Jose Javier Zabaletak Buruz Burukoa jokatuko du Peio Etxeberriaren kaltetan
Etxarrendarrak txapelketa jokatu nahi duela esan dio Asperi eta enpresak onartu egin dionez, igandean Zumaian arituko da lehiaketako atzelari bakarra.
Azken orduko aldaketa batekin egingo da asteazken honetan, Busturian, aurtengo Buruz Buruko txapelketako zozketa, izan ere, hasiera batean Asperen seikotea Peio Etxeberriak osatu behar bazuen ere, berarekin Binakako txapela jantzi duen Jose Javier Zabaleta izango da igandean Zumaian arituko dena. Pilotaria bera izan da, Binakakoan historia egin ostean, enpresari Buruz Burukoan jokatzea eskatu diona eta pilotazaleen artean atzelaria lehia horretan ikusteko grina ere badagoenez, hasierako planak aldatu eta sakandarrari lekua egitea erabaki dute.
Lau zerrendaburuak Eibarko enpresarenak izanda –Elordi, Altuna, Dario eta Ezkurdia–, beste bi leku baino ez zituzten Vidarterenek txapelketa honetarako eta azken hilabeteetan horren maila bikaina erakutsi duen Zabalaren aldeko apustu irmoa mantendu dutenez, azken txartela Binakakoaren bi txapeldunen artean banatu beharra izan dute. Hasiera batean ultzamarraren alde egin zuten, hala iragarri zuten duela egun gutxi, baina «aurre-kanporaketa bat egiteko denborarik gabe», azken orduan ideia aldatu eta Zabaletak jokatuko du, modu horretan txapelketako atzelari bakarra izango delarik. Gogoratu behar da, eskuko mina erabat sendatu ezinik, Mariezkurrenak astelehen honetan bertan uko egin ziola jokatzeari eta Baikok aurretik kanporatua izan zen Urrutikoetxeari beste aukera bat eman diola.
Elordiren adibidea
Duela bi urte, lan oso txukuna eginda, final laurdenetara heldu ostean, iaz azken orduan –aurkezpena baino ordu gutxi lehenago– uko egin behar izan zion Buruz Burukoari Jose Javier Zabaletak, entrenatzen ari zela hatz bat hautsi ostean. Rezustak ere azken unean egin zion uko jokatzeari eta Elezkano eta Elordi deitu zituzten. Mallabikoak Binakako txapela irabazi berri zuen Zabaletarekin berarekin egun batzuk lehenago, ez zuen Buruz Burukoan jokatzeko inolako intentziorik, baina azken orduan sartuta, azkenerako txapeldun irten zen.