Maddi Aallak ez du Super Amara Bera Beran jarraituko datorren denboraldian
Atezain gorliztarrak erronka berriak probatu nahi ditu. Europako ligarik indartsuenetariko batean arituko da datorren denboraldian.
Azken hilabeteetan egondako albisteen artean, denen ahotan zegoen Maddi Aallaren etorkizuna. Bada atezainak ez du hurrengo denboraldian Donostian jarraituko. Hala azaldu du astelehen honetan Super Amara Bera Berak.
27 urteko gorliztarrak lau titulu lortu ditu –bi Liga, Kopa bat eta Iberiar Superkopa– eta, orain arte, 84 partida jokatu ditu. Orain, ordea, erronka berriak probatu nahi ditu. Europako ligarik indartsuenetariko batean arituko da datorren denboraldian.
Hala ere, oraindik bi helburu finkatu ditu gaurtik denboraldi amaiera arte, bigarren Kopa eta hirugarren Liga eskuratzea. Super Amara Bera Berarekin jokatu dituen 84 partidetatik, 69 izan dira Guerreras Iberdrola Ligakoak, European Leagueko sei, Kopako bost eta Superkopako lau. Aipatzeko da atezaina izanik, hiru gol sartu dituela, aurten oraindik lortu ez duena.
Klubak Maddi Aallari «egindako lana eta inplikazioa» eskertu nahi izan dio eta «hurrengo erronketan zorterik hoberena».
Gorlizko atezaina ez da datorren denboraldian jarraituko ez duen jokalari bakarra. Azken hilabeteetan kluba hurrengo sasoirako dena txukuntzen dabil. Mariane Fernandes brasildarra, Malena Cavo argentinarra edota Emma Boada katalanak ez dute Bera Beran jokatzen jarraituko.
Irteera hauen truke, Donostiako klubak Eszter Ogonovszky ezker hegaleko hungariar gaztea fitxatu du datozen bi denboraldietarako.