INFO
Elkarrizketa
Nerea Kortajarena Ibañez
EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua

«Herri agenda eraikitzea eskatzen du uneak, interes alderdikoiak utzita»

Gipuzkoako EH Bilduren zerrendaburua da Nerea Kortajarena (Donostia, 1974). Gizarte langilea da ofizioz, eta bokazioz ere hala dela nabarmendu digu. Periferietako errealitateak politika publikoen erdigunera eramatea du anbizio. Ilusionatuta hasi du hauteskunde kanpaina, entzuteko gogoz sumatzen zaio

Nerea Kortajarena, EH Bilduko Gipuzkoakoa zerrendaburua. (Idoia Zabaleta | FOKU)

EH Bilduko eleduna izan zara Gasteizko Legebiltzarrean. Zer ikusi duzu talaia horretatik?

Talaia oso berezia eta momentu batzuetan pribilegiatua da, gauza asko ikusten dira. Ikusi dut zein zailtasun dauden batzuen aldetik momentua irakurtzeko, eta epe motzeko interesen araberako politikak egiten dituzte. Baita ere zein zailtasun dagoen Legebiltzarreko lau pareta horietatik kanpo herritarrek duten frekuentziarekin konektatzeko, kanpoan gauzak aldatzen ari dira eta zailtasunak daude aldaketa horiek onartu eta ulertzeko legebiltzar barruan. Politika egiteko oso modu konbentzionalak eta maskulinoak ikusten dira.

Herri gisako akordioen aldeko apustua egin duzue. Alferrikakoa izan da dei hori edo beste ortzi-muga bat markatu duela uste duzu?

Eraberritze politikorako planteamendu bat izan dela uste dut. Egia da, batzuetan, politika konbentzionaleko kodigoetan zaila izaten dela horrelako ideia berritzaileak kokatzea. Gu horretan gabiltza; aspaldi esan genuen herri honek dituen erronkek politika egiteko beste modu bat eskatzen dutela. Kolaboraziorako espazioak behar dira, alderdien espazioa gainditzea eskatzen du horrek; eragile sozialek, ekonomikoek eta herritarrek parte hartzeko

Osakidetza izan duzue askotan hizpide. EAJk lehentasuna emango diola adierazi du.

Agerikoa da Osakidetzan arazo bat dugula. Azken hamar urteetan herritarrek ondoen baloratzen zuten politika publikoa izatetik kezka nagusietako bat izatera pasa da. Osakidetza bada politika egiteko modu baten paradigmaren adierazlea. Ebidenteak diren arazo horien aurrean ez ikusiarena egin nahi izan da, errealitate hori ukatuz; horrek preziatua den denbora galtzera eraman gaitu. Bi arazo garrantzitsu ditu orain Osakidetzak: munduko osasun sistema orok bezala, garaiari dagozkion arazoak; eta kudeaketarekin zein planifikazio faltarekin erlazionatutakoak.

«Desberdintasun sozial eta genero desberdintasunen iturri bilakatzen da zaintza; bada garaia zaintzaren antolaketa politikoari garrantzia emateko»

Zeintzuk dira herritarren kezka nagusiak, eta horri erantzuteko zer eskaintzen du EH Bilduk?

Kontsentsu bat dago kezkak zein diren zehazterakoan; etxebizitza eta bizitzaren garestitzea dira bi. Oro har, zaurgarritze orokor batera goaz, politikoki oso begi-bistan izan beharrekoa da hori. Beste kezka garrantzitsu batzuk trantsizio ekosoziala, ekonomia eta enplegua direla uste dut. Isilpean pasarazi nahi den beste kezka handi bat nabarmenduko nuke nik: zaintzarena. Mugimendu feministak erdigunean jarri duen krisi handi bat da zaintzearena; herritar asko bakardadean bizitzen ari den bizipen oso  politiko bat da. Desberdintasun sozial eta genero desberdintasunen iturri bilakatzen da zaintza; bada garaia zaintzaren antolaketa politikoari garrantzia emateko.

Inkestetan datu kontraesankor batzuk ageri dira: Aztikerrenenean, jende gehienak aldaketaren alde egiten du, baina egoera orokorrean ona dela aipatzen da.

EH Bilduk dioenarekin bat dator: ez gaude egoera katastrofiko batean, baina dekadentzia egoera batean gaude, gainbehera prozesu batean zerbitzu publikoetan. Herri hau ez da aurrera egiten ari hemen dauden gaitasunen mailan.

Gizarte langilea zara, Donostiako Loiolan bizi zara, ez da diru eta turismo gehien biltzen duen auzoa… Diru banaketa eta bazterkeria dira arazo nagusia hirian, zure ustez?

Donostia bada politika egiteko modu baten paradigma. Ni oso periferiazalea naiz, gizarte langilea naiz lanbidez eta bokazioz, segur aski politikaren lehen lerro honetan egoteko nire motibazioa ere hori da, periferiak politika publikoen erdigunera ekartzea.

Guztia ondo dagoen itxura eman nahi da, baina errealitatea gero eta zaurgarriagoa da. Loiolan bizi duguna politika egiteko modu baten isla da: etxebizitza promozio berri bat egingo dute, eta auzotarrek ezingo dute etxebizitza bat han erosi 500.000 eurotik gorako piszinadun etxeak direlako. Herritarrengandik urrun dauden politikak egiten ari dira; guk horregatik esaten dugu herritarren kezketatik hurbilen dauden politikak egin nahi ditugula.

Nerea Kortajarena, EH Bilduko hautagaia Gipuzkoan.

 
Nola eragin beharko luke Lakuako Gobernuak Gipuzkoan?

Garrantzitsua da Gipuzkoako herritarrek esaten dutena. Konbentzituta nago herritarrek apirilaren 21ean boto abertzale, subiranista, eta ezkerreko politiken aldekoa emango dutela. Horri erantzun beharko lioke Lakuako Gobernuak; gipuzkoarrek eskatzen dituzte politika progresistak, etxebizitza arazoei erantzuna emango dietenak, Osakidetzako arazoei erantzungo dietenak. Ezin ditugulako normalizatu Gipuzkoan gertatzen ari diren mila gauza: Donostian 1.500 euroko alokairua izatea edota anbulatorio batera joan eta medikurik ez egotea. Askok kezka horren aurrean bozkatu zuten, eta horri erantzun behar dio Lakuak, subiranista, abertzalea eta ezkerreko politikak egiteari

Eman dezagun 18 urteko mutil bat duzula aurrean, lehen aldiz  bozkatuko duena. Eta 70 urteko emakume bat, erretiroa hartu berria. Zertarako eskatuko zenieke botoa?

EH Bildutik proposatzen dieguna historia eraikitzeko aukera bat da, historia elkarrekin egitea. 18 urtekoari eskainiko nioke bizitza-proiektu duin bat eraikitzeko baliabideak sortzeko gure konpromisoa: etxebizitzari dagozkion politika publikoak; soldata duin bat eskuratzeko proposamena, gutxieneko 1.400 euroko soldata bermatzeko posibilitatea.

70 urteko emakumeari eskainiko nioke bere zaintza libre eta aukera berdintasunean aukeratzea, egindako zaintza lan horien aitortza. Eta, batez ere, politika publikoen bidez  bere zahartze prozesua segurtasunez eraikitzeko bermeak ezartzen saiatuko garela: osasun sistema publiko sendo batekin; zaintza duin eta kalitatezkoarekin, eta gutxieneko diru sarrerekin. Agian emakume horrek ez du 1.080 eurora iristen den pentsioa; diru sarrerak bermatzeko errenta ofizioz tramitatzeko aukera bermatuko diogu.

Azken hamarkada gorabeheratsua izan du EH Bilduk Gipuzkoan. Nola irakurtzen duzu bilakaera hori?

Xirimiriaren ideia baliatuz aurrera egiten ari garen proiektu politiko bat gara. Uste dut asmatzen ari garela momentu politikoa irakurtzen, asmatzen ari garela herritarren frekuentzia berean kokatzen. Gipuzkoan 51 udalerritan gaude gobernuan eta horietan herritarrek ikusten dute gertuko politika egiten dugula, beraien beharrei erantzunez egiten dugula politika eta hori dela gure lehentasuna alderdi interesen gainetik. Ikusten da EH Bildu probatzen dutenek errepikatu egiten dutela hurrengo hauteskunde zikloan. Inkesta gehienek erakusten duten goranzko joera ez da koiunturala, oinarri sendo bat duen joera bat dela erakusten du horrek. Sinesgarriak gara, eta jendeari fidagarritasuna eskaintzen dio EH Bilduk; sektore ezberdinentzako erreferentzia bilakatzen ari da.

«Bakoitzak umiltasun politikotik onartu beharko du zein rol ematen dioten herritarrek apirilaren 21etik aurrera»

EAJrekin harreman txarra antzematen da Gipuzkoan bereziki. Benetakoa al da alde hori? Herri akordioak lortzeko oztopo da?

Apirilaren 21ean gertatzen dena gertatuta ere, 22an erronka eta arazoak hor egongo dira, eta zenbait arlotan ados jarri beharko gara, eta hori oso garrantzitsua da. Euskal Herriaren zati honek erronka garrantzitsuak ditu, eta egiteko modu kolaboratibo bat eskatzen du horrek. Errespetuz eta begirunez egin behar dugu kanpaina; bakoitzak bere proposamenak mahai gainean jarri eta eztabaidatuz, baina lupa elkarlanerako espazioak sortzean jarri behar da. Herritarrek merezi dute errespetuz aritzea; kezka garrantzitsuak daude jokoan.

EH Bildu lehen indarra izanda ere, EAJ-PSE gobernua berrituko dela ziurtzat jo dezakegu?

Momentu honetan ziurtzat ezin da ezer jo; gauzak asko aldatu dira. Interes alderdikoi eta epe motzekoak alde batera utzi eta herri agenda bat eraikitzea eskatzen du uneak. Sortu beharko den gobernua agenda horren baitako solaskidetzaren ondorioa izan beharko litzateke. Badaude adibide ilusionagarriak; Iruñea, adibidez. Asko entzuten da kanpainan ‘hitz egin dezatela herritarrek eta gero gerokoak’; ba hitz egin dezatela eta entzun dezagun ondo ulertuz zer esaten duten. Bakoitzak umiltasun politikotik onartu egin beharko du zein rol ematen dioten herritarrek apirilaren 21etik aurrera.