Txapeldunen Ligarekin amets egiten jarraitzeko, Granada garaitu behar
Valverdek berak aitortu du ezin dutela «hutsik egin» San Mamesen. Batez ere, kontuan harturik datorren jardunaldian Atleticori egingo diotela bisita, eta sailkapenean lau puntutara daukatela laugarren postuan kokatuta dagoen talde madrildarra.
Txapeldunen Ligan jokatzearen ametsa elikatzen jarraitu nahi badu, Athleticek irabazi beharreko partida jokatuko du San Mamesen. Jaitsiera postuetan dagoen Granada hartuko du ostiral iluntzeko 21.00etatik aurrera. «Huts egiten badugu, oso zaila jarriko zaigu», onartu du Ernesto Valverdek atarikoan.
Zuri-gorriak bikain moldatu dira zaleen babespean denboraldia osoan zehar, eta bolada onari jarraipena eman nahi diote. Izan ere, porrot bakar bat jaso dute: Real Madrilen kontra lehen jardunaldian.
Kopa irabazi ondoren, datorren ikasturtean Europan jokatzeko helburua bete du Athleticek. Hala ere, laugarren postua gertu dauka eta Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkatzea da hurrengo erronka. Entrenatzailearen ustez, taldean daukaten poztasuna eta giro ona emaitzak lortzeko baliagarria izan daiteke.
Vila-realen aurka azken unean berdindu ostean, Atletico Madrilek lau puntutako aldea ateratzen dio Athletici. Bestalde, Girona zortzi puntutara dago hirugarren postuan. Aurkariei presioa sartzen saiatuko da talde bilbotarra. Atleticok Alavesen zelaian jokatuko baitu igandean, eta Gironak Cadiz hartuko du etxean.
🗒 𝗗𝗘𝗜𝗔𝗟𝗗𝗜𝗔
— Athletic Club (@athletic_eus) April 18, 2024
Ernesto Valverdek 2️⃣4️⃣ jokalari deitu ditu bihar San Mamesen @GranadaCF-ren aurka jokatuko den norgehiagokarako.#AthleticGranada #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/RE5AFuZxYf
Valverdek jokalari guztiak dauzka zelairatzeko moduan, eta lehen taldeko denak sartu ditu deialdian. Yeray erdiko atzelariak ere taldekideekin batera entrenatu du astean zehar, eta zerrenda osatzen duten 24 jokalarien artean dago. Dena den, tentuz ibili beharko dira zuri-gorriak zortzi jokalari baitaude txartel horiengatik zigortuak izateko arriskuan. Azken jardunaldiko hamaikakoan sartu ziren Williams anaiak, Yuri eta De Marcos aurkitzen dira egoera horretan. Baita Lekue, Raul Garcia, Berenguer eta Dani Garcia ere.
Kontuan izan behar da hurrengo jardunaldian partida erabakigarria jokatuko dutela Atletico Madrilen kontra. Liga amaitzeko geratzen diren zazpi jardunaldietatik lautan etxetik kanpo arituko da Athletic. Metropolitanon jokatu ondoren, zuri-gorriek Getafe, Celta eta Rayori egingo diete bisita. Granadaren ondoren, berriz, Osasuna eta Sevilla dira San Mamesetik pasatuko diren azken taldeak.
Granadak ere irabazi beharra dauka
Aurkariaren premiak zuri-gorrienak baino larriagoak dira. «Ez da batere erraza izango», azpimarratu du Valverdek. Azken jardunaldian Alaves garaitu ostean, maila mantentzeko itxaropen apur bat berreskuratu du Granadak. Hala ere, erronka zaila dauka aurretik, eta helburua lortzeko modu bakarra garaipenak eskuratzea da. Izan ere, hamaika puntuko aldea murriztu beharra daukate ligaren azken txanpan. Ezineskoa dirudien arren, geratzen zaizkien aukerak agortu arte borrokatu beharko dute.
Hori nabarmendu du Jose Ramon Sandoval entrenatzaileak atarikoan. Sasoi honetan Granadaren aulkian eseritzen den hirugarren teknikaria da.
Lehen itzulian bana berdindu zuten zuri-gorriek Granadan. Norgehiagoka bi egun ezberdinetan jokatu behar izan zen talde andaluziarraren zale bat harmailetan izandako bihotzekoaren ondorioz hil ondoren. Athletic 0 eta 1 irabazten zegoen partida bertan behera geratu zenean, eta hurrengo egunean Granadak berdintzea lortu zuen. Galarretak gol bikaina sartu zuen, baina Valverdek berak umoretsu esan duen bezala, beste atean egin behar zuen.
Zuri-gorrien entrenatzaileak hitz politak izan ditu agerraldian Raul Garcia eta Muniainen inguruan. Denboraldi amaieran erretiroa hartzea erabaki duen nafarrari buruz, haren profesionaltasuna nabarmendu du. «Ez du inoiz amore ematen», gaineratu du. Txantreako kapitaina, berriz, mito zuri-gorri bat dela esan du, eta denboraldi amaieran ikusiko dela berritzen duen ala ez.