Jardunaldi bikoitza Emakumeen Ligan, zortzi onenetan sartzeko helburua bete nahian
Etxetik kanpo jokatuko dute hiru euskal taldeek. Ferrolen Top 8an sartzeko aurkari zuzena izango du IDK Euskotrenek; Kutxabank Araski Basket Zaragoza Kopako txapeldunordea ezustean harrapatzen saiatuko da eta, bestetik, Lointek Gernika Bizkaiak Barça CBSren momentu txarra bere alde baliatu nahi du.
Emakumeen Endesa Ligak etena izan zuen pasa den astean Huelvan Kopa jokatzen zelako. Hargatik, asteon jardunaldi bikoitza izango dute taldeek. Fase Erregularra azken bost jardunaldietan sartzera doa eta euskal taldeei dagokienez, gehiena erabakitzeke dago. Kutxabank Araskik, esaterako, maila mantentzeko erronka gainditutzat jo lezake, baina oraindik zortzi onenen artean sartzeko aukeratxoren bat izan lezake, nahiz eta horretarako oso fin ibili beharko den. Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren, berriz, Top 8 horretan sartzeko borrokan murgilduta daude, biak ala biak 13na garaipenekin, Araskik baino bi gehiago. Apirilaren 5ean Josean Gascan donostiarrek eta bizkaitarrek jokatu behar duten euskal derbia baino lehen, sailkapenean kokatzeko baliagarri izango zaie aste honetako jardunaldi bikoitza.
Hiru euskal taldeek etxetik kanpo jokatuko dute Ostegun Santu egun honetan. IDK Euskotren izango da kantxaratzen aurrenekoa, 18.00etatik aurrera Ferrolen kantxan jokatu beharko baitu. Talde galiziarra, Azu Muguruzaren taldea bezala, Kopako final-laurdenetan joan zen kalera. Ondorioz, Huelvako neke eta esfortzuak atzean lagata daude honezkero.
«Taldea indartsu dago eta jokalariak ederki ari dira lanean pistan. Zortzi onenetan sartzeko jarrera hori mantendu beharko dugu, baina ez dut zalantzarik egiten. Helburu zaila izanagatik, egingarria dela deritzot, urte guztia Top 8aren barruan daramagulako», argitu du Azu Muguruzak partida bezperan.
Ferrolek gipuzkoarrek baino garaipen bat gutxiago dute eta, hala, hamargarren postura erori dira uneotan. Alabaina, aintzat hartu behar da joaneko partidan Josean Gasca pabiloian 58-66 nagusitu zela. Bada, deskuiduan galiziarrek irabaziz gero, sailkapenean IDK Euskotren harrapatzeaz gain, aurretik jarriko liratekeela puntu aldea galiziarren aldekoa izango litzatekeelako.
Azu Muguruza entrenatzaileak aditzera eman duenez, Yurena Diaz kapitaina ere hasi da taldekideekin batera entrenatzen, denboraldiari ekin eta berehala belauneko lesio larria jasan eta gero. Albiste ona zinez, baina nekez izango du minuturik Las Palmasen jaiotako antolatzaileak denboraldia hain aurreratuta egonda. Ondorioz, Lara Gonzalez eta Alba Prietok jarraituko dute antolatzaile lanetan, Iris Mbulitoren laguntzarekin. Zentzu horretan, Kopan Alba Prieto onena faltan bota zuen talde donostiarrak. Urduritasunak eta Valentzia Basketen defentsak gain hartu zioten antolatzaile andaluziarrari eta aurrera egiteko aukerak neurri baten handik joan ziren gipuzkoarrentzat.
Gailurra eta hondoa
Kutxabank Araskik 20.00etan jokatuko du Basket Zaragozaren kantxan. Esan bezala, 11 garaipen ditu talde arabarrak eta bost jardunaldiren faltan azken aukera bat izan lezake Top 8ra igotzeko. Alabaina, ezin da txakur-ametsetan aritu Made Urietaren taldea, hurrengo bi norgehiagoketan zein baino zein arerio zailagoa edukiko baitu aurrez aurre. Ostegun Santu honetan, Basket Zaragoza, Kopako txapeldunordea eta igandean, berriz, Perfumerias Avenida.
Bi partida horietatik bakarra aterako balu gutxienez! Orduan bai, orduan akaso aukeraren batekin jokatuko lituzke talde gasteiztarrak denboraldiko azken hiru norgehiagokak, baina gauzak ondo, asteburu honen ondotik ez gora ez behera, helburu zehatzik gabe geratuko dela dirudi.
«Momentu onean gaude, azken bi partidak irabazi eta gero. Une polit hau luzatzea nahiko genuke, zaila bada ere. Zaragozak maila handiko taldea dauka, oso errotazio luzea gainera. Lugon egin genuen bezala, gure defentsarik onena errepikatu beharko dugu», iritzi dio Alex Suso Made Urietaren entrenatzaile laguntzaileak neurketa bezperan. Izan ere, ez da ahaztu behar Ligan txapelketan hirugarrena dela Basket Zaragoza, 19-6 balantzearekin eta Kopan bezala Euroligan ere sekulako maila eman duela.
Ezin gauza bera esan Barça CBS Lointek Gernika Bizkaiaren arerioari buruz. Bartzelonako taldea gainbeheran doa eta azken egunetan diru arazoak ere badituela zabaldu da. 9-16 balantzearekin, talde katalana oraindik jaisiera postuetatik kanpo dago, baina nahi baino hurbilago, era berean, Kanaria Handia eta Celta garaipen bakarrera dituelako.
Lucas Fernandezen taldeak 21.00etan ekingo dio Barça CBSren kontrako demari. Aurkariak azken hiru partidak galdu ditu eta itxura txarra hartzen ari da, baina Gernika bera ere ez dabil horren santu. Kopa jokatu aurretik Murtziako Jairisen aurka galdu zuen Malosten eta Top 8tik erori zen, Jairis bera, IDK Euskotren eta Lugoko Ensinorekin berdinduta, denak 13 garaipenekin. Kopan Perfumerias Avenidaren kontra neurketa duina jokatu eta gero galdu zuen final-laurdenetan, baina ostegun honetan ezin du aukera pasatzen utzi. Gernikarrek azken urteetan kanporaketak jokatu ahal izan dituzte gero horrela Europan jokatu ahal izateko, baina gauzak asko zailduko litzaizkieke play-offetatik at geratuko balira. Ez da ahaztu behar, era berean, aurreneko itzulian Barça CBSk Malosten irabazi egin zuela, 68-71, Lola Pendande pibotaren indarra ezin geldituz.