INFO

Ordizia hartu dute 1.500 ardik baino gehiagok Artzain Egunean

Artzainen langintza herritarrengana hurbiltzeko egun paregabea da Artzain Eguna. Asteazken honetan Ordizian ari da ospatzen; bost artzainen artaldeak ibili dira Ordiziako kaleetatik, orotara 1.500. Eta artzaintzarekin lotutako lan ezberdinak ikusi eta probatzeko aukera ere izan da.

Artzain Eguna ospatzen ari dira Ordizian. (Gotzon Aranburu | FOKU)

1.500 ardik baino gehiagok hartu dute Ordiziako alde zaharra asteazken honetan, Artzain Egunaren ospakizunean. Artzainek negua amaitu ondoren beheko belardietatik Aralarreko mendilerrora egiten zuten trashumantzia gogoratzeko egiten den ekimena izan ohi da.

Ordiziako Udalak antolatu du azoka, Gipuzkoako latxa ardi elkartearen, ELEren, Lurgintzaren, Idiazabal Jatorri Deituraren eta Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntzarekin.

Artaldeak herritik igarotzen diren ekitaldiak sortzen du Artzain Egunean ikusmin handiena. Bost artzainen taldeak igaro dira gaurkoan eta ondoren, Udaletxeko areto nagusian, eguneko beste ekitaldi garrantzitsu bat izan da: Idiazabal gazta berriaren aurkezpena. Aurten, Kanpezuko (Araba) Arrea! jatetxeko Edorta Lamok moztu du Eneko Goiburu ekoizleak egindako gazta.

Artzaintzaren hamaika lan

Goizeko bederatzietatik aurrera latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa, lehiaketa eta salmenta izan da Garagartza plazan. 200 abelburu baino gehiagok bete dute plaza eta bi motako animaliak izan dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak. Besteak beste, Aralar, Hernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia, Donostialdea, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia eta Zeraingo artzainek parte hartu dute erakusketa honetan.

Ohitura den bezala, goizean zehar Carlos Ibarrondok Euskolabelen 40 esne-bildots prestatu ditu burruntzira, ondoren herriko plazan, azokara bertaratzen direnen artean dastatzeko.

Arkume pintxoek ere izan dute lekua; hauek salduta bildutako dirua Aspanogi Gipuzkoako Minbizia duten Haurren Gurasoen Elkartera bideratzen da.

Jaietako egitarauan umeei zuzendutako jarduerak ere izan dira, hala nola gazta egitea, ardien ile moztea eta mami dastaketa.