INFO

Nazioarteko proiektu batek Mutrikuko Akerbeltz erraldoia Veneziako Biurtekora eramango du

Belgikako Petticoat Government kolektibo artistikoak nazioarteko zenbait erraldoi, tartean Mutrikuko Akerbeltz, ardatz dituen diziplina anitzeko lana prestatu du, Veneziako Biurtekoan burutuko dutena.

Ezkerrean, Akerbeltz, Mutrikuko beste erraldoiekin batera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Tourcoingo eta Steenvoordeko (Estatu frantsesa), Baaigemeko, Anderlechteko, Charleroiko eta Petit-Enghieneko (Belgika) eta Mutrikuko Akerbeltz erraldoiak aukeratu ditu Belgikako Petticoat Government izeneko arte kolektiboak Veneziako Biurtekora eramango duen proposamenerako.

Erraldoiek ordezkatzen duten tradizioa, kultura eta folklorea da erdigunea. Izan ere, kolektiboarentzat eragile politikoak dira, identitateak lantzeko giltzarri. Beraz, diotenez, herri tradizioak bere zirkulazioari eusteko eta hedatzeko ahaleginak iradokitzen dituzte, eskualdeen eta gizarteen arteko banaketak lausotuz, «sustraien estasia» iradoki baino.

«Erraldoiek irudimenezko paisaiak sortzen eta elikatzen dituzte, beren komunitateen ahalduntzea bermatzen dutenak. Gobernagarritasun komunitario alai baten potentziala mantentzen dute, bakoitzak bere jarduteko ahalmena gauzatzeko espazio bat eskainiz, elkarrekin antolatuz oraindik existitzen ez diren errealitateak sortzeko», diote artista belgikarrek.

Honela definitzen du Petticoat Government kolektiboak Mutrikuko erraldoia: «Irudi anbibalente eta hibridoa, erdi gizona, erdi animalia. Ahari beltzaren irudia maiz aurkitzen da eskualde honetan, ospakizunak amaitzean zeremoniaz erretzen delarik. Alkerbeltzek islatzen du katolizismoak ez duela euskal paganismoa sinkretikoki subsumitzen, bertako kulturaren erresistentzia. Animalien babeslea eta sorginen laguna da».

Alpeetan hasitako bidaia

Etengabe garatzen den proiektua da. Lovainan hasi zen, non Cas-co izeneko taldeak bandera bat sortu zuen, 2023ko abenduaren 9an aurkeztu zena. Gero, Alpeetara eraman zuten, Lago di Resiara, mahai-oihal bezala erabiltzeko, Veneziako Belgikako pabiloilan gortina bezala agertu baino lehen.

Martxoaren 9an erraldoiak, hauen jatorrizko tokietako laguntzaileak, musikariak eta kolektiboko kideak Lago di Resian elkartu ziren, Italia, Suitza eta Austriaren arteko mugetatik gertu. Horrela, paiasaia alpetarraren handitasunarekin eta erraldoiek ekarriko duten eraldaketa eta sorpresarekin jolastu nahi dute.

Ondoren, Paduan, ‘Gazetta dello Sport’-eko inprimategian geldialdia egingo dute erraldoiek eta Belgikako pabiloian banatuko diren aldizkariak inprimatuko dira bertan. Behin Venezian, hirian zehar ibilbidea egingo dute ikus-entzunezko materialak sortzeko.

Biurtekoan, erraldoiak plataforma industrial metaliko baten gainean jarriko dira. Soinua izango du ere, perkusioa, eta isiltasunarekin txandakatuko da, dantzatzera edo esertzera gonbidatuz. Herri tradizioa islatzeko, ipuin kontalariak egongo dira.

Amaitzeko, Estatu frantsesaren iparraldera, Dunkerkera eta Belgikara, Charleroira itzuliko dira, sinposio batekin, dantza gau batekin, zinema emanaldiekin eta kartelen kanpaina batekin. Helburua erraldoiak dituzten herrietan proiektuaren berri ematea da.