun nahikoa daukala eta baloia jokatuko dugula eta jakingo dugula zer egin. Bestetik, jendeak lagunduko digula uste dut eta horrek indarra emango digula lanean jarraitzeko eta egurra emateko.

Joaneko norgehiagokaren aurretik, Atletico faboritoa zen askorentzat. Ez dakit orain hain argi izango ote duten.

Aurreko kanporaketan ere Levante ematen zuten faboritotzat eta Realak oso paper ona egin zuen partida horretan. Gure jokoa erakutsi genuen eta gauza handiak egiteko gai garela demostratu genuen. Orain bezala. Nahiz eta oso talde on bat izan aurrean, maila ona eman eta emaitza ona lor dezakegula erakutsi dugu.

Kanporaketa berdinduta dator, baina Realak sentsazio onak eskaini zituen Madrilen.

Bai. Egia da berdinketa emaitza ona izan zela, beraiek langara jo zuten, aukera garbi batzuk eduki zituzten... Baina gola 90. minutuan heldu zen eta taldeak ondo sufritu zuela uste dut, bukaerara arte lehiatzen jakin izan zuela.

«Joaneko partidan taldeak erakutsi zuen nortasuna gustatu zitzaidan batez ere. Gure kasta, nola komunikatu eta animatu ginen... Talde izaera izan genuen»

Zer da gehien gustatu zitzaizuna eta, bestetik, nahitaez hobetu behar duzuena kanporaketa gainditzeko.

Batez ere taldeak erakutsi zuen nortasuna gustatu zitzaidan, nahia. Finalean egon gaitezkeela demostratu genuen, gogoarekin gatozela. Gure kasta, nola komunikatu ginen, nola animatu ginen... Talde izaera hori eduki genuela. Hemen, pixka bat gehiago defenditu beharko dugu, ea ez duten golik sartzen.

Itzulerako partida denez, behin betikoa, desberdina izan daitekeela uste duzu? Non egongo da gakoa?

Nik uste dut eurek batez ere aldatuko dituztela gauzak; joaneko partidan zehar ere aldatu zituzten. Gu irabaztera joango gara, dena ematera, bakoitzak barruan daukana demostratzera. Seguruenik talde biek sufrituko dugu pixka bat, baina gure jokoa egiten badugu, gauza politak egin ditzakegu.

Hitzordua denentzat da berezia. Lehen taldean lehen denboraldia izanda...

Askoz bereziagoa. Ez da bakarrik finalerdian, Reale Arenan ere lehen aldia da. Saiatuko naiz ilusio horrek bultzatzen, nerbioak alde batera uzten eta dena ematen.

Nerbioek kezkatzen zaituzte?

Ez, azkenean baloia ukitzen hasten zarenean pixkanaka joaten dira. Garrantzitsua da hori kontrolatzea.

Realak aurreko finala jokatu eta irabazi zuenean Tolosan jokatzen zuen 15 urteko neskatoa zinen.

Telebistatik ikusi nuen eta oso berezia izan zen, Reala beti izan baita nire taldea, amestutako taldea. Eta, begira, orain hemen nago!

Zenbatetan egin duzu amets horrelako uneekin?

Askotan. Bai debutatzearekin, bai lehen taldean jokatzearekin, bai Reale Arenan jokatzearekin eta bai partida honekin biziko duguna bizitzearekin. Motibazio handiagorik ezin da eduki eta espero dut zelai gainean nabaritzea, guztiok gure onena emateko.