INFO

Bidasoa Irunek Alacanten irabazi behar du Kopako Azken Fasera sailkatu ahal izateko

Irundarrek Ligako bigarren postua indartu dute asteburu honetan, baina bihar (19.00) Fundacion Agustinos Alacant kanporatu behar dute iazko akats berbera errepikatu nahi ez badute.

Granollersen aurkako partida atzean utzi eta Kopa du jomuga Bidasoa Irunek. (Ramon FERRANDIS | CD BIDASOA)

Igandean Granollersen etxean ateratako berdinketa bikaina azkar ahaztu behar du Bidasoa Irunek. Txipa aldatzeko unea iritsi zaio Jacobo Cuetararen taldeari, eta erronka ez da edonolakoa: Kopako Azken Fasera sailkatu nahi dute irundarrek. Hori lortzeko, astearte honetan Fundacion Agustinos Alacant kanporatu behar dute (19.00).

Bidasoa Irunek iazko akatsetatik ikasi nahi du, Trops Malagarekin topatu baitzen, Agustinos Alacant Fundazioaren maila bereko taldea. «Iragan ikasturteko oroitzapena dugu, Ohorezko Zilarrezko Mailako talde baten aurka galdu baikenuen, eta berriro gertatzea saihestu behar dugu», adierazi du Jacobo Cuetara entrenatzaileak Fraikin BM Granollersen aurkako berdinketaren ostean.

Faboritismoa kantxan erakutsi behar da eta mailen arteko aldea handia izan arren, Bidasoa Irunek partida «oso bat» jokatu beharko du Kopako Azken Fasean egon nahi badu. «Oso partida garrantzitsua dugu Azken Fasera iristeko. Ohorezko Zilarrezko Mailako taldea da, noski faboritoak gara, baina oso ondo lehiatzen du bere kantxan», ohartarazi du prestatzaile asturiarrak, zeinek azken aukera izango du Bidasoarekin Azken fasera sailkatzeko denboraldi amaieran kluba utzi baino lehen.

Bestalde, Asier Nieto jokalariak esan du «lan ona» egin beharko dutela Kopako Azken Fasean egon nahi badute. «Serio egon eta garaipena lortu behar dugu txapelketako azken fasean egoteko».

Agustinos Alacant Fundazioarentzat festa bat izango da astearteko kanporaketa. Aurretik, bada Huesca Asobal Ligako taldea kanporatu dute, eta baita Guadalajara Ohorezko Mailako taldea ere.

Klubarentzat sari bat da hirugarren kanporaketa honetara iritsi izana, baina Alejandro Carrillok gidatzen duen taldeak gehiago nahi du, eta hor egon daiteke arriskua Bidasoarentzat.

San Agustineko pista beteta egongo da. Gainera, klubak jakinarazi duenez, taldeko kamisetarekin gerturatzen diren haur guztiak doan sartu ahal izango dira partida ikustera. Bbazkideek 5 eurotan erosi ahal izango dute sarrera eta gainontzekoek, 10 euroren truke. Gauzak hala, Bidasoa Irunek ezin du paseo bat bezala hartu kanporaketa eta aurtengo maila erakutsi beharko du beste behin.