Historiak borratutako emakumeen erretratuak marrazten dituen arkatza
Durangoko Wikiemakumeok taldeak eskatuta, ehun bat emakumeri aurpegia jarri die Interneten Maitane Azurmendi (Mungia, 1978) margolari eta ilustratzaileak. Enkargu hori «irteera tiroa» baino ez zen izan, egun berrehun bat erretratu osatuak baititu.
Goitik behera beltzez jantzita dago; urrutitik nabarmentzen zaion kolore zertzelada bakarra gorria da, azazkalek margotutako esmaltean islatuta. ‘Guernica’ koadroaren sinbologiak eta kromatismoak Maitane Azurmendiren unibertso propioan duten eraginaren adierazle, seguruenik.
Jertsearen mahuka batek ezkutatzen dion tatuajeari erreparatu diogu jarraian. Azala ‘picassianoa’ du emakume honek. Eta azazkalak, gorriak; Parisen 1937an egin zen Expoan, Picassok Jose Bergamini eman zion paperezko negar-malkoa bezain gorriak. Expo hartako bisitariek ‘Guernica’ margolanean negar-malko bat jar zezatela nahi zuen pintoreak. Inor ez zen ausartu; ezta Bergamin bera ere.
Durangoko Arte eta Historia Museoan egin dugu hitzordua Maitane Azurmendirekin, han jarria baitu, maiatzaren 5era arte, 15 emakumeren erretratu eta biografia biltzen duen erakusketa. ‘Durangaldeko emakumeen erretratua’ izenpean, erakusketa xumea dirudien arren, beste ‘erakusleiho global’ batean, Interneten, ikusgai dagoen proiektu baten lagina baino ez da. Liburu baten hazia ere izan daiteke. Zorrotz argitaletxearen eskutik bi liburu plazaratu ditu dagoeneko: ‘Azken bidaia’ (2022) eta ‘Bihotzen taupadak’ (2023).
Durangaldeko Wikiemakumeok taldeak egin du eskualdeko hamabost erretraturen aukeraketa, maiatzera arte Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai dagoen erakusketarako. Wikipedian, ordea, ehun bat erretratu ikus daitezke.
«Marisa Barrena [psikopedagogoa, wikilaria eta Wikiemakumeok taldeko kidea] nirekin harremanetan jarri zen sare sozialen bidez –argitu du Azurmendik–, handik ezagutzen ninduelako. Niretzat sareak erakusleiho apartak izaten ari dira eta, berdin zait zer dioten, baina nire esperientzia pertsonala oso ona izaten ari da, %100aren 99a, egia esan. Izan dudan arazo bakarra izan da Itziar Ituñoren alde jarri nintzenean, baina beste ezer ez. Beraz, Marisak kontatu zidan zertan ari diren eta handicap batekin topo egin zutela: berreskuratzen ari diren emakumeen biografientzat aurkitutako argazkiak txarrak edo zaharrak ziren. Ehun bat marrazki eskatu zizkidan eta nik, nire kontura, 200 egin ditut dagoeneko, bidaltzen zizkidan biografiak irakurtzen nituenean hauspotu egiten nindutelako gehiago kuxkuxeatzen... eta harritu nau aurkitu dudanak. Onerako, noski».
Biografien beharra Wikipediaren barneko Wikiemakumeok proiektuaren atzean lan isil ugari dago; ‘historia ofizialak’ isilarazitako hainbat emakume ahanzturaren zulo beltzetik ateratzeko egiten ari den lan isila, alegia. Egindako lan eskergari esker, egoera aldatzen ari da: egun 5.600 emakumeren biografiatik gora osatu dituzte euskaraz.
Ez da marka makala. Entziklopedia aske eta global honetan emakumeen eta gizonen biografien arteko oreka lortzea da helburua. Eta ibilbide horretan, oso lagungarria da Maitane Azurmendi artistaren lana, emakume horien erretratuak eginez protagonista horiei aurpegia jartzen baitie.
«Biografiak osatu edo itzultzen genituenean, ikusten genuen gehienetan irudirik ez genuela; oso zaila zen aurkitzea. Eta, gainera, argazki horiek Creative Commons-era igo eta, berehala, borratu egiten zizkiguten copyrigth kontuengatik: argazkilariak 75 urte hilda behar du argazkiaren eskubideak libre egon daitezen», argitu du Marisa Barrenak.
«Eta zergatik emakumeen biografiak soilik? Arrakala izugarria dagoelako. 2017. urtean, emakumeen presentzia %13koa zen Euskal Wikipedian. Txiri-txiri, ekin eta egin, %28ra igo da. 2027rako ametsa eta erronka 20.000 emakumeren biografiak izatea da, %33a iritsita».
Durangoko taldea bereziki aktiboa da... eta mistoa. «Gizonek parte hartzen dute, jakinda zein diren helburuak. Eta guretzat, azken finean, konplizeak dira». Guztiek, euskararen aldeko militantziak hauspotuta, datuak bildu, idatzi, biografia berriak sortu edo eginak daudenak itzultzen dituzte... «Nazioartean atzerago daude, gurean portzentajeetan ikusten baita altuago dagoela emakumeen presentzia: %26koa da. Frantzian, %20a; Italian, %16,5a. Horrek animoak ematen ditu», esan du Marisak.
«Oleo eta arkatzaren mundutik nator ni, baina digitaltasunak beste mundu bat zabaldu dit. Arkatz digitalarekin ezabatu, aldatu... denetarik egin dezakezu, erraz gainera. Baina teknologiaren %20 baino ez dudala erabiltzen iruditzen zait», azaldu du Maitane Azurmendik.
Erretratuei so gelditu gara; biografia bakoitzaren ondoan QR kode bat dago: Martina Ibaibarriaga Elorriaga (Berriz, 1788 - Burgos, 1849), nebaren jantziak jarrita, teniente koronel gradura iritsi zen emakume ausarta; Victoria Mallabiabarrena Sarasketa ‘Gallegosie’ (Mallabia, 1867 - 1960), Berrizko Mesedeetako moja-komentutik alde egin eta Madril eta Kubako eszenatokietan soprano ibili zen artista; Rosario Zubizarreta Txurruka (Ermua, 1918 - Segovia, 2002) eta Begoña Ereñaga Onaindia (Durango, 1927- 2015) erraketistak... eta, bat- batean, begi urdin batzuekin topo egin dugu.
Maitane Azurmendik zuria eta beltza baino ez baitu erabili marrazki hauetan... eta hau? «Elvira Iñurrieta Azkarraga (Bartzelona, 1895 - Elorrio, 1980) emagina da. Nire amonagan oinarritu naiz marrazkia osatzeko, amona Pantxikek begi urdinak zituelako. Harrituta gelditu nintzen erabat, garai hartan Elvirak Elorrion 2.400 ume baino gehiagori jaiotzen lagundu zielako. Ez dakit Elorriok zenbat biztanle izango dituen, baina seguruenik herri osoari lagunduko zion mundura iristen!».
Metalgintzan urte luzeak eman ondoren, 41 urte bete zituenean, lanpostua utzi eta beti landu duen sormenari heldu zion Maitane Azurmendik. Eta ez du atzerarantz begiratu.
«Bizitza finkatuta duzula uste duzu eta, bat-batean, bizitzak berak esaten dizu: ‘Hau ez da zure bizitza, hau ez da zure lana...’ eta aldaketek bertigoa ematen duten arren, pausoa eman behar duzu», esan du.
Zorte handiko emakumea dela dio, baina agian lantzen duen arte konprometituak zerikusia izango du horretan. Egunero sareetan Palestinaren aldeko marrazki bat jartzen duen artista honek, urteak daramatza Gernikako Lobak izeneko ekimenean lanean.
Gernikako bonbardaketaren memoria galduko ez ote den beldur da, lekuko zuzenak desagertzearekin eta denboraren poderioz, oroitzapena ezabatzen joango zaielako belaunaldi berriei. Wikiemakumeok berreskuratutako emakume hauen istorioak bezala. «Obsesionatuta» dagoela aitortzen du... horregatik, agian, margotu zuen bere ‘Gernika’ Astran, tamaina handian...
Amonen joste gelan zintzilikatutako “Guernica” haren azpian entzundakoak markatu zuen Maitane. «Zer den niretzat ‘Guernica’? Babesa».