Energia pobrezia murriztu egin da Gipuzkoan baina oraindik desberdintasunak daude
Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerlan batekin ondorioztatu duenez, energia pobreziaren atalasea hiru puntu jaitsi zen 2017tik 2022ra bitartean. Gainera, tenperatura mantentzeko zaltasunak dituzten etxeen kopuruak behera egin du, baita diru-sarrerekiko gehiegizko gastua duten etxekoen unitateenak ere.
Gipuzkoako Pobrezia Energetikoari buruzko Azterlanaren (2017-2022) emaitzen arabera, egonkortu edo hobetu egin dira pobrezia energetikoaren adierazleak duela bost urtekoekin alderatuta, Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Zehazki, pobrezia energetikoko egoeren eraginpean dauden etxeak ehuneko hiru puntu murriztu dira, 2017ko %21,5etik 2022ko %18,4ra. Hala ere, 55.000 etxebizitzak eta 108.000 pertsonak arazoak dituzte oraindik ere beren etxeak bero mantentzeko. Bestalde, etxebizitza bakoitzak energian egiten duen batez besteko gastua %7 igo da, 1.293 eurotik 1.379 eurora.
Horrez gain, gastuen eta diru-sarreren arabera, gehiegizko energia gastua duten etxebizitzen kopuruak behera egin du. Ondorioz, dagoeneko ia 700 etxek eta 6.000 pertsona inguruk ez dute gehiegizko energia gasturik beren diru-sarrerei dagokienez. Batez beste, Gipuzkoako familiek diru-sarreren %5,5 bideratzen dute elektrizitatearen, gas naturalaren edo etxebizitzaren energia gastuetara.
Ikerketaren arabera, Gipuzkoako 18.000 etxek (%6) zailtasunak dituzte beren etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko, datua 2017arekiko hobetu bada ere (orduan %9 ziren). Hala ere, etxe gehiago dira itoginak edo hezetasunak bezalako arazoak dituztenak, ehunekoa %11,9tik %16,4ra igo da eta.
Zaurgarrienak
Bestalde, ikerketak azaleratu du emakumeak buru dituzten etxebizitzek pobrezia energetikoa pairatzeko aurrisku bikoitza dutela, gizonak buru dituztenak baino. Horrekin batera, 65 urtetik gorako pertsona bat buru duten bost etxebizitzetatik batek afektazioren bat du; migratzaileak buru dituzten hamar etxebizitzetatik lauk pobrezia energetikoko arazoren bat dute; langabeen kasuan hamar etxekoen unitatetik zazpik gehiegizko gastu energetikoa izateko 17 aldiz arrisku handiagoa dute eta, lehen mailako edo beheragoko ikasketak dituzten pertsonei dagokienez, hirutik batek kalteberatasun energetikoa du.
Europar Batasunaren datuekin alderatuz gero, etxebizitza tenperatura egokian mantendu ezin duten etxeetan bizi diren pertsonen proportzioa %5,8koa da Gipuzkoan, EBn %9,3koa den bitartean. Energiaz jasotako etxebizitzen ordainketan atzerapenen bat metatzen duten etxebizitzen proportzioari dagokionez, Gipuzkoan %3,8koa da eta Europar Batasunean %6,9koa.