INFO

‘Munduketariak’, eskolen egunerokoaren isla izan nahi duen liburua

Patxi Zubizarreta idazleak eta Jokin Mitxelena amrrazkilariak elkarlanean osatu dute ‘Munduketariak’ liburua. Ordiziako Urdaneta eskolan oinarrituta idatzi dituzte hamaika jatorri ezberdinetako ikasleak biltzen dituen ikasgelan gertatutakoak.

Jokin Mitxelenak eta Patxi Zubizarretak ondu dute ‘Munduketariak’ liburua.’ (Gorka Rubio | FOKU)

Ordiziako Urdaneta eskola publikoak 50 urte betetzen ditu aurten, eta horren harira enkargu bat egin zioten Patxi Zubizarreta herrikideari: liburu batekin ospatzea. ‘Munduketariak’ sortu zen ideia horretatik, ikasgela batean gertatutako istorioa. «Gelazkinaren bidez munduko leku ezberdinak ezagutuko dituzte ikasleek», adierazi dute asteazken honetako aurkezpenean. Jokin Mitxelenaren irudiekin osatu dute liburua.

Liburuaren egileez gain Aitziber Arrugaetak, Ordiziako Urdaneta Eskola Publikoko guraso eta irakasleak ere hartu du hitza aurkezpenean, pozik agertu da liburuarekin: «Ipuina gure eskolaren isla da, anitza, irekia, euskalduntzen duena, guztiek kabida dutena, publikoa. Baina Euskal Herriko beste eskola publiko askoren isla ere bada». Hala ere, egiteke oraindik asko dagoela nabarmendu du.

Zubizarretaren ustez, «espiritu konprometitua» du liburuak, Ordiziako eskolan bertan egon zen eta, 20 hizkuntzak baino gehiagok elkarbizitzen dutela ikusi zuenez, horren inguruan abiatu zuen istorioa. Jatorri ezberdinekotako familiak biltzen ditu liburuak, eta «mundu osoa» entzuten da. Munduan zehar egiten dituzte bidaiak hizkuntza horiek ezagutzeko, baina protagonista den Harmonyren herrira, Nigeriara, joatekoak zirela, Harmony ez da inon ageri, eta horren inguruan ere mintzatzen dira pertsonaiak.

«Haurrak zetazko papera bezalakoak dira, gainetik pasatzen den guztiak marka uzten du», adierazi du Zubizarretak. Eta horregatik, haur literaturaren garrantzia azpimarratu du. «Liburu honek ez handi bat esaten dio mudu honi, baina ezetz bizipozez; ez esatea eta baietza bilatzea posible delako», zehaztu du idazleak. Izan ere, ikasgeletan ere sumatzen diren injustizien aurrean ezetz esan beharrean aurkitzen dela kontatu du.

Marrazkien gaitasuna

Haur eta nerabeentzako literaturan garrantzitsuak izaten dira irudiak, kasu honetan 10-13 urte bitarteko haurrei zuzendutako liburua da. Mitxelenak azaldu du, bera izan dela «prozesu guztiko azkena» eta ez dela lan zaila izan berea.

Hala ere, bazuen konplexua bilakatzen duen kontu bat, jatorri ezberdin askoko haurrak marraztearena, ahalik eta zintzoen. «Klitxeak batzuetan oso praktikoak dira, lana mozten dizu, ez duzu esplikazio handirik eman beharrik, baina abusatu gabe egin behar da: Afrikako neska beltza da, Ukraniakoa ere ilehoria egin dut, guztiak ez dira horrelakoak izango noski». Azaldu du «klitxeei omenaldi txiki bat» egin diela, «abusatu gabe».

Nola kokatu pentsatzen ari zela Ganako bere lagun batengana jo zuen, eta berak eman zion gomendiorik onena: klitxeak erabiltzea, baina puntu batera arte, eta berak lagundu zion muga hori jartzen. Ohituretan ere arreta jartzeko gomendatu zion, eta horrela marraztu ditu afrikarren arropa koloretsuak esaterako.

Urdanetak azaldu du ipuinarekin batera, bertan azaltzen diren gaiak lantzeko eta mundua aldatzen saiatzeko LHko 3.ziklorako Unitate Didaktiko bat ere jada prest dutela. Ordizian egingo da aurtengo eskola publikoen festa, eta liburuarekin ospakizun hori «borobildu» izana txalotu dute.