Ruiz de Infante-Galeano txapeldun, lehia luzeenari keinu egin dion finalean
22-17 gailendu zaizkie Antzuolan Maddi Barrokal eta Naroa Agirreri 57 minutu iraun dituen partida borrokatu eta gogorrean. Hamabosna berdinduta joan ostean, urdinek gehiago asmatu dute azken txanpan eta herriko alaba izendatu dute txapelketako pilotaririk onena bezala.
Emakumeen esku pilotako inoizko txapelketarik luzeenak baditu dagoeneko txapeldun berriak: Ainhoa Ruiz de Infante otxandioarra eta Leire Galeano antzuolarra, azken honen herrian jokatutako finalean Maddi Barrokal eta Naroa Agirreri 22-17 gailenduta.
Izaten den presioarekin, normala izaten da finalak laster alde batera edo bestera egitea, baina azken lau hilabeteei keinu bat egin nahian edo, larunbat honetako partida gogorra eta lehiatua suertatu da, 57 minutu iraun ditu, eta azken txanpa horretara osoago heldu izanak eman die garaipena urdinez aritu diren pilotariei. Akatsik ez egitea izaten da, askotan, halako partidetako giltza eta alde horretatik erabakigarria suertatu da Leire Galeanoaren lana, finala pilota bakar bat galdu gabe amaitu baitu.
Presio bikoitza izan du gaurkoan Antzuolako atzelariak, final baten zamari, herritarren aurrean jokatzearena batu baitzaio, baina aurretik ere esana zuen gustukoa zuela etxean aritze hori eta maila bikaina eman du, txapelketako pilotaririk onenaren saria merezi izateraino.
Lehia bizia
Hori bai, agian Maddi Barrokalek eta Naroa Agirrek hobeki ekin diote finalari, baina denborarik handienean lehia oso estua izan dute bi bikoteek, alde batera zein bestera abantaila handiegirik gabea.
Bi atzelarietan inor ez da bestea nabarmen dominatzeko gai izan eta tanto luzeak eta piloteatuak suertatu dira, aurrelariei airez sartzeko aukera askorik gabe, dejadaz saiatzera behartuz.
Arlo honetan, lehen erdian gehiago asmatu duen Barrokal bergararrak, baina azken txanpan gauzak aldatu eta Ruiz de Infante otxandioarra eraginkorrago aritu da azken txanpan, batez ere hamabosnako, partidako azken berdinketatik aurrera. Nekeak ere faktura pasa du eta azken txanpara osoago heldu dira Ruiz de Infante eta Galeano eta Naroa Agirreren eskuin eskuak minduta egotearen zantzuak erakutsi ditu. Denak batuta, 4-0eko partzial batekin zuloa egin dute irabazleek eta gorriek erantzun txiki bat izan duten arren, merezitako garaipena eskuratu dute Ruiz de Infante eta Galeanok.
Promozio mailako finalean txapelak Ibarrola Vertizentzat izan ziren, Aranburu-Arrastiari 22-18 gailenduta.