INFO

1973ko Estatu-kolpearen aldeko pintaketak egin dituzte Victor Jararen hilobian

«Eskerrik asko Indar Armatuak» eta «Eskurik gabe» esaldiak agertu dira 1973ko Txileko Estatu-kolpearen ostean militarrek hil zuten Victor Jararen hilobian.

Pintaketa faxistak Victor Jararen hilobian. (FUNDACION VICTOR JARA)

1973an militar txiletarrek Estatu-kolpea eman ostean hil zuten Victor Jara kantautorea; bada, Victor Jara Fundazioak salatu duenez, altxamenduaren aldeko pintaketak agertu dira bere hilobian, Txileko Santiagon.

«Victor eta Joanen hilobiaren aurkako beste bidegabekeria baten aurrean, zera esaten dugu: gurea duintasuna eta konpromisoa dakarren memoria da, gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzen laguntzen duena. Gorrotoak, negatibismoak eta diskriminazioak indarkeria eta suntsiketa besterik ez dute eragiten», adierazi du Víctor Jara Fundazioak X sare sozialean.

Jararen eta haren emazte Joan Jararen hilobia Santiagoko hilerri nagusian dago. Bertan, «Eskerrik asko Indar Armatuak» eta «Eskurik gabe» esaldiak agertu dira. Txileko Estadioan hil aurretik, torturak jasan zituen kantautoreak eta, besteak beste, eskua moztu zioten.

Azken astean mota honetako beste bi eraso izan dira Txilen: bat Copiapoko Oroimen Etxearen kontra eta bestea Salvador Allenderen hilobiaren aurka. Hain zuzen ere, martxoaren 29an Borrokalari Gaztearen Eguna ospatu da herrialdean, eta egun horretan, Vergara Toledo eta Paulina Aguirre anai-arrebak gogoratzen dira, baita Augusto Pinocheten diktadura militarraren biktima guztiak ere.