INFO

Sei kide baino gehiagoko familiek ezin dute alokairuko etxebizitza publikorik eskuratu EAEn

Arartekoak Lakuako Etxebizitza Sailari gomendatu dio sei kide baino gehiagoko familia ugariek alokairuko babes publikoko etxebizitzen esleipenean parte har dezaten, baldintza berdinetan, orain arte ezin baitzituzten etxebizitza horiek eskuratu.

Manu Lezertua, EAEko Arartekoa, NAIZ Irratian. (Andoni CANELLADA)

Sei kide baino gehiagoko familia ugariek alokairuko babes publikoko etxebizitzen esleipenean parte har dezaten gomendatu dio Arartekoak Lakuari. Ebazpenaren jatorria herritar baten kexa izan da; izan ere, herritar horrek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Arabako Etxebizitzako ordezkariak alokairuko babes publikoko etxebizitzen esleipenean parte hartzeko egindako eskaera baztertzeko hartutako erabakiarekin.

Erreklamaziogileak azaldu zuenez, bere bizikidetza unitatea zortzi kidek osatzen dute, eta horietatik sei bere ardurapean dauden adingabeak dira.

Oinarrizko gizarte zerbitzuek egindako txosten bat erantsi zuen. Bertan, besteak beste, nabarmendu zuen bizi diren merkatu libreko etxebizitzak 73 m2-ko azalera baino ez duela, eta horrek «pilaketa» egoera argia eragiten duela.

Txostenaren arabera, «alokairuko babes ofizialeko hiru logela egokiak eta nahikoak izango lirateke familia unitatearentzat».

Etxebizitza eskatzaile gisa inskribatuta 2015etik

2023ko martxoan, erreklamatzaileak alokairuko babes publikoko etxebizitzen esleipenean parte hartzeko eskaera egin zuen, baina Etxebizitzako ordezkariak baztertu egin zuen, bizikidetza unitateko kideen kopurua «ez datorrelako bat sustapen honetako etxebizitzen ezaugarriekin».

Erreklamatzaileak errekurtso bat jarri zuen, baina ez zitzaion behar bezala erantzun, eta kritikatu zuen azken promozioetako batek ere ez zuela aurreikusi sei kide baino gehiagoko familietan sartzea. Informazioa eskatu ondoren, Arartekoak egiaztatu du erreklamatzailea eta haren bizikidetza unitatea etxebizitza eskatzaile gisa inskribatuta daudela 2015etik.

Hala ere, urtebeteko epe laburrean, hiru esleipen prozeduratan parte hartzeko eskaera baztertuta geratu da, bizikidetza unitateak sei kide baino gehiago zituelako aitzakia bakarrarekin, Arartekoaren iritziz, «kolektibo horren etxebizitza duin eta egokia eskuratzeko eskubidea argi eta garbi mugatu da».

Horregatik, Arartekoak Etxebizitza sailari gomendatu dio erreklamaziogilearen parte hartzeko eskaera baztertzeko erabakia «berrikus dezala», eta «bermatu dezala, berdintasun baldintzetan, sei kide baino gehiagoko familia ugariek parte hartuko dutela etxebizitzak esleitzeko prozeduretan».