INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Abiatu da Korrika, Irundik mugak gaindituz 11 egunez Euskal Herria harrotzera

Hortzak estutu beharrean, irribarrerik handiena atera dute Irunen bildu diren euskal komunitateko lagunek. Zergatik? «Harro gaudelako, gu garelako», aldarri egin dute oihu eta poz kolektibo batean. Korrikalari zahar eta berri, jatorri eta amets askotarikoak batera abiatu dira lasterka. [ZUZENEKOA]


Iritsi da, eta oinak oin artean hegan hasi dira, begiak beteta, pozez, hunkiduraz. Badira hanka ttiki-ttikiak, Korrika lehen aldiz probatzen ari direnak. Badira gurasoen bularrean peto barruan doazen umetxoak, badira hanka batek korrika egin nahi arren bertzeak ezetz erraten dien adineko korrikazaleak, eta tarteko guztiak.

Elkar topatzeko uneak ere badira. Gorka Elgoibar Gerekiz furgonetan aurkitu dugu, duela hamarkada bat ikusi gabe genuena. Berak kontatu digu 11 lagun ibiliko direla 11 egunotan Euskal Herri osoa zeharkatzen bi furgonetatan, bi taldetan, txandaka, talde bakoitza 14 orduz gutxi gorabehera. Hasieran, Irungo San Juan plazan, bi furgonetak batera ikusi ditugu. Bukaeran ere hala ibiliko dira, «une kritikoak» direlako.

Arantzan probatu zituzten furgonetak. Bi urtero elkartzen dira, eta soinua, argiak, interneta probatu zituzten. Arantzako Aterpek lotura handia du Korrikaren antolatzailea den AEKrekin eta orografiagatik lasterketa iristeko herri zaila denez, beso zabalik hartu zuten herritarrek furgoneten proba.

Urtero zenbait lagun berri sartzen dira taldean, baina talde iraunkorra da, Gorkak erran bezala garrantzitsua delako ongi konpontzea, 24 orduz elkarrekin bizi behar dutela kontuan hartuta. 

AEK-kideek eta Korrika batzordeek paperean prestatu duten guztia hasi eta buka ongi gauzatzea da beren misioa eta, noski, denek gozatzea prozesuan. Horretarako denetarik egitea tokatzen zaie: esatari aritzea, musika jartzea, gidatzea... Txandatzen joaten dira horretan ere. «Ez gara ezertan espezialistak; garrantzitsuena elkar zaintzea da. Hori transmititzen saiatzen gara batez ere berriei», erran digu Elgoibarrek.

Azterketak Euskaraz eta Korrika, elkarrekin

Ederra dago San Juan plaza, AEK-ko banderak eta Azterketak Euskaraz mugimenduarenak haizetan dantzan ari dira Mursegoren abesti zoragarriaren erritmora. Hegoa, Thalya eta Aihena Baionako Etxepare Lizeotik etorri diren 60 ikasleetako hiru dira. Aurtengo Korrikako omenduak dira, eta «giroa ezartzera, euskaldunak garela erakustera» etorri dira.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Brebeta osorik euskaraz pasatzeko aukera izan zuten iaz, baina aurten atzerapauso bat eman da eta zientzien arloa frantsesez pasa behar da, euskaraz erantzunez gero ez dute zuzentzen. Baxoa ere ezin da euskaraz egin.

Mugan, salaketa bat

Irun eta Hendaia arteko mugan salaketa bat egin dute, eta pertsona arrazalizatuek, muga pasatzea debekatua dutenek, pasatu egin dute paperdun pertsona zuriekin batera. Han izan dira Ione eta Junai irundarrak, bizikletan. Pedalei eragiten lehena, parrillan ogitartekoa jaten 5 urteko haurra, ‘Harro herri’ kamisetarekin.

Haien ondoan, senide etxalartar bat aurkitu dugu, 80 urte ditu eta bakar-bakarrik etorri da. Bera da hanka batek korrika egin nahi baina bertzeak uzten ez dion horietako bat. Baina hala ere hemen, «babestu behar delako euskara, gure hizkuntza, gure bizia».

«Nahiko lan badugu Nafarroako Gobernuarekin», kexatu da herrialdearen egoeraz. Horrekin lotuta, euskaldunok jasaten ditugun eraso guztiak ekarri dituzte gogora hasiera ekitaldian oholtzara igo diren Ane Elordi Korrikaren arduradunak, Beñat Alzaga Irungo AEK-ko arduradunak, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideek eta Irungo AEK-kideek.

«Hortzak estutu genitzake. Baina gaur egun handia da euskal komunitate osoarentzat, eta gure irribarrerik handiena aterako dugu. Harro gaudelako, gu garelako», azpimarratu dute Euskal Herri osoko milaka pertsonak ederki berotutako plazaren aitzinean.

Euskaraz bizitzea ez dela utopia erran dute: «Lorgarria da eta horretarako hizkuntza politika ausartak behar ditugu», gaurko eta etorkizuneko euskal hiztunentzat. «Zer besterik nahi dugu bada gure seme-alaben irria baino, euskaraz eta euskaratik?».

Mezu sekretua lekukoaren barnean ongi altxatu, eta hala egin dute lehen kilometroa Irungo AEK-ko 11 irakaslek, atzetik 11 oin dituztela, denak nahasian, hegan... «Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika!» oihukatuz, «Hemen gaude euskararen alde!», «Irun ere euskararen alde!».