INFO

UEMAko 17. udalerri nafarra izango da Lakuntza

Nafarroako 17. UEMAko udalerria izatea erabakiko du Lakuntzak ostegun arratsalde honetako osoko bilkuran. Euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dute, eta horrek ahalbidetuko die UEMAn sartzea, %34,3koa da egun kaleko euskararen erabilera gaur egun.

Lakuntza UEMAko udalerrien zerrendara batuko da. (Juanan Ruiz | FOKU)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide den Nafarroako 17.herria izango da Lakuntza ostegun arratsaldetik aurrera. Euskararen ezagutzak gora egin ostean, azken datu soziolinguistikoen arabera udalerri euskaldunen multzoan da orain Sakana bailarako herria.

19.00etan hasiko da udal osoko bilkura, UEMAk aurreratu duenez EH Bilduren zazpi zinegotzien aldeko botoak izango ditu UEMAko kide izateko eskerak eta aho batez hartuko dute erabakia. Euskararen ezagutzak eta kaleko erabilerak apur bat gora egin duten arren, kaleko erabilerarekin oso kezkatuta dago Udala.

Oihane Uribeetxebarria alkateak bere kezka adierazi du: «Erabilera bultzatzea da hurrengo urteetarako erronka. Izan ere, Lakuntzan erdara da nagusi kalean. Erabilera bultzatzeko, elkarlana eta auzolana ezinbesteko lanabesak izango dira. UEMAren esperientzia eta udalerri euskaldunetarako duen hizkuntza politika Lakuntzarako ere bidelagun izan daitezkeela sinesten dugu».

Azken datu soziolinguistikoen arabera euskaldunen eta ia euskaldunen ehunekoak gora egin du, eta horrek ahalbidetu die udalerri euskaldunen multzora iristea. Kaleko erabilerak ere gora egin du, %34,3an dago egun, 2016an %27,7koa zen, eta 2011an, aldiz %33,7koa.  Goranzko joeran dagoen arren datu horiek «iraultzea» da Lakuntzako Udalak gaur hartuko duen erabakiaren helburuetako bat.