INFO

Lekukoa bera lekuko, Artefaktua eta Korrika sareetan lotu dira

Aurtengo Korrikak 2.792 kilometro eta 236 ordu eta erdi ditu, milaka istorio biltzeko tartea. Ba egin kontuak 23 edizioak batuta. Artefaktuak eta Korrikak bat egin dute sareetan, politikari, kazetari eta hainbat norbanakoren pasadizoak bildu eta memoria kolektibo honetan orrialde berri bat idatziz.

2019an Añorga Txikin hartu zuten lekukoa GARAk eta NAIZek. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

23. Korrika azken txanpan sartu da eta egun eta gau luze hauetan hamaika irudi eta pasadizo utzi ditu. Testuinguru horretan NAIZen Artefaktuak eta AEK-k kanpaina berezi bat abiatu zuten, bizipen, esperientzia eta anekdoten bilduma osatzeko. Eta sareak izan dira horren lekuko.

«Lekukoa eramateak dakarren ohore eta ardura datorkit burura, izan kazetari, alkate edo diputatu gisa. Orduko kemenarekin jarraitzen dugu euskararen alde lanean», idatzi zuen EH Bilduko diputatu eta GARAko zuzendari-ohi Mertxe Aizpuruak. 

Izan ere, 23 edizio asko dira, milaka istorio biltzeko modukoak. Eta memoria kolektiboa elikatzeko ekimena izan da honako hau. Azaltzen zailak diren emozioen txokoa. «Korrika bizi behar da. Ehunka une zirraragarriak dira», idatzi zuen Eba Blancok, apirilaren 21eko hauteskundeetan EH Bilduren Arabako zerrendetan bigarren postuan izango denak. Edo EITBko kazetari Ana Goitiak semearekin batera bizitakoa.

Politikariak, kazetariak, norbanakoak. Parte-hartzaile ugari izan ditu kanpaina honek. Lekuko txikiak eta lekuko izugarriak, Ainhize Solaun Mendigurenen kasuan bezala.

#Artefaktua eta #Korrika traolak erabiliz, beste istorio ugari topa daitezke sareetan. Andoni Seijo Korrikaren ibilbideko arduradun izandakoak hainbat pasadizo ekarri zituen gogora, baina markatuta gelditu zaionetako bat 15. Korrikan, Bastidan furgoneta igaro ezinda bizi zutenekoa da.

Ver esta publicación en Instagram

Una publicación compartida de NAIZ (@naiz.eus)

Korrikaren inguruko edukiak, NAIZen

NAIZek ere ahalegin berezia egin du asteotan. Besteak beste, Korrika posible egin zuten horien ahotsak jaso ditu, ezagun zaizkigun pertsonen esperientziak, eta GARAren artxiboa arakatu du, atzoko altxorrak gaur gozatzeko, lehendakari batek, Juan Jose Ibarretxek, lekukoa eraman zuenean bezalako istorioak gogora ekarriz.

«Nori eta nola bururatu zitzaion Korrika?» galderari erantzun dio Iraitz Mateok, 2017an Info7 Irratian ekimenaren sortzaile izan zen Urtsa Erraztiri egindako elkarrizketa berreskuratuz. Edo ekimenaren buru eta ikur den lekukoaren jatorria berreskuratuz.

Korrika euskarak eta euskararen herriak duten ekimen bereizgarrienetakoa da. Baina ez da bere mugetara mugatzen. 11. edizioan abitu zen Korrika Munduan ekimena eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta Korrika bera oinarri hartuta, munduan zehar dauden hizkuntza gutxituek antzeko ekimenak jarri dituzte martxan. Hauek ere bildu ditugu egun hauetan.

Hau eta beste hainbat istorio aurki daitezke NAIZek duen Korrikaren atal berezian, atzoko eta gaurko pasarteak, hurrengo belaunaldientzat lekuko.