INFO

Basoen «kudeaketa jasangarri eta aktiboa» defendatu dute EAEko instituzio eta hainbat elkartek

Sinatzaileek nabarmendu dutenez, euskal «baso ondarea ingurumen, gizarte eta ekonomia aberastasun iturri da», bai eta «klima aldaketaren aurkako borrokarako tresna garrantzitsua» ere. Basoen Nazioarteko Eguna izango da ostegunean, martxoaren 21ean.

Sinaduraren ondoren, pinu gorri bat landatu dute. (Basoa)

Lakuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Baskegur elkarte profesionalak, Basoa Fundazioak, Fraisoro Eskola Lanbide Heziketa Integratuko Nekazaritza Zentroak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako baso jabeen elkarteak biltzen dituen Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak basogintza sektorearen aldeko adierazpena sinatu dute astelehen honetan, EAE-ko «basogintzari balioa emateko eta baso kudeaketa jasangarria eta aktiboa sustatzeko».

Basoen Nazioarteko Eguna izango da ostegunean, martxoaren 21ean, eta zita aprobetxatuz sinatu dute adierazpen instituzionala Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolan. Era horretan, baso abandonuari aurre egiteko konpromisoa azaldu dute EAEko herri erakundeek eta basogintza sektoreko eragileek.

Sinatzaileek nabarmendu dutenez, euskal «baso ondarea ingurumen, gizarte eta ekonomia aberastasun iturri da», bai eta «klima aldaketaren aurkako borrokarako tresna garrantzitsua» ere.

Julian Unanue Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko presidenteak gogorarazi duenez, mende bat pasatxoan, zuhaitz azaleraren %25 baino ez izatetik, Europako baso ratio handiena izatera pasa da EAEn; hain zuzen, gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azalera osoaren %55 baino gehiago zuhaiztiak dira.

Unanueren arabera, eraldaketa hori ez da «bakarrik etorri», baizik eta «lehen sektoreari lotutako milaka baso jaberen eskutik»; horien jarduera «baserriaren euskarri garrantzitsua» izan dela ziurtatu du.

EAEk baso kudeaketa jasangarriaren alde egindako apustua azpimarratu du Unanuek, eta nabarmendu du baso azalerako %27 PEFC jasangarritasun zigiluaren baitan aitortua dagoela, «espainiar Estatuan %14 den bitartean».

Sinaduraren ondoren, pinu gorri (Pinus Sylvestris) bat landatu da Fraisoro Eskolako ikasleak hainbat baso espezie sartzen ari diren lursail batean.