INFO

Talaia Feministak proposamenak eginez borobildu du 2023ko dossierra

Trantsizio feministarako bidean 2023ko gertakariei errepatu die Talaia Feministak. Astearte honetan aurkeztu dute behin betiko dosierra eta gomendioak egin dizkiete instituzioei, herritarrei, eragile sozialei eta gizonei.

Talaia Feministaren behin betiko txostena aurkeztu dute Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko trantsizio feminista irudikatzeko asmoz sortu zuten Talaia Feminista hainbat emakume feminista subiranista eta independentistak. Urtebete baino gehiago azterketa lanean igaro ostean, astearte arratsalde honetan ondorioetatik abiatuta atera dituzten gomendioak jakinarazi dituzte 2023. urteko behin betiko dosierra aurkeztearekin batera.

Otsailaren 17an egin zuten Talaia Feminista Unea, Errenterian; bertan dosierra aurkeztu eta beste 150 emakumerekin batera eztabaidan aritu ziren, hausnarketa partekatu eta ondorioak findu nahian. Astearte arratsalde honetan aurkeztu dute egun horrek emandakoa. Jule Goikoetxea, Amaia Perez Orozco, Lorea Agirre, Maider Barañano, Idoia Zengotiabengoa, Mirene Begiristain eta Aiora Epelde talde sustatzaileko kideek eman dituzte azalpenak. Gogoeta eta gomendiaok bertaratu ez diren erakunde eta eragile politiko, sozial eta ekonomikoei igorri dizkietela adierazi dute, «2023ak emakumeengan izandako inpaktua azter dezaten».

Ondorio nagusiak gogoratzeaz gain, gomendioetan jarri dute arreta. Izan ere, 2023ko egoeraren irakurketatik abiatuta gizarteari, instituzioei, eragileei eta gizonei zenbait gomendio kolektibo luzatu dizkiete, trantsizio feministan aurrera egite aldera. «Talaia Feministak eragitea ere badu helburu, eta asmo horrekin ondu ditu talde sustatzaileak gomendioak».

2023 urtearen onodorioetan atzerapausoak eta aurrerapausoak identifikatu zituztela kontatu dute, nahiz eta jakin sakoneko joerak ezin direla «modu linealean edo deterministan» aztertu, sinplifikatze aldera osatu dituztela bi multzoak. Atzerapausoen artean bizi baldintzen gogortzea, lurraren pribatizazioa eta esplotazioa eta eliteen erreakzioa aipatu dituzte. Aurrerapausoetan, aldiz, feminismoaren hegemonia, emakumeen antolaketa soziopolitiko eta askotariko artikulazioak eta lurraldeetan errotuta dauden alternatiben eraikuntza.

«Eskubide urraketa kolektiboak pairatzen ditugu, eta horiek erantzuleak dituzte»

Gomendioak jendarteari

Gizarteari begiratuz, hiru gomendio mota zerrendatu dituzte: balioetsi beharrekoak, kontzientzia hartu beharrekoak eta konpromisoak. «Antolaketa eta erantzun feministarako gaitasuna erakutsi dugu», baieztatu dute, eta greba feminista orokorra zein eztabaida ekofeministak mahai gainean jartzea txalotu dute. Sindikalismo feminista, euskararen aurkako oldarraldiaren erantzun antolatua eta indarkeria matxistaren aurrean sortutako «ahizpatasun sareak» ere aipatu dituzte balioan jartzeko elementu gisa.

Hala ere, Euskal Herria ez dela «oasi» bat ohartarazi dute: «Eskubide urraketa kolektiboak pairatzen ditugu, eta horiek erantzuleak dituzte». Egiteke asko dagoela azpimarratu dute, besteak beste, lanaren eta aberastasunaren banaketan, indarkeriaren aurrean, homogeneizazio kulturalari dagokionean edota aztarna ekologikoari begira. Norbanakoak hartu ditzakeen konpromisoak azaltzeko ere baliatu dute unea. «Gure eguneroko bizitzan mundua erreproduzitzeko edo aldatzeko aukera dugu».

Astearte arratsaldeko aurkezpenean insituzioengan ere jarri dute arreta Talaiako kideek. Eskubide kolektiboen urraketa salatu zuten, eta egoera horrek kausak eta erantzuleak dituela azaldu: «Aberastasun kolektiboa pribatizatzen duen, kulturak homogeneizatzen dituen eta indarkeria erabiltzen duen sistema sostengaezina sostengatzen dute zenbait instituziok». Aldi berean, instituzioen «zuriketa morea eta berdea» salatu dute.

«Gure eguneroko bizitzan mundua erreproduzitzeko edo aldatzeko aukera dugu»


Ardura hartzeko deia egin dute. Eskubideen bermatze kolektiboa eragile sozialei entzunez egiteko eskatu diete instituzioei eta «berehalako» zenbait ekintza proposatu: erosahalmena berreskuratzeko eta soldata arrakala desagerrarazteko, zerbitzu unibertsalak eta euskaldunak, zaintza sistema publiko-komunitarioa, pribatizazioa geldiaraztea… Justizia feminista ere ahotan izan dute. Batetik, indarkeria matxisten aurrean protokolo eta politika integralak justizia feministaren ikuspegitik egiteko eskatuz; eta bestetik, justizia sozialen oinarritutako deshazkundea eginez.

Eraldaketarako konplizeak

Eraldaketarako giltzarri izan ohi dira eragile sozialak, eta beraien inguruan ere ibili dira hausnarrean Talaia Feministan. «Begirada berriak» eskatzen ditu egun bizitako «egoera larri eta konplexuak» Talaiako kideen ustez, eta horregatik uste dute eragile sozialei ere badagokiela egoera zein den argi adieraztea: «Larrialdia eta eskubide kolektiboen urraketa».

Kontuan hartzen ez diren dimentsioei garrantzia eman behar zaie beraien ustez; «bizirik iraungo badu, sistemak premiazkoa du dimentsio batzuk ahaztea, landa eremuaren eta hirien arteko desberdintasuna, biziraupen estrategia feminizatuak…». Eskuin muturra bertan dela ulertu eta zabaldu beharra dagoela kontatu dute, eta horretarako «erantzun integralak» prestatu eta aliatzak sortu behar direla.

Gizonei dei egin diete beren buruak berrikus ditzaten eta erantzukizunak har ditzaten


«Euskal Herri burujabea eraikitzeko trantsizio prozesua feminismoz betetzea» dute helburu eta horretarako, eragile sozialetatik «apustu hirukoitza» egin beharra azpimarratu dute: desmerkantilizazioa, desfamiliarizazioa eta eredu publiko-komunitarioa.

Azkenik, «dei berezia» egin nahi izan diete gizonei «beren berrikuspenean erantzukizunak har ditzaten». Berrikuspenerako hiru ardatz nagusi proposatu dituzte: indakeriaren eguneroko berreraikuntzan jokatzen duten papera, zaintzen arloan ardurarik ez hartzea eta orain arte prozesu feministetan jokatu duten paper ahula, «greba feminista orokorrarekin ikusi den bezala».