INFO

Arabako Bertsolari Txapelketa: Aroa Arrizubieta, txapeldun berria

Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) da Arabako txapeldun berria. Manex Agirrek eta biek jokatu zuten buruz burukoa eta puntu baten aldearekin txapela Arrizubietaren buruan lerratu zen. Finalista gazteena txapeldun, Arabako bertsoaren karrusela martxa betean eta onean dabilen seinale.

Aroa Arrizubieta, Arabako txapelduna. (Endika PORTILLO | FOKU)

Finalista gazteenak irabazten duenean, finalak argi berezi bat hartzen du, poz kolektibo bat, transmisioaren soka bizirik dagoen sentsazioa. Hortik asko izan zuen atzo Gasteizko Printzipalen jokatu zen finalak. Azkenean txapela buruetan gazteenera, Arrizubietarenera. Manex Agirre izan zen bigarren, puntu bakarrera. Puntu bat bertsoaren markagailuan ez da ezer, berdinketa. Baina, puntu horrek erabaki zuen txapela Gasteizen bertan geratuko zela.

Buruz burukoan aritu ziren Arrizubieta eta Agirre. Biek oso saio ona osatu zuten ordura arte, ariketa guztietan langile eta erori gabe eta tarteka plaza harrotuz. Agirrek eskarmentua ekarri zuen eta Arrizubietak, ausardia. Gaztetasunaren zapatetatik, gaiei heldutasunez eta pertinentziaz heltzen asmatu zuen.

Buruz burukoa polito joan zen. “Iparragirre abila dela” doinuan aritu ziren lehendabizi. Honakoa zuten gaia: Haur eskolako bi panpina zarete. Ostirala da eta astelehen arte bakarrik geratu zarete. Arrizubieta bikain sartu zen haurren listuz blaitutako panpinaren paperean eta Agirrek ere bikain osatu zuen ariketa. Baina agian hor egin zuen lehen akats txikia Agirrek; lehen bertsoan aipatu zuen ume bat zuela belarriak kolpatzen eta gaiak zihoen dagoeneko bakarrik zeudela. Gainontzean, ariketa bikaina egin zuen, «panpinen sindikatua» sortzeko proposatuz eta etengabe bideak zabalduz.

Buruz burukoko bakarkakoan, berriz, Agirrek poto bat egin zuen. Segur aski hortxe alde egin zion txapelak, ordura arte oso goitik ekarri baitzuen saioa aramaioarrak. Irabaziz gero, hirugarren txapela izango zuen. Berriz bigarren, itzalean egotearen garrantzia goraipatu zuen Agirrek amaieran eta txapelketa uzten duela iragarri.

Buruz burukoan Arrizubietak egin zuen bakarkako lana apartekoa izan zen. Hauxe zuten gaia: Bizitzak bigarren aukera eman dizu. Arrizubietaren bigarrena, hauxe: «Inork ere ez zuen entzuten nire garrasi isila/ ta nion bizitzen ez badakit hobeto nengoke hila/ enekien ondo kudeatzen nire barne iskanbila/ eta googlera sartu nintzen irtenbide baten bila/ esan bezala irentsi ditut hamalau kaja pastilla/ eta neurekiko pentsatu dut ‘nahikoa izan dadila’». Eta hirugarrena ere maila beretik ekarri zuen, «... dirudienez berriro ere itzuliko naiz bizira/ beste aukera bat eman baitit eta behin eukita tira/ beste aukera bat eman badit igual zerbaitengatik da».

Manex Agirrek beste helduleku bat topatu zion gaiari eta asteon Korrikarekin Irungo Santiago zubia zeharkatu duten migratzaileen ahotik aritu zen.

Final ederra, taldean josia

Sei finalistek elkarlanean final eder bat jantzi zioten Printzipal antzoki dotoreari. Tamainakoa. Hirugarrena puntuetan Paula Amilburu izan zen, benetan bikain. Seiko motzean Otamendirekin batera aritu zen, Barbie eta Kenen azaletik biak, eta arratsaldeko txinparta nabarmenetakoa piztu zuten. Laugarrena, Peru Abarrategi, atzo arteko txapelduna. Asmatu zuen olatuak altxatzen. Bosgarrena, Otamendi, beteranoa eta finalaren aspaldiko ezaguna; bere marka utzi zuen. Eta seigarrena, Viñaspre, behetik gora etorri zena saioan zehar.

Hauxe, amaierako sailkapena:

1.Aroa Arrizubieta Barredo 614,5

2.Manex Agirre Arriolabengoa 613,5

3.Paula Amilburu Izargarai 415

4.Peru Abarrategi Sarrionaindia 412,5

5.Asier Otamendi Alkorta 410,5

6.Iñaki Viñaspre Simon 381,5