INFO

Kontzentrazioaren derbia jokatuko dute Athletic eta Alavesek San Mamesen

Valverdek ezin izango ditu Paredes eta Yuri zelairatu, Ander Herrerak ere oso zail izango du jokatzea eta Oihan Sancet ere zalantzan da. Gasteiztarren artean denak daude jokatzeko moduan, luzerako min hartuta den Sedlar izan ezik.

Alavesek derbiko arantza atera nahiko du San Mamesen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Inguruan dabilen zarataz isolatu eta 90 minututan zelaian gertatzen denean kontzentratzeko gaitasuna duen taldeak garaipenerako bide erdia baino gehiago izango du egina larunbat gauean (21.00) Athleticek eta Alavesek jokatuko duten derbian. Etxekoentzat, gaurkoa hiria eta herrialdea hankaz gora jarri duen apirilaren 6ko Kopako finalaren aurreko azken lehia izango da Bilbon eta gasteiztarrek ere badute pozik egoteko motiborik, azken astean Rayori irabazita Lehen Mailan jarraitzea egintzat eman dezakete eta honek ere ekar dezake atentzioa zertxobait desbideratzea.

Selekzio desberdinekin jokatu behar dutenen zerrendak ere distrakzio iturri izan daitezke azken orduetan. Athleticen Vivian, Unai Simon, Oihan Sancet eta Nico Williams deitu ditu espainiar Estatuko hautatzaileak –Unai Gomez 21 urtez azpikoekin deitu dute– eta babazorroen artean beste bostek ere euren selekzioekin joan beharko dute; Javi Lopez, Samu Omorodion eta Rafa Marin 21 urtez azpiko Espainiarekin, Abqar Marokorekin eta Hagi Errumaniarekin.

Sevillako partidak gainontzeko guztia estal dezakeen arren, zurigorriek Champions postuak eskura dituzte eta Atletico de Madridek eta Barcelonak euren artean jokatzen dutela jakinda, aukera paregabea da bi talde hauei presioa sartzeko. Asmo horretarako, Ernesto Valverdek ezin izango ditu zigortutako Paredes eta min hartuta dagoen Yuri zelairatu eta Ander Herrerak ere oso zail izango du. Oihan Sanceten presentzia ere zalantzan dago, bihurritu txiki bategatik. Atzeko lerroan dituen arazoengatik, batez ere erdian, Egiluz gaztean sartzea ere os posible da.

Arantza ateratzera

Bilbon ez bezala, Gasteizen astea oso lasaia izan da eta, denboraldiko helburu nagusia esketan dutela,  Luis Garcia Plaza entrenatzaileak garbi utzi zuen atzo Glorioso «lehiakor izateko, eta ez konpartsabat izatera igo zela Lehen Mailara» eta euren zaleei beste poz bat eman nahi diete garaipena eskuratuta.

Bide batez, Kopako arantza ere ateratzeko modua izan dezakete babazorroek, Bilbon kanpoaratu baitzituen Athleticek final zortzirenetan. Alaveseko entrenatzaileak, Sedlar ez ezik, gainerako jokalari guztiak jokatzeko moduan izango ditu.