INFO

Lanuztea Ugao herrian, Envases enpresako plantilla erdia kaleratzeko erabakia aldatzeko

Ostiral honetan bi orduko lanuztea egin zuten Ugao herrian, bertako familia askoren ogibidea den Envases enpresako zuzendaritzak plantilla erdia kalera botatzeko hartu duen erabakian atzera egin dezan eskatzeko. «Non daude instituzioak?», galdegin zuten manifestazio jendetsuaren amaiera ekitaldian.

Ugao herriak erabat babestu ditu Envaseseko langileak, ostiraleko manifestazio hau horren erakusgarri. (ENVASESEKO LANGILEAK)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Ostiralean beren lanpostua utzi zuten bi orduz Ugaoko hainbat eta hainbat herritarrek, Envases enpresatik bota nahi dituzten 42 langileekin elkartasunez. Langile batzordeak deituta, greban daude apirilaren 8tik. Eta ekimen horren barruan manifestazio jendetsua egin zuten ostiralean.

Martxaren amaieran, bi hizlari paraleloan jarri ziren, publikoari so. Greba komiteko kidea hala hasi zen: «Irudi ederra, herri oso bat, Ugao, Envasesen langileen eta lanpostuen defentsan eta deslokalizazioaren aurka».

Langileak: «Bai, argi dago, Ugaoko herritarren babesa eta elkarlana ezinbestekoa izan da borroka hau aurrera eramateko, eta berotasun hori hasieratik sentitu dugu».

Egun batetik bestera sekulako kolpea

Otsailaren 26an multinazionalak EREa aurkeztu zuen, eta handik hona «oso momentu gogorrak» bizitzen ari dira. «Bizitza proiektu askok porrot egingo dute. Egun batetik bestera kristoren kolpea jaso genuen. Baina kolpe hori askoz ere eramangarriagoa izan da borroka honetan ez gaudela bakarrik jakinda».

Ugao herria bihotzez eskertu nahi izan zuten. (ENVASESEKO LANGILEAK)

Greba komiteko ordezkariak azaldu zuenez, kolpeak plantilla zuzen jo arren, herriari ere min handia egiten dio. «Gure industria ehuna desegiten ari dira. Herri bizi eta bizigarri bat nahi badugu, industria tokiko ekonomiaren motor duena, eragileek ezin dugu Ugaoren etorkizunaren eta gure seme-alaben kontrako eraso hau onartu. Hala ulertzen baitugu hau: gure herriaren errealitate ekonomikoaren parte baten suntsipen saiakera gisa».

Nerbioi ibar honetan familia asko Envases Universalesek sortutako lanpostuen mende daude zeharka, eta jende pilak sufrituko du industriaren deuseztapen saiakera honekin.

Non daude instituzioak?

«Non daude instituzioak?», galdetu zuen langileak. «Urte pila dira erakundeak enpresei nahi duten bezala ibiltzen uzten dietena. Enpleguak suntsitzen dituen eta langileen bizitzarekin jolasten duen kapitalaren zerbitzura egon dira, argi eta garbi».

Jaulice fabrikarekin bizi izan zuten. Duela hamarkada bat baino gehiago itxi zuten. Orain Envasesekin errepikatzen ari da. «42 lanpostu eraman nahi dituzte kanpora deslokalizazio prozesu honetan. Funtsean, fabrika beste toki batera eramatea bilatzen dute, aberastasuna pilatzeko helburuarekin. Eta legeek, eta horiek bultzatzen dituzten arduradunek, izen-abizenak dituzte».

Hauteskundeak dira igandean eta lan eta industriako ordezkari ugari mintzatu da kanpainan. «Zer arduradun politiko klase dira Ugaoko industria hiltzen den bitartean beste aldera begiratzen dutenak? Zeintzuk dira halako deslokalizazioak baimentzen dituzten legeen arduradunak?».

Igandean ordezkaritza lortuko duten arduradun politikoei eskatu zieten industriaren deslokalizazio, prekarizazio eta suntsiketa prozesuen kontra benetako neurri eraginkorrak martxan jartzeko. Langile klasea defendatuko duten legeak lantzeko, eta Envases Universalesen gertatzen ari den bezalako egoerak ekiditeko.

«Errezeta betikoa da: elkartasuna, konpromisoa eta borroka»

«Izan ere, Ugao da, baina Mecaner ere bai, eta antolatu eta borrokatzen ez bagara, bihar beste herri bat izango da ehun industrialaren deuseztea sufrituko duena. Gaur, hemen eta orain errezeta betikoa da: elkartasuna, konpromisoa eta borroka».

Manifestazio jendetsua egin zuten ostiralean Ugaon, Envaseseko langileen lanpostuak defendatuz. (ENVASESEKO LANGILEAK)

Aurreikuspenik okerrenak bete eta 42 langile botako ditu Envaseseko zuzendaritzak. Nerbioi ibarreko plaza horretatik argi eta garbi aldarrikatu zuten: «Ez, Ez, Ez, kaleratzerik ez!».

Beren eskubideen alde greban jarraituko duten Envaseseko langileen ondoan borrokatuko direla agindu, eta Ugao herria zoriondu zuten, «galtzen den borroka bakarra borrokatzen ez dena» baita.

Ekitaldiaren amaieran, oholtzara igo ziren langileekin batera aste hauetan eskuz esku lanean aritu diren lagunak, txalo artean. Etorki Dantza Taldeak agurra eskaini zien.