INFO
Elkarrizketa
Usoa Zumeta
Serigrafia egilea

«Serigrafia gainbeheran dago, materiala eskuratzea zaila da eta merkatuak ez du laguntzen»

Bere ibilbidean zehar bidelagun izan dituen hamar artisten lanez osatutako erakusketa dauka ikusgai Usoa Zumetak Donostiako Arteztu galerian. Nestor Basterretxea, Elena Asins, Jesus Mari Lazkano, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta, besteen artean.

Usoa Zumeta aitarekin egindako tamaina handiko seriegrafiari begira. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Sericum-Graphé’. Hamar sortzaile eta hamabost lan. Nestor Basterretxea, Elena Asins, Jesus Mari Lazkano, Jose Antonio Sistiaga, Dora Salazar, Jose Luis Zumeta, Koldobika Jauregi, Vicente Larrea, Ana Roman eta German Gargano. Denak dira euskaldunak azkena izan ezik.

Buenos Airesen zegoela ezagutu zuen Gargano. «Erakusketa bat ikusi nuen izugarri gustatu zitzaidana. Sorpresa izan nuen. Eta hona etortzera gonbidatu nuen. Animatu egin zen eta elkarrekin lan egin genuen; oso lan bikaina atera zen», gogoratu du.
Ibilbidean zehar egindako hainbat artelanen aukeraketa da. Lehenengoa Elena Asinsena da, 2009. urtekoa. Zarauzko malekoian daukan ‘Canon 22’ obrari erreferentzia egiten dion diptikoa da. Eta azkena Koldobika Jauregirena, urre eta urdin kolore biziengatik arreta pizten duena.

Pieza handiena Jose Luis Zumetarena da. «Lan honekin formatu handiko seriea hastekoak ginen baina hil egin zenez ezin izan genuen jarraitu. Hau eta beste bi, haiek tamaina txikikoak, dira egin genituen azkenak. 2019ko udazkenean izan zen», kontatu du.

Aitarekin abiatu zuen egitasmoa beste sortzaile batzurekin saiatzearen asmoa agertu digu. «Ideia hura, formatu handikoa egitearena, beste artistekin jarraitzea ari naiz pentsatzen».

Jose Antonio Sistiagarekin eta Nestor Basterretxearekin 2013an elkarlanean egindako beste bi lan ere ikus daitezke horman eskegita: ‘Suit erotica’ serieko lan bat –«nik diskretoagoa nahi nuen, baina berak esplizituagoa aukeratu zuen»– eta ‘Los precisos límites de unas sombras’, hurrenez hurren.

Jose Luis Zumetarekin gertatu bezala, Nestor Basterretxearen heriotzak ere arnas luzeagokoa izan nahi zuen proiektua eragotzi zuen. «Aitak eta biok argitaratu genuen ‘Oi bihotz’ ikusi zuen eta antzeko zeozer nahi zuen. Baina konturatzen ginen ez genuela horretarako denborarik izango. Liburua konplikatua da, oso. 25 seriegrafia egitea erabaki genuen eta sei egin genituen. Deskubrimendua izan zen niretzat Basterretxearekin lan egitea», esan du.

Dora Salazar da aukeratutako beste artistetako bat. 2019ko obra bat jarri du ikusgai. «Urte askoan egin dut berarekin lana», esan du.

Ana Romanek ere badu bere txokoa. «Oso interesgarria da. 2018an egin nuen berarekin lana. Pieza mekanikoak elkar josiz figurak osatzen ditu».

Gonbidapena

Arteztu, artelan garaikideak erakusten diren galeria eta elkargune izateaz gain, artea erosteko, sortzeko/ekoizteko eta zabaltzeko gunea da. Iker Antiarengandik jasotako gonbita izan zen erakusketa honen abiapuntua. «Jose Luis Zumeta ezagutu nuen, pare bat aldiz etorri zen galeriara, eta nik ezagutu eta laster joan zenez bere lanak hona ekartzeko arantza geratu zitzaidan. Usoarekin harremanetan jarri nintzen», esan du galeriaren jabeak.

Aitarenaz gain beste artisten lanaz osatzea proposatu zuen Usoa Zumetak. «Aitak ez zuen hainbeste obra utzi eta dosifikatzen saiatzen naiz», azaldu du. Gustura geratu da Antia.

Ezkerrean, Elena Asinsen serigrafia, eskuinean Jose Luis Zumetarena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Behin beste bidea hartuta, Usoa Zumetaren meritua nabarmendu du. «Guztiak, oso desberdinak izanda ere, berak gidatu ditu artista denak teknika honetan».

Serigrafien exekuzioa nabarmendu du galeristak. Ez du lanean ikusi, baina emaitza begien aurrean izatea nahikoa du bere jardunaz ohartzeko. «Zazpi urtez aritu nintzen fabrika batean serigrafia industrialean. Milimetrora egiten du lan Usoak, sekulakoa da. Esaterako, Elena Asinsek eskatzen zion zehaztasuna aipatu izan dit erakusketa prestatzerakoan; errepikatu eta errepikatu ondo atera arte», esan du.

«Serigrafiaz dugun ideia da oso lan planoak direla baina hemen oso artelan desberdinak dira. Teknikak ze aukera ematen dion ikusten da», nabarmendu du serigrafia egileak.

Berea zeregin teknikoa dela argitu nahi izaten du Usoa Zumetak. «Bere esanetara nago. Iritzia eskatzen badidate zer egin daitekeen esango diet, froga desberdinak egingo ditugu, baina azken hitza eurena da beti. Eta eskua beraiena da. Fotolitoak artistek egiten dituzte. Asinsen eta Sistiagarenak salbuespena dira, lehenak ordenagailuz egiten zuen lana eta bigarrenarena 1970 inguruko lana da». 

Taldelana da. «Lazkano, adibidez, bere ideia buruan zuela etorri zen, baina berak interpretatu zuen obra. ‘Svalbard III’ (2019) ikus daiteke erakusketan. GARA egunkariaren ArteaGARA kanpainarako –espolioari aurre egiteko– propio egindako ‘Svalbard I’ seriegrafiak ireki zien bidea biei. «Inoiz ez nuen pentsatu berarekin lana egin ahal izango nuenik. Pentsatzen nuen bere margoa eta serigrafiaren teknika ezin zirela uztartu. Deskubrimendua izan zen. Beladuren bidez lortu nuen. ‘Svalbard III’ lanean hamar geruza ditu, eta ‘Svalbard III’, berriz, hamalau», argitu du.

«Artista denek dute exigentzia maila handia prozesuan, exigentzia bera dutelako beraien lanarekin. Baina egia da obra batzuetan milimetro erdiko ajusteak ez du axolik, beste batzuetan bai», Usoa Zumetaren esanetan.

Ezustekoei irekita aritzen da. «Kontuan izan behar dituzu teknikak berarekin dituen mugak  eta ze etekin atera diezaiokezun, askotan ezustekoak daude; eta merezi du hori ere aprobetxatzea», esan du. 

Ofizioa, kinkan

Euskal Herrian urriak dira serigrafiara dedikatzen diren pertsonak. «Donostia inguruan Laureano Olaetxea –erretiratu berria– eta biok aritu izan gara. Gainbeheran dago. Batetik, material gabezia dago, gero eta zailagoa da eskuratzea, eta bestetik merkatuak berak ere ez du laguntzen. Ez dago mugimendurik. Beharko genuen galeristek gehiago inbertitzea honetan, edo enpresek... Ez du hainbesterako ematen, enkargu oso gutxi daude. Tailerra martxan dago, Koldobika Jauregirekin egin ditut azken piezak baina bidea gero eta itxiago ikusten dut. Pena ematen dit».

Kasu askotan Usoa Zumeta bera da artistarengana zuzenean jotzen duena. «Gustukoak ditudanak aukeratzen ditut. Eta berarekin egiten dut aukeraketa, teknikoki zein egokituko den hobeto serigrafiara».

Zorteko da. Euskal Herriko puntako artistekin eskuz esku aritzen da lanean. «Bakoitzarengana moldatu behar lan prozesuan. Ni nahiko kaotikoa naiz tailerrean. Artista nolakoa denaren arabera mahaia libre uzten diot bertan lan egin dezan. Batzuek lurrean ere hasiko lirateke lanean, besteek euren tokia behar dute», kontatu du irribarrez.

Apirilaren 13ra arte ditu ateak irekita erakusketak. 11.00etatik 13.30etara eta 16.30etik 20.00etara. Larunbat goizetan 11.00etatik 13.00etara eta larunbat arratsaldeetan eta igandeetan itxita.