INFO

«Ikasleen osasuna arriskuan dago», salatu dute Manteoko gurasoek BCCeko lanak direla eta

Zubiri-Manteo institutuko guraso elkarteak BCCeko eraikin berria sortzen ari den kalteak salatu ditu. Besteak beste, obrek sortutako zaratak muga gainditzen duela, sarrera eta irteerako kamioien joan etorriak sortutako arriskuak eta lurzoru kutsagarriak dira kezgarrienak beraien ustez.

BCCeko eraikin berriaren eraikuntza lanak Zubiri-Manteo institutuari eragiten diote. (Jon Urbe | FOKU)

Grosen eraikintzen ari diren Basque Culinary Centerreko eragina kezka eta kexu iturri izan da proiektua azaldu eta eraikuntza lanak hasi zirenetik bizilagunentzat. Zubiri-Manteo institutuko guraso elkartea izan da beraien kezkak plazaratu dituena oraingoan: «Zarata eta iskanbilak, eskolarako sarbide seguruen eza eta izaera kutsakorrak eta osasunaren aurkakoak diren materialen existentzia» dira beraien ustez eraikuntza lanen ondorio nagusiak; adingabeko ikasleak eta langileak arriskuan jarriz.

«Gure seme-alabek bi hilabete daramate arriskuan: zaratak gutxituko zituen neurrian falta eta Rodil kaletik eskolarako bidean dauden egoera arriskutsuak ekidin ditzakeen neurrien falta», salatu du guraso elkarteak. Eta gehitu dute kutsakorrak izan daitezkeen lurrak egon arren, udalbatzarrak osasunean izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko ez duela analisi geologikorik burutu.

Egoera publikoki salatzeko beharra sumatu dute aurrez bidaitako kezkei erantzunik eman ez zietelako: «Orain arte gure kezka idatziz helarazi diegu gure seme-alaben segurtasun bermatzeko eskumena duten administrazio guztiei, baina ikusten dugu ez gaituztela aintzat hartzen eta ez digutela inolako erantzunik ematen. Obrak hilabete baino gehiago darama martxan eta gai hauen harira ez diote ezer adierazi ez ikastetxeari eta ezta familiei ere. Gure seme-alaben segurtasun eta osasuna dago jokoan», salatu dute.

Muga gainditzen duten zaratak

Zaratari dagokionez, familiak izan dira Udaltzaingoari zarata neurketak egiteko eskatu diotenak, eta jakinarazi dute neurketa horien emaitzak egiaztatzen duela zarata-mailak baimendutako legezko mugak gainditzen dituela. Emaitza horien aurrean udalak neurri zuzentzailerik hartu ez izana salatu dute. «Ikasleei eta ikastetxeari kaltea eragiteaz gain, zarata eta kutsadura akustikoari buruzko araudia ez betetzearen aurrean, legez kanpoko ekintzak baimenduak izaten ari dira». Bestalde, esan dute «harrigarria» dela obrak nahitaezko azterketa horiek gabe hasi izana, eta ondorenera, txostenak egin arren, obra geldiarazi ez izana, eta eraikuntza-enpresari neurri zigortzailerik ez aplikatzea.

Sarbideetako segurtasun falta da familien beste kexetako bat; izan ere, ikastetxeko sarrera-irteeratan segurtasuna bermatzeko neurririk ez dagoela ikusirik hainbat erakundereengana jo dutela azaldu dute, hala nola udaleko hirigintza sailarengana, hezkuntza ordezkaritzara, Arartekoarengana, eta baita Adingabeen Defendatzaileengana ere, baina ez dutela erantzunik jaso ohartarazi dute.

«Adingabeak Rodiletik joaten dira zentrora. Espaloi bat du, segurtasun-neurriak betetzen ez dituena, eta, orain, gainera, bide estu horretan kamioiak sartu eta ateratzen dira, ikastetxeko sarrera-irteeren ordutegiarekin bat eginez Udaltzaingoak inolako gainbegiratzerik edo kontrolik egiten ez duelarik. Salaketa horren aurrean, joan den astean udal gobernuak uko egin zion horri buruzko neurriak hartzeari», adierazi dute oharrean.

Material toxikoak

Hirugarren kezka nagusi gisa, kutsatutako lurzoruen balizko existentziari buruzko informazioa helarazi dute, «seme-alaben osasunean izan ditzaketen ondorioengatik asko kezkatzen gaituen informazioa da». Adierazi dute proiektuaren azterlan geoteknikoak eta 2007ko epai batek egiaztatzen dutenez, lur horiek Groseko beste eremu batzuetatik datozen materialak dituztela, eta IHOBEk kutsagarriak izan daitezkeen lurzoru gisa katalogatu dituela. «Udal gobernuak ez ikusiarena egitea erabaki du, horrek dakarren arriskuarekin. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu azterketa sustatzeko gaitasuna izanik, har dezala ekimena eta berma dezala gure adingabeen segurtasuna, haiek baitute horretarako eskumena», ohartarazi dute.