INFO

Lodifobia, pandemiaren neurria duen jendarte oso baten begirada

Begirada lodifoboa duen gizarte batean bizi gara, loditasuna txarra den guztiarekin lotzen da. Uste okerrek, aurreiritziek... diskriminazioa areagotzen duen pentsaera eraiki dute, pertsonei beren fisikoen errua egotziz, eta komunikabideek erantzukizuna dute, Bilbon topaketa batek bistaratu duenez.

Begirada lodifoboa duen gizarte batean bizi gara. (GETTY)

Obesitatearen aurkako borrokak egun bat du, lodifobiaren aurkakoak ez, pertsona lodien aurkako diskurtsoak pandemia baten dimentsioak hartu dituen arren, arlo guztietan eta etengabe. «Gizarte lodifoboan bizi gara» baieztapena utzi zuen Bilbon egindako topaketa batek, ukatu zuen iritzirik gabe. Mezuek, irudiek, iritzi argitaratuek berresten dute hori egunero edozein testuingurutan.

Pasa den martxoaren 4an, obesitatearen kontrako munduko egunarekin bat eginez, lodifobiaren inguruko hausnarketa kolektibo batean agertu zen aurreko baieztapena, ertz eta lanbide ezberdinetatik begiratuta gaiari heldu zioten ahots ezberdinak bildu zituen topaketa batean. Bizkaiko Medikuen Elkargoaren egoitzan izan zen, eta hedabideen mundura begira abiatu zen. Erabiltzen diren hitzek, irudiek, aurreiritziek... pentsatzeko era kolektiboa eraikitzen dute.

Kazetaritza ikaslez beteriko areto baten aurrean, hedabideek gaiaz egiten duten trataeraz, medikuen komunitatearen ikuskeraz eta lodifobiaren aurkako aktibismoaz hemengo eta kanpoko ahotsek arazoaren argazki orokor bat eman zuten. Argaltasunaren gorespena egiten duen gizarte batean, pertsona lodiek egunerokoan bizi dituzten diskriminazio eta gorroto mezuak eta egoerak jarri ziren mahai gainean, aurreiritzi eta uste faltsuetan oinarrituta eraikitako pentsamenduaren ondorio direla erakutsiz.

Lodifobiaz eta obesofobiaz komunikabideek egiten duten tratamenduan jarri zuen lehen azpimarra topaketak, EHUren ikerketa proiektu baten emaitzak erakutsiz. Itziar Castro aktorearen heriotzaren harira ikusitako komentarioak izan ziren ardatz nagusia. Estatu mailako hiru hedabideetako sare sozialetan ikusitako erreakzioak aztertu dituzte, eta emaitzak ikaragarriak dira.

Lanaren ikertzaile nagusi den Miren Rodriguez EHUko irakasle eta Mediaiker ikerketa taldeko kideak azaldu zituen behaketa lan horren ondorio nagusiak. Mezu haiek aktorea barregarri uzten zuten, iseka egiten zioten haren gorputz-itxurari, gorroto adierazpen oso gogorrekin. Gaixorik egotearen errua egozten zioten, zuzenean, eta buruko gaixotasuna izatearekin ere lotzen zuten. Heriotza osasuna ez zaintzearen ondorio gisa irudikatzen zuten, ohitura osasungarriak ez izatearen emaitza argi gisa. Sareen arteko ezberdintasunak ikusi ziren, halere: Youtubeko iruzkinak mingarriagoak, maitasun mezu xamurragoak Tik Token. Adierazpen askatasunaren mugen beharra eta mezu mingarri horiek eragiten duten datuen trafikoa ere agertu ziren gogoetan.

Ikerketak datu deigarriak azaleratu ditu, baina zuzeneko testigantzek askoz errealitate gordinagoa erakutsi dute.

Lodi izatearen errua

Fernando Goñi Endokrinologia eta Nutrizioan espezialista da Basurtuko Ospitalean. Patologia Medikoko irakasle ere baden honek argitu zuen medikuek nahiago dutela obesitateaz hitz egitea, «lodia» hitza iraingarria iruditzen zaiela.

Ikuspegi medikotik, argi utzi zuen obesitatea ezin zaiola asko jateari egotzi, «arrazoi asko» egon daitezkeela, eta nabarmendu zuen «XXI. mendeko pandemiatzat hartzen» den gaitza dela (obesitatea), «kutsakorra», gainera. Azpimarratu zuen gizarte zientifikoek mezu hori zabaltzeko ahaleginak egiten dituztela, informazioa gizartera helarazteko.

Fernando Goñi Goicoechea Endokrinologian eta Nutrizioan espezialista eta EHUko Patologia Medikuko irakaslea (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

«Arazoa da medikuarena egiten dugula eta loditasuna, ikusten denez, diabetesa ez bezala, begiz diagnostikatzen dugu», aipatu zuen sendagileak. Bere esanetan, obesitatea koipe gehiegizko maila da, ez pisukoa, eta obesitatearekin lotu ohi diren osasun arazoak zerrendatu zituen. Horraino aski ezaguna zen mezua, gaixotasunari lotuta, baina lodifobiaren pandemia sozialaren argazkia erakusten duten ahotsetatik aldenduta. Nabarmendu zuen, halere, ikuspegi medikuak argi daukala obesitatea ez dela pazientearen errua, eta medikuntzan urratsak egiten ari direla faktore anitzetara egokitutako erantzunak emateko.

Zientziaren izenean hitz egiten duen mundu horri begira ere jarri zen aktibismoa, zientziatzat hartzen ziren hainbat praktika uste edo tratamendu denborarekin aldatu egin direla gogoratzeko.

Komunitate zientifikoan, hala ere, ahots guztiak ez doaz norabide berean. Gabriela Uriarte nutrizionista da, eta ETBko “A bocados” telebista saioko aurkezle ezaguna. Ikuspegi profesionaletik, «erabateko paradigma aldaketa» egin duela onartu zuen. Aitortu zuen jada ez duela erakutsi zioten bezala lan egiten, «erabat ezberdin» jokatzen duela kontsultan.

Dieten aurkari deklaratuak “argaldu behar duzu, zure osasunagatik esaten dizut” esaldi ezaguna jarri zuen mahai gainean, hausnarketa abiatzeko. «Mundu guztiak daki zer den osasuna, definitzeko eskatzen diozun arte, eta mundu guztiak daki zer den gizentasuna, harik eta definitzeko eskatzen diozun arte, ez baita hain erraza, oso konplexua da eta, horrek zulo bat irekitzen du eztabaida hau guztia muntatzeko orduan», azaldu zuen.

Osasunaren Mundu Erakundearen definizioa erabili zuen, «osoa iruditzen zaidana; esaten duena da osasuna erabateko ongizate-egoera dela, ongizate fisiko, mental eta sozial osoa, eta ez bakarrik afekziorik edo gaixotasunik eza».

«Hau da, osasuna ez da bakarrik gaixorik ez egotea, osasuna ez da bakarrik fisiko edo metabolismo jakin bat izatea, baizik eta osasun mentala eta soziala izatea, osasun fisikoarekin parekatzen direnak, eta gai honi buruz hitz egiteko zati garrantzitsuak direnak», adierazi zuen.

Irudiak ez du osasuna adierazten

Osasunarekin lotzen diren irudien adibide bat jarri zuen, eta entsalada bat jaten duela irribarretsu ageri den emakume zuri baten irudia erakutsi zuen: «Google Irudiak-ek argi dauka, osasuntsu hitza jarrita barazki pila bat jaten dituen emakume gazte zuri bat agertzen da eta entsaladek grazia egiten diote». «Irudi bat begiratzearekin bakarrik ez dakigu neska hori benetan osasuntsu dagoen. Ziurtatzen dizuet, kontsultan liburuko dieta “instagramagarri” bat daraman jendea daukat eta imajina dezakezuen pertsonarik zorigabeenak dira», gaineratu zuen. Nabarmendu zuenez, ondorioak ateratzen ditugu begiratze hutsarekin, baina osasuna ez da bakarrik irudia, ikusten dugunarekin ezin dugu jakin hori».

Miren Rodriguez EHUko irakaslea. (Oskar MATXIN / FOKU)

AEBn egindako ikerlan baten grafiko bat baliatuz, osasuntsu izatearen adieran sakondu zuen, ongizatearen osasuna azpimarratuz, osasun fisikoaz gain emozionala, intelektuala, ingurunekoa eta finantzarioa ere kontuan hartuz. «Bizi garen inguruneak gure osasuna determinatzen du», azpimarratu zuen.

Hainbatetan ematen diren aholku horiek dituzten isurietan jarri zuen azpimarra, askotan pribilegio egoeratik egiten baitira. «Estresak jota banago, ariketa fisikoarekin lotutako trauma badaukat eta etengabe ariketa fisikoa egin behar dudala esaten badidazu...», zehaztu zuen Uriartek, arazoaren konplexutasuna nabarmenduz. «Xaloegia den gomendio bat ematen ari gara konplexuegia den arazo batentzat», adierazi zuen.

Argaltzea helburu duten dieten munduaren mugak apurtuta, onartu zuen Gabriela Uriartek “deseraiki” behar izan duela ikasitakoa, eta sakondu zuen «gezur hutsak» diren usteetan, argaltzeko dietak eta ariketa fisikoa gomendatzen direla argaltzea horien emaitza automatikoa balitz bezala, eta «hori gezurra da». Horrek eramaten du jendea etengabe dieta batetik bestera, frustrazioak kateatuz, beste gorputz bat izateko beharrez.

Dieta ez, ohitura osasuntsuak

Puntu horretara helduta, planteatzen den lehen galdera da alternatiba zein den. Uriarteren esanetan, ohitura osasuntsuak ikastea da gakoetako bat, eta hor «ez da inor libratzen» ezta argal izatearen «pribilegioa» daukana ere. Ohitura osasuntsuak izatea heriotza arrisku erlatiboarekin lotuta dagoela erakutsi duten zenbait azterlan aipatu zituen, eta esan zuen argaltzea ez dela zertan emaitza zuzena izan. «Bazegoen argaltzen zuen jendea, eta argaltzen ez zuena baina bizitza itxaropen handiagoa zuena, bizitza hobetzeko bideak daude neurritik harago, ez egin barre hobiak eta lotura sozialak dituzten pertsonez, horrek ere bizitza itxaropena areagotzen duelako.», nabarmendu zuen.

Beste eskaera bat utzi zuen nutrizionistak mahai gainean: esku hartze politika gehiago behar dira elikadura osasuntsua eskuragarriago egiteko eta garunean sari efektua duen eta osasuntsua ez den elikadura garestitzeko. Dieten industria -nabarmendu zuenez- industria biloiduna da.

Egungo paradigmaren eragin nagusietako bat pertsona lodien estigmatizazioa da, eta horrek ere gaixotzen duela azpimarratu zuen adituak: «Pertsona lodien osasunak hainbeste kezkatzen bagaitu, honekin amaitu behar dugu eta errespetuaz hitz egiten hasi». Beste hausnarketa bat, «pertsona lodien osasunak baino ez bazaitu kezkatzen, ez zaitu pertsona horien osasunak kezkatzen, lodifobia da».

Gabriela Uriarte nutrizionista eta “A bocados” EITBko saioko aurkezlea (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Euskal Herriko beste ahots bat, Yazmina Vargas Veledarena, kazetaritza munduari begirada itzultzeko eta medikuen komunitatearen zenbait baieztapen kolokan jartzeko: «OMEren arabera, loditasuna gaixotzeko arrisku faktorea da, baina ez da gaixotasun bat», nabarmendu zuen. Kazetaria eta lodifobian aditua da. “El Salto” edota “Pikara Magazin” hedabideetan lan egiten duen bizkaitarrak berretsi zuen «loditasuna gaixotasunarekin automatikoki lotzea, bidegabea izateaz gain, pertsona lodien pertzepzio distortsionatu bat ematea dela». Estigmatizazioa eragiten du, ondorio larriekin: «Pertsona lodiek tratu txarra eta diskriminazio-tratua jaso dezakete, eta espazio publikoan nahiz birtualean epaiketei eta gorrotoari aurre egin behar diote».

«Gainpisu» hitzak ere zenbait ideia daramatza itsatsita, elikadura txarrari eta sedentarismoari lotuta, loditasunaren inguruan faktore anitzak egon daitezkeenean, azpimarratu zuen. Hitzek diskurtsoak osatzen dituzte eta horiek estigmak eraikitzen dituzte, hainbat eraginekin, gainera. Aletu zituen egoera ezberdinen artean, elikadura nahasmenduen diagnostikoak ezkuta ditzaketela aipatu zuen.

Gorputz aniztasunean heztea

Pertzepzio partzialak arreta mediku eskasa ekartzen du batzuetan, horregatik, ezinbestekotzat jo zuen Vargasek osasungintzako profesionalak gorputz aniztasunaren inguruan sentsibilizatzea eta heztea. Eta begirada hori komunikabideetan txertatzeko beharra planteatu zuen. «Dieten eta gorputzak aldatzeko tratamenduen publizitate agresiboak edozein kostutan argaltzeko pentsamendua elikatzen du, osasunerako arriskuak alde batera utzita eta pertsonen balioa bere pisuarekin lotzearen ideia indartuta».

Vargasen iritziz, lodia hitza ez da iraingarria, «laidogarria» dena «estigmatizaziotik eta erruduntasunetik dator». Burura ekarri zuen “Hordago” hedabidearentzat idatziriko artikulu bat, non elkarrizketatuek onartzen zuten kontsultan zituzten esperientzia txarrengatik ez zutela kontsultara jotzen. Komunikabideei eta sare sozialei ere zuzendu zitzaien, argaltasuna goratu eta loditasuna estigmatizatzen duten eta errealistak ez diren edertasun-estandarrak biderkatzen dituztelako».

Yazmina Vargas Veleda kazetaria eta ikertzailea, lodifobian aditua. (Oskar MATXIN / FOKU)

Vargasek proposamen zehatz bat jarri zuen mahai gainean: lodifobiaren aurkako borroka hedabideen estilo liburuetan txertatzea, genero berdintasunarekin eta indarkeria matxistarekin egin den moduan. Aktibistak ezinbestekotzat jo zuen gorputzen irudikapen inklusiboa sustatzea, «onarpena eta autoestimua sustatuz, pisua edozein izanik ere».

Diskriminazio gurutzatuak bizi diren kolektiboak ere aiptu zituen, lodifobiak emakume izena du, eta emakume arrazializatuen kasuan, diskriminazioa eta jazarpena biderkatzen dela azpimarratu zuen. Esan zuenez, komunikabideek, hezkuntza erakundeek eta «gutako bakoitzak» paper nagusi bat bete behar dugu prozesu honetan, eta ez da bakarrik pertsona lodien eskubideak defendatzea, guztiontzako mundu bidezkoago eta ekitatiboago bat eraikitzen lagunduko dugu».

 

MAGDALENA PIÑEYRO (STOP GORDOFOBIA PLATAFORMA): «EGUNERO IRAINDUA IZATEAK ONDORIOAK DITU»

Ikerketa eta behaketa lan sakona egin du urteetan zehar Magdalena Piñeyro Stop Gordofobia plataformako sortzaileetako batek, eta pertsona lodiekiko gorroto, diskriminazio eta jazarpena adierazten duen egoera ezberdinak ezagutu ditu. Esan zuenez, lan arloan, lodia izateagatik kontratatuak izan ez diren lagunak ezagutu ditu, harreman sozialak egiteko eta sexual-afektiboak izateko arrazoiak ikusi ditu, eta lodifobia etengabe pairatzeak dituen eraginak ikusi ahal izan ditu: «Zure bizitzaren egun guztietan iraintzen bazaituzte, horrek ondorioak ditu».

Ez da Magdalena Piñeyroren ustea soilik, Unescoren arabera, hezkuntza munduan itxura fisikoa da diskriminazio faktore nagusiena, gogoratu zuen. Kontsultan gauzak ez dira gehiegi aldatzen: gorputzak ikusteaz batera, argaltzea da lehen gomendioa, eta pisu galtze horren bila izugarrizko ondorioak dituzten tratamenduak gomendatzen dira.

«Ez gara altzarietan sartzen, ezta medikuan ere. Mundua ez dago guretzat egina» planteatu zuen, pilatzen diren sentimendu, egoera eta baztertua izatearen sentsazioen zerrenda amaigabean, eta bitxia bada ere, are sozialetan, kirol munduan... denetarik entzun behar izan ondoren, «pertsona lodifoboei izugarri gustatzen zaie kirola egin behar dugula esatea, baina kirola egiten dugunean gutaz barre egiten dute. Ez dakizue zer den gimnasioaren atea gurutzatzea lodia izanda».

Magdalena Piñeyro, Filosofian lizentziaduna eta Teoria Feministan masterra duena, Stop Gordofobia orrialdearen egileetako bat da, baita “10 gritos contra la gordofobia” eta “Stop gordofobia y las panzas subversas” liburuen egilea ere. (Oskar MATXIN | FOKU)

Pertsona lodien aurkako erasoak espazio publikora hel daitezke, «argazkiak egiten dizkigute, ez daukagu zoriontsu egoteko, dantza egiteko eskubiderik». «Lodiok bizi ditugun egoera horiek guztiak ikusita, bi ondorio atera nituen: lehena da lodifobia pertsona lodien kontra espazio sozial guztietan, denbora osoan, era sistematizatuan eta oso onartua dagoen diskriminazio estrukturala dela», planteatu zuen aktibista kanariarrak. «Lehendabizi nire gorputza ikusten da, gainerakoaren aurretik, eta hitz egiten dugunean gure ahotsak ez dauka pertsona argalen balio bera», gaineratu zuen, sistematikoki eragiten den opresioak duen esanahia zehaztuz: «Hemen gaudenon artean inork ez du egun batean lodifoboa izatea erabaki. Gizartea osatzen dugun guztiok pertsona lodiak ikusteko heziak izan gara, ni neu lodifoboa naiz, guztiok gara, horrelakoak izan behar garela esan digun gizarte batean heziak izan garelako».

Pertsona lodiez hitz egin eta ia jarraian agertzen den “dieta” hitza iltzatuta dauzkagun usteei lotuta dagoela azaldu zuen: «Jende askok ezin dio ihes egin pertsona lodi batek bere nutrizioa edo bizitza hobetu, ariketa fisikoa egin eta dieta osasungarria eraman nahi izatearen ideiari, nahiz eta bere pisuan eraginik ez izan», adierazi zuen Piñeyrok, argaltzeko baino izan ezin diren dieten inguruko ideia horri buruz.

Gizarte egoeraren azterketak beste ondorio bat utzi duela nabarmendu zuen Piñeyrok: «Lodifobiak arazoak eragiten ditu osasun fisiko, sozial eta mentalean, eta arrisku faktore argia da, zergatik? Intimidazioa buruko osasun arazoak eragiten ari da, gimnasiora ez joatea, kirolik ez egitea... sorrarazten du, diskriminatuak izatearen beldurrez».

Magdalena Pineyrok deskribatutako opresio sistema horrek hiru atal ditu: estetika, osasuna eta morala. «Gure gizarteak uste du gorputz zuzena dela osasungarria, gorputz argala, eta jokabide eredu bat dago horren barnean, eredu morala, ondo eta txarto dagoena ezberdintzen duena (...) Zer gertatzen da? Gure gizarteak uste duela moralitate hori desobeditzen ari garela, ez garela ari ondo elikatzen, ez dugula kirolik egiten... eta horrek gure osasunean eragiten du». Loditasunaren eta osasunaren arteko korrelazioa zalantzagarria da hainbat ikerketaren arabera, esan zuen aktibista kanariarrak.

Berak esango zuen zientzia jartzen dugula denaren aurretik, baina 90eko hamarkadara arte gaixotasuntzat hartzen zen homosexualitatea, eta «zientzia zen. Zientzia ez da onartu behar dugun erlijioa, bizirik dagoen zerbait da, eta aurrera egiten du lodifobiaren aurkako gu bezalako aktibisten borrokari esker». «Medikuek gaixorik gaudela uste dute», eta «arrisku publikoa» garela, baina «onarpen sozialaz ari gara».