Valverde, berritzeko prest
Gasteizen hezitako entrenatzaileak argi utzi du oso pozik dagoela talde bilbotarrean eta kontratua luzatzeko asmoa agertu du. Klubetik ere antzeko mezua bidali izan dute, eta badirudi akordio batetara iristea denbora kontua baino ez dela.
Kopa irabazi eta Europan jokatzeko sailkatu ostean, Athleticen datorren denboraldia prestatzen hasteko une egokia iritsi da. Ernesto Valverde entrenatzaileak ere iritzi berdina dauka, eta hori esan du Granadaren kontrako partidaren atarian eta ‘El Mundo Deportivo’ kirol egunkarian argitaraturiko elkarrizketa batean.
Ez da ohikoa izaten Athleticen entrenatzaileak elkarrizketak egitea, baina Carlos Zaballa kazetariarekin hitz egin nahi izan du joan den larunbatean Lezaman eman zuen agerraldira gerturatu zen komunikabide bakarra izan zelako. Eguraldi beroa eta gabarraren ajearekin, kazetari bakarra egon zen arratsaldeko 17.00etan egindako prentsaurrekoan eta Valverdek horrela eskertu nahi izan dio.
Entrenatzaileak ‘El Mundo Deportivo’-n azaltzen duenez, Athleticekin Kopa altxatzea bere kirol ibilbidean lortu duen titulurik garrantzitsuena da zalantzarik gabe. «Dena da taldearentzat, eta baita niretzat ere», azpimarratzen du.
Pozik eta gogotsu dago talde zuri-gorrian eta kontratua berritzeko klubarekin hitz egiteko prest dagoela dio. Kirol zuzendaria den Mikel Gonzalezek ere hainbat aldiz aipatu du gustura daudela egiten ari den lanarekin. Beraz, kontratuaren luzapena adostea eta sinatzea denbora kontua besterik ez dela dirudi.
Bestalde, entrenatzaile gasteiztarrak gogora ekartzen du iaz otsailean berritzea erabaki zuela taldeari «egonkortasuna» emateko asmoz. Oroitzen duen moduan, une horretan Iñigo Martinezek taldea utzi zezakeela entzuten zen eta baita beste jokalari batzuek ere.
Kopako finalerdiak jokatzeko sailkatu ostean eman zuen pausua. Dena den, denboraldi amaieran taldeak ezin izan zituela helburuak bete onartzen du. Osasunak finaletik at utzi zituen zuri-gorriak, eta egindako Liga amaiera kaskarraren ostean Europatik kanpo ere geratu ziren.
Historia egiten
Valverdek egindako aitorpen hau ez da azkenaldian egin duen bakarra. Kopako ospakizunetan hunkiturik ikusi zitzaion Jonan Ordorika lagunaren argazkia zeukan kamiseta batekin soinean. Abuztuan hil zen soinu-teknikaria, eta harreman estua zeukaten. Hain kolpe latza izan zen, klubaren barruan ere kargua utzi zezakeela pentsatu zutela.
Era berean, joan den larunbateko agerraldian ere adierazpen deigarriak egin zituen. Esan zuenez, nahi gabe itzuli zen Athleticen aulkira ez baitzeukan buruan zuri-gorrien entrenatzaile gisa hirugarren aro bat hasteko asmorik.
Gogoratu zuen moduan, azken orduan erabaki zuen klubaren zuzendaritza aukeratzeko hauteskundeetara aurkeztu ziren bi hautagairi baiezkoa ematea. Horrela, Jon Uriarteren eskutik bueltatu zen talde zuri-gorria, eta historia egin du. Lehenik eta behin, Athleticekin partida gehien dauzkan entrenatzailea bilakatu zen, eta gero, Kopa irabazita.