Erdizen Gobernua «multinazionalen mesedetan» aritu delako alegazioak aurkeztu ditu EH Bilduk
Nafarroako Gobernuak Erdizen Magna multinazionalaren alde egin duela salatu du EH Bilduk, meatzearen proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu aurretik. Proiektuak ez duela natura babesten, abeltzainen kontra doala eta baztandarren iritziaren aurka egiten duela nabarmendu du.
Erdizen Magna enpresak paratu nahi duen meatzearen aferan Nafarroako Gobernuak «multinazional baten alde egin duela» salatu du EH Bilduk. Hori dela eta, alegazioak aurkeztu ditu gaur Industria Sailaren egoitzan. Alegazioen epea ostiralean amaitzen da eta Baztango Udalak eta Batzar Orokorrak ere aurkeztuko dituzte, hainbat herritar eta taldek bezala.
Adolfo Araiz parlamentariak gogoratu duenez, proiektu honek ez ditu babesten ez landa eremua, ez lur komunalak, ez abeltzaintza estensiboa ezta Baztango herritarren nahia eta iritzia. «Multinazional baten alde jarri da Nafarroako Gobernua, proiektua interes foralekoa izendatuz. Gure ustez, Gobernuak Baztango herritarren alde egin behar zuen», nabarmendu du.
Baztango Udalaren eta Batzar Orokorraren autonomia urratzen dela adierazten du EH Bilduren alegazioak. Araizek azaldu duenez, proiektua udalez gaindiko prozeduraren bidez egin da, Baztango erakundeei ahotsa kenduz. Honekin batera, hirutan saiatu dira herri kontsulta bat egiten herritarren iritzia jakin ahal izateko eta hirutan debekatu zaie.
Honekin batera, meatzea kokatzeko eremua babesturik dagoela jasotzen du EH Bilduren alegazioak. Araizek gogoratu duenez, enpresa berak Zilbetin antzeko egitasmoa martxan jarri nahi izan zuen, baina eremu babestua zenez atzera bota behar izan zuen. Zilbetiko kasuan babesak gune txiki bati eragiten zion, baina epaileek bertan behera utzi zuten. Erdizen kasuan, berriz, proiektuaren azaleraren %23a babestua da. «Zilbetiko proiektua bertan behera uzteko arrazoiek Erdizen ere balio dute», nabarmendu dute.
Hirugarrenez, meatzeak ekonomia eta abeltzaintzan izango duen kaltea da EH Bilduren alegazioaren beste oinarrietako bat.
Fernando Anbustegi Baztango alkateak Erdiz bailarako ganaduaren bazkalekurako erabiltzen den herri lur komunal garrantzitsuena dela azpimarratu du. «Handiena eta hoberena kalitatez. Mendez mende, horrela mantendu dute Baztango milaka abeltzainek. Ez da iraganeko kontua. Oraindik orain aunitz dira bertara aziendak bazkatzera eramaten dituzten familiak».
90 familien azienden bazkalekua
Izan ere, 2023an 90 familia izan ziren ehunka abelburu Erdizera bazkatzera eraman zituztenak. Magnak, berriz, 35 lanpostu eskaintzen dituela gogoratu du Baztango alkateak. «Horiek dagoeneko badira, 25 gehiago mantentzeko da proiektua. Ezin da atzendu lanpostu horien mantentzea 90 familia horien bizkar izango litzatekela. Familia horiek beraien lana ezin egin geratuko lirateke, beraien aziendek ezingo dutelako Erdizen bazkatu. Lanpostu horiek deseuztuko lirateke, mendez mende mantendu duten eremua deseuztuko liratekeen bezala».
Nafarroako Gobernuak Baztango herritar guztienak diren lur komunalak enpresa multinazionalen esku uztea larritzat jo du Anbustegik. «Gainera, baztandarren iritzia kontuan hartu gabe. Behin eta berriz saiatu gara Baztanen herri galdeketa bat egiten eta hiru aldiz debekatu da. Ezin da atzendu Baztango erakundeen gainetik pasa nahi dutela. Behin baino gehiagotan azaldu dute proiektu honen kontra daudela».
Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari alegazioak onartzeko eta proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Araizek.