INFO
Elkarrizketa
Usoa Zumeta
‘Zumetaren Usurbil’ erakusketaren komisarioa

«Gehiago idatzi da abstrakzioaz, aitaren figurazio garaiaz perspektiba falta da»

Erretratuak, papiroak, kartelak, iPadean marraztutakoak... Jose Luis Zumetak bere ibilbidean besarkatutako estilo eta teknika anitzek isla dute ‘Zumetaren Usurbil’ erakusketan. Figurazioan bizi izandako garai desberdinen erakusgarri hogei lan aukeratu ditu Usoa Zumeta alabak.

Usoa Zumeta, ezkerrean, Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrietarekin. (Jon URBE | FOKU)

Hogei lan –1960an hasi eta 2018ra arte doaz– aukeratu ditu Usoa Zumetak aitaren ibilbidea islatzen dutenak. Bada hari berezia obrak bate bestearekin harilkatzen dituena, denek dute lotura bere jaioterriarekin. ‘Zumetaren Usurbil’.

Erakusketa osatu duten obra denak dira figuratiboak. «Gehiago idatzi da abstrakzioari buruz, perspektiba bat ja badagoelako eta agian horixe falta da lan figuratiboari buruz», zehaztu du Usoa Zumetak. Etapa figuratibo denak daude erakusketan.

1950eko hamarkadaren amaieran, Jose Luis Zumetak paisaiak margotuz ekin zion pinturari. Erretratuak etorri ziren gero. Gertukoenak aukeratzen zituen: lehengusina, lagunak... Hauen artean, JoxAnton Artze. 1960an ere margo batean –kronologikoki antolatutako erakusketa irekitzen du lanak– islatu zuen poeta eta txalapartari ezaguna. Baita Mikel Laboa eta Elena Asins sortzaileak ere. Bere ibilbidean zehar, Zumetak erretratu ugari margotu zituen hainbat euskarri eta teknika baliatuta: olio-pintura, tenpera, arkatza, digitala, collagea...

Txoriak. Konstantea usurbildarraren obran. «Ehunka marrazki egin zituen plumillaz», dio Usoa Zumetak.Orohar modu eskematikoan irudikatu zituen eta pinturan ez ezik, diziplina guztietan landu zuen gaia. Kale Nagusiko 10.eneko bizilagunentzat 1972an egindako hiru txorien multzoa, artista eta bere familia bertara joan baitziren bizitzera. Maketa ikusgai dago Sutegin.

Ikimilikiliklik ikuskizunaren bi lan daude. «Lehena, izen bereko emanaldiaren kartel gisa egin zuen artistak; bigarrena, aldiz, beranduago egin zuen eta ez zuen kartel izateko xederik eduki. Izan ere, Artze anaiek eta Mikel Laboak jatorrizko koadroa gorde nahi zutenez, bi egin zituen. Artisten laguna zen Juan Mari Arzak sukaldariaren etxean izandako gaualdi batean, zozketa egin zuten eta Jexuxi tokatu zitzaion. Haren etxera joaten zen aldiro, Mikelek iradokitzen zuen hobeto emango zukeela berean, eta, azkenean, aitak beste bat egin zion, kartela izateko intentziorik gabekoa», kontatu digu Usoa Zumetak irribarrez. Era honetako zenbat pasarte gordeko dituen garaiko artisten historiak...

Bitrina batean Artzeren ‘Laino guztien azpitik... eta sasi guztien gainetik’ diptiko formako objektu artistikoa ere aurkituko du bisitariak. Eta Ikimiliklik ikuskizunak nazioartean egin zuen ibilbidearen berri ematen du erakusketak. Parisko La Mutualité antzoki ezagunean egin zuten emankizuna 1978an, amnistia-ren aldeko ekitaldi baten baitan, bai eta Veneziako Biurtekoan ere, 1976an. Euskadi Veneziako Biurtekoan izenburupean, eta bertan eman zuten ‘Ikimilikiliklik’. garaiko hedabideetako kritikak ere jarri dira.

Biraketa

«1978an borondatez egindako aldaketa drastikoa etorri zen. Erabatekoa», gogoratu du Usoa Zumetak. Abstrakzioaren bidea alboratu eta figuraziorantz jo zuen. «Inpaktu handia eragin zioten Diane Arbusen argazkiek. Begirada berezia zuen, aurrean zuen pertsona biluzteko gaitasuna. Kishch mundua asko gustatu zaio beti eta garaiko postal estereotipatuekin hasi zen lanean, familia eta bikote perfektuak irudikatzen zituztenak. Hortik sortu zen pintura bilduma bat. Postal originala metalezko xafla kurbatuaren aurrean jartzen zuen eta islatzen zena margotzen zuen. Haietako lan batzuk herriaren 600. urteurrenaren karietara Udalak ateratako ‘Usurbil’ (1975) liburuan ikusi zuten argia.

Oilasko-biltzaileak ikus daitezke ispilu efektuaz landuta. Gurasoek Txoko Alde auzoan izan zuten jatetxearen sarrera ere ikus daitezke. «Badirudi denborarekin eskua hartu ziola deformazioari eta berak ez daude buelta emanda. Bi urtez iraun zuen etapa honek», esan du. 

Zumetaren alabarentzat deigarria da aitak aldaketa arte munduan izena lortua zuenean egitea. «Mugimendu sozialetan asko ibili zen, herrietan antolatzen ziren kultur ekimenetan, kritika espezializatuaren onespera ere bazuen ordurako. Eta denaren moztea erabaki zuen. Ibilbidea egina zuenean –egoera ekonomikoa nolakoa zuen ez dakigu– erabakia hartzea kritikaren aldetik ez zen ondo hartua izan. Baina berak esaten zuen ordurako abstrakzioak ez ziola emoziorik eragiten, egin beharrekoa egina zuela. Ikasia zuen nola egin eta aldatu beharra sentitu zuen», kontatu zuen.

Mugan. «1990eko hamarkadara arte ez zen itzuli abstrakziora. Luze iraun zuen estilo horretan eta azken hamar urteean hainbat elementu elkartzea lortu zuen, ibilbide osoan bilatu zuena. Abstrakzioaren eta figuratibismoaren arteko mugan ibili zen, baina beti zuen narratiba bat egoteko ahalegina», dio.

Papiroen garaia ere izan zuen Jose Luis Zumetak. «1980ko hamarkadaren hasierakoa krisi ekonomikoaren unea zen. Aita bera ere larri, dibortzioa eta hainbat zirkunstantziengatik», markatu du testuingurua alabak.  

Tenperaz egindako seriea ere ikus daitezke. «Olioak baino argi gehiago egiten zuela zioen eta emozionatuta ibili zen», esan du.

Material merkea eta erabilgarria

Ezohiko materialak erabiliak zituen (zatar-papera euskarri gisa, adibidez), baina 1984 eta 1985. urteetan egin zuen uhin-kartoiaren aldeko apustua egin zuen. «Material merkea topatu zuen. Orduan apartamentu txiki batean bizi zen eta obrak formatu handikoak diren arren oso erraz biltzen zenez papera, dena aldekoa zuen», azaldu du.

70 papiro baino gehiago margotu zituen Zumetak, eta lan horietan agerian utzi zuen oinarri abstraktu baten gainean erreferentzia-puntu narratiboak bilatuz egiten zuela lan: horrela ekiten ziola sormen prozesuari.

2011n, teknologia berriak erabiltzen hasi zen eta iPadean marrazteari ekin zion. 2020an hil zen arte aritu zen horretan, gehiago edo gutxiago, eta 3.000 marrazkitik gora sortu zituen. «Ez zeukan bozeto bezala lantzeko asmorik, baina egia da hainbat lan sortu zituela. Asko dira argia ikusi ez zutenak», esan du Usoa Zumetak.

Herritik kanpora egin zituen denboraldiak baina betidanik jakin izan dena bistaratu du erakusketak. Zumetak bere herriarekin eta batez ere herritarrekin izan duen harreman estua. «Usurbil inguruan ibili zen garai bakoitzean pieza bat sortu zuen», nabarmendu du Usoa Zumetak.

Usurbilgo zeramikazko muralari 2023ko apirilean eskainitako beste erakusketa osatzera datorren hau apirilaren 28ra arte dago ikusgai. Gustura ikusten da Usoa Zumeta. «Lantegi handia eman du Usurbil ardatz izatearen ideia mantentzen. Etapa bakoitzak beste erakusketa baterako emango luke», aitortu du.

Artelan publiko ezaguna bukatu zueneko 50. urteurreneko ospakizunak biribildu ditu ‘Zumetaren Usurbil’ erakusketak. «Herriaren aldetik zoragarri joan da. Eta Udala ere oso ondo portatu da», esan du.