INFO

Lau mila sinadurak sostengatzen dituzte Erdiz Bizirik-ek aurkeztu dituen alegazioak

Erdiz Bizirik plataformak meatzearen kontra aurkeztu dituen alegazioek ia lau mila sinaduraren babesa dute. Gaur aurkeztu dituzte Nafarroako Gobernuan. Asteazkenean, EH Bilduk gauza bera egin zuen. Baztango Udalak eta Batzar Orokorrak ere aurkeztu dituzte alegazioak.

Erdiz Bizirik taldeak agerraldia egin du gaur Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Meatzearen proiektuaren kontra Erdiz Bizirik plataformak aurkeztu dituen alegazioek 3.939 sinaduraren sostengua dute, ostiral honetan Iruñean jakitera eman dutenez. Gaur bukatzen da alegazioak aurkezteko epea. Asteazkenean EH Bilduk ere alegazioak eraman zituen Nafarroako Gobernura eta Baztango Udalak eta Batzar Orokorrak ere aurkeztu dituzte.

«Herritarrek beren iritzia ematea hiru aldiz galarazi eta gero, proiektua UGEP gisa inposatu nahi digu Nafarroako Gobernuak. Bitartean, herritarrok gure baliabide propioak erabili behar ditugu inposaketa horiei aurre egiteko. Hala ere, hogei urteren ondoren argi geratu ez bazaie, bertze behin errepikatuko dugu: ez dugu horrelakorik onartuko! Denek ongi aski dakigu gisa horretako proiektuak eta nekazaritza estensiboa ez direla bateragarriak, eta multinazionalen promesak inoiz gutxi betetzen direla», adierazi dute Iruñean.

«Urteotan egindako manifestazio, elkarretaratze eta alegazio bilketetan baztandarrok gure jarrera zein den garbi erakutsi dugu, baina, berriz ere enpresa multinazionalen promesa lausoak lehenetsi dituzte. Zertaz eta enpresak erran duelako mantenduko eta sustatuko dituela landa eremuko lanpostuak, ingurumen ikuspegiko ekonomia garapena eta kohesio territoriala. Zein ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsakorrenetako batek? Nola garatuko da ekonomia Baztango nahiz Nafarroako lehenbiziko sektorearendako estrategikoa den eremu bat suntsitzen bada? Guk argi dugu: Erdizko meategi proiektua bertan behera uztea da aukera bakarra. Landa eremuaren osasuna da gure etorkizuna», gaineratu dute.