INFO

Pasaiako krimenaren gainean argia eskatu dute, 40. urteurrenean

40 urte bete ziren ostiralean Pasaiako badian Rafael Delas ‘Txapas’, Jose Maria Izura ‘Pelu’, Dionisio Aizpuru ‘Kurro’ eta Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’ poliziak hil zituenetik, oraindik ofizialki argitu ez den Estatu krimen batean. Hori bera aldarrikatu dute ekitaldian: aitortzeko garaia dela.

Lau hildakoek argazkiak eta senideak atzean, Azpeitiako ekitaldian, Drogasekin batera. (Idoia Zabaleta | Foku)

113 bala-zulo. Hori izan zen Komando Autonomo Antikapitalisten Rafael Delas ‘Txapas’, Jose Maria Izura ‘Pelu’, Dionisio Aizpuru ‘Kurro’ eta Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’ hil zituena, Polizi espainolaren eskutik, 1984ko martxoaren 22an, duela 40 urte, Pasaiako badian. Urteurren esanguratsu honetan gertatutakoa argitzea eskatzeko jendez lepo egon da Azpeitiko Azoka Plaza larunbat iluntze honetan, urteroko omenaldian. Lau militanteak ere han ziren, bertan bildutakoen eta herriaren oroimenean, bederen.

Kaletik zetorren larunbateko ohiko jai giroa sartzen zen aretoan, gertakariak kontatzen dituen bideoarekin abiatu da ekitaldia, Rosa Jimenoren eta Joseba Merinoren testigantzak barne. Jimeno sarraskia gertatu baino lehen atxilotua eta torturatua izan zen eta Merino segadatik bizirik atera zen bakarra bilakatu zen.

Senideek hartu dute hitza, Azpeitikoak ziren Dionisio Aizpuru eta Pedro Mar Isarten
senideak. Arantxa Isartek Pasaian gertatutakoa «demokrazia garaian eman den Estatu
krimenik latzena» dela aipatu du. Lau hamarkada igaro diren arren, krimena ofizialki argitu ez dela salatu du Isartek. Urte hauetan zentzu horretan emandako pausoen garrantzia nabarmendu badu ere, kasua ofizialki argitzeko oraindik ez dutela balio deitoratu du.

«Non daude hemengo instituzioak, giza eskubideen urraketak babesten eta argitzen lagundu behar zigutenak? Beraien laguntzaren zain jarraitzen dugu», galdegin du irmoki ‘Pelitxo’ren senideak. «Oraindik aitortza ofizialik ez dugu jaso, noiz arte itxaron behar dugu?», gaineratu du.

Aizpuruk Lakuari: «Inork ez digu lagundu behar? Bakarrik jarraitu behar dugu? Noiz arte?»

 

Hori bera adierazi du Pello Aizpuruk, Dionisioren familiakoak. «Inork ez digu lagundu 
behar? Bakarrik jarraitu behar dugu? Noiz arte? Gu hil arte?», esan du Azoka Plaza bete
dutenen aurrean.

Epaitegietako egia inpunitatearena dela ohartarazi du Aizpuruk. Gertatutakoa estali ostean,
«gure senideek armak ez zituztela erabili eta hilketa zantzuak daudela aitortu dute epaileek», esan du. «Tirorik ez bazuten bota, zer egin zuten gure senideekin? Nola definitu behar da hori? Nork eman behar dio aitortza ofiziala?», salatu du. Lakuako Gobernuaren ardura eta handik jasotako tratua «mingarria» izan dela aipatu du.

Biktimen senitartekoez gain, Egiari Zor fundazioko Pilar Garaialde igo da Azoka Plazako
oholtzara. Nabarmendu duenaren arabera, Justizia espainolak Pasaiakoa bezalako kasuak
argitzeko inoiz ez du ezer egin. Gainera, inpunitatea Sekretu Ofizialen Legearen eskutik
etorri dela salatu du eta hau indargabetzeko beharra azpimarratu du. «Hitz egin dezagun memoriaz, baina memoria osoaz, gertakari ilunak ezkutatu gabe», aldarrikatu du Garaialdek.



‘Bahía de Pasaia’, «arnasgune»

Pello Aizpuruk Barricada taldearen ‘Bahía de Pasaia’ abestia ekarri du gogora, gertatutakoa
ezagutarazteko eta ahaztu ez dadin balio izan duelako, bere ustez. «Batzuek oso ondo
definitu zenuten gau hartako errealitatea: «Pasaiako badia, segada kriminala», esan du,
kantaren letrak hala dioelako. Senideen ondoan egon direnak bezala, abestia «arnasgune»
izan da, Aizpururen hitzetan.

Hori irudikatzeko eta ekitaldia amaitzeko, Enrique Villareal ‘El Drogas’ abestu du ‘Bahia de Pasaia’, eta ‘No hay tregua’ eta ‘Frío’ etorri dira ondoren. «Madarikatuak segaden urte haiek» erantsi dio Pasaiakoari buruzko kantuari txantrearrak.