Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko bi ekintza berri eta epaiketa bat Ipar Euskal Herrian
Herribiltzak euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko bi ekintza berri egin ditu Donibane Lohizuneko eta Baionako ospitaleetan. Gainera salatu du hilaren 26an Gorka Roca Torre epaituko dutela Baionan antzeko ekimenetan parte hartzeagatik.
Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko bi ekimen berri egin dituzte Ipar Euskal Herrian. 2024ko urtarrilaren 31n eta martxoaren 12an, kanpoko hormetan egindako tindaketen bidez, Donibane Lohizuneko eta Baionako ospitaleetako seinaletiketan lehentasuna euskarari eman zioten Herribiltzako kideek.
Ohar batean azaldu dutenez, «Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, adibidez ospitale hauetan. Ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat non herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du».
Nabarmendu dutenez, «euskara, gainerateko hizkuntza guziekin, munduko ondare kulturala da, baina Frantziar eta espainiar estatuen agintariek, euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira».
«Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako, Euskal Herriko eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu», gaineratu dute, eta ekintzak duela bi urte abiatutako ‘Euskal Herrian lehentasunez euskaraz!’ kanpainaren baitakoak direla azaldu dute.
Epaiketa Baionan
Bestetik, antzeko bi ekintzetan esku hartzeagatik, hilaren 26an, asteartean, 13.45ean, Baionako epaitegian Gorka Roca Torre epaituko dutela gogoratu du Herribiltzak.
«Euskaltzale guztiak martxoaren 26an, 13.30ean, Baionako epaitegi aitzinean euskararen alde elkarretaratzera gomitatzen ditugu», adierazi du.
Euskal Konfederazioak bat egin du deialdiarekin, eta elkartasuna adierazi dio Torresi.
«Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere, ulergarri da euskaltzale militante edo talde batzuk horrelako ekintzak bururatzera eramanak izatea, espazio publikoan euskara bigarren mailan kokatua dela edo baztertua dela ikustean», adierazi zuen pasa den astean argitaratutako agirian.
Eta «espazio publikoko hizkuntza paisaian euskararen presentziak arrunt mugaturik segitzen» duela aitortu zuen, «egunerokoan ikusgarritasun horrek garrantzi berezia duelarik euskara hizkuntza bizia dela erakusteko eta jendea euskara ikastera edota erabiltzera bultzatzeko elementuetariko bat izan daitekeelarik».
«Horretaz gain, horrelako euskarrietan euskararen presentzia segurtatzeak euskal hiztun gisa argibideak euskaraz jasotzeko dugun hizkuntza eskubidea bermatzea laguntzen du. Horrela, Euskal Konfederazioak salatu nahi du euskararen defendatzaileen kriminalizazioa, hauen helburua, ekintza mota desberdinen bidez, euskara biziaraztea eta euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetaraztea besterik ez delarik»