INFO

EH Bilduk bere feudoa finkatu du Gipuzkoan, EAJk baino 30.000 boto gehiago lortuta

EH Bilduk azken hauteskundeetako goranzko joera azkartu du Gipuzkoan: 130.000 botoko langa gainditu du eta bere feudoa finkatu du lurralde honetan; 11 ordezkari eramango ditu Legebiltzarrera, bi gehiago. EAJk 9 legebiltzarkide izango ditu, bat gutxiago. [Emaitza guztiak]

Nerea Kortajarena, EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua, Donostian botoa eman duen unean. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAJ eta PSEk gidatutako azken legegintzaldiek markatu duten ziklo politikoa aldatzeko gogoa adierazi dute gipuzkoarrek baina, batez ere, aldaketa hori EH Bilduren eskutik nahi dutela berretsi dute. Koalizio abertzalea lehen indarra da lurralde honetan eta 130.000 botoko langa gainditu du. Hautesleen %40,28k hautatu du Nerea Kortajarena buru duen zerrenda.

2020ko hauteskunde autonomikoetan garaipena kasik ukitzeraino hazi zen EH Bildu, jeltzaleengandik banatzen zuen aldea 4.000 boto eskasera eta puntu soil batera estutuz. Sorpasso handia 2023ko foru eta udal hauteskundeetan eman zuen, EAJk baino 15.000 boto gehiago lortuta. Baina, oraingoan, igoera ziztuan eman du EH Bilduk: 136.301 pertsonen babesa jaso du, duela lau urte baino 30.000 boto gehiago bilduta eta udal eta foru hauteskundeetan baino 15.000 gehiago.

Gainera, bigarren indarra izatera pasatu den EAJk baino ia 30.000 boto gehiago pilatu ditu ezker abertzaleak eta, beraz, urtebete baino gutxiagoko epean, udal eta foru hauteskundeetan EAJri atera zion aldea bikoiztu du. Hala, EH Bilduk bere feudoa finkatu du lurralde honetan eta Gasteizko ganberan 11 legebiltzarkide sartuko ditu, orain dituenak (9) baino bi gehiago.

Parte-hartzearen igoerak hauspotuta (%61,71koa izan da Gipuzkoan, 2020an baino zazpi puntu gehiago), EAJk boto-emaile fidelen babes mailari eustea lortu du eta paper-eskutada txikia galdu du, 2.031 guztira. Hala ere, 2020an nahiz iazko udal eta foru hauteskundeetan abstenitu zirenak oraingoan EH Bilduren alde egin dutela dirudi, eta koalizio abertzalearen haziera handiak jeltzaleen boto-portzentajea jaitsiarazi du (botoen %31,78 jaso ditu). Horren eraginez, EAJk ordezkari bat galdu du Legebiltzarrean; Bakartxo Tejeria buru duen zerrendak Gipuzkoako 9 legebiltzarkide izango ditu aurrerantzean.

Hautesleek ez dute zigortu, bestalde, PSEren gobernuko jarduna, eta Gipuzkoatik ordezkari bat gehiago izango du Legebiltzarrean, 4 guztira. Laugarren eserleku hori jokoan izan da azken unera arte EH Bildu eta PSEren artean, eta azkenean, Denis Itxaso zerrendaburu duen taldeak eraman du. Lau urte atzera egin ziren bozen aldean, 7.092 boto gehiago bildu dituzte sozialistek, lurraldeko paperen %13,56.

PPk botoen erdiak galdu zituen 2020ko hauteskundeetan (30.000tik 14.000ra jaitsi zen), baina oraingoan joera iraultzea lortu du eta boto-paperren %6,42 lortzeraino hazi da, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarreko ordezkaritza berdin mantenduko duen, aulki bakarrarekin. 21.722 boto lortuta (azken hauteskunde autonomikoetan baino 7.636 gehiago), Muriel Larreak segituko du legebiltzarkide zereginetan.

Gipuzkoako galtzaile handia, aldiz, ezker konfederala izan da. Elkarrekin Podemosen gainbehera konponezinak Gipuzkoako ordezkaritza galtzeraino iritsi da, eta Sumarrek ez du aulki bat bereganatzeko adina boto lortu.

Hegemonia herriz herri

Fokua Gipuzkoako udalerrietara hurbilduta, agerikoa da EH Bilduren hegemonia eta EAJren indarraren galera progresiboa. 2020an nagusiki jeltzaleen aldeko hautua egin zuten udalerriak hogei ziren; zazpi besterik ez dira izan oraingoan: Hondarribia, Irun, Elgoibar, Beasain, Albiztur, Olaberria eta Donostia mantendu ditu, azken hau 800 botoko alde apurrarekin.

Aldiz, duela lau urte egindako hautua aldatu eta koalizio abertzalearen alde eman dute botoa herritar gehienek Zarautz, Eibar, Azkoitian, Urretxun Zumarragan, Deban, Aian eta Abaltzisketan. EH Bilduren hegemonia ezbairik gabekoa da Gipuzkoan: lurraldeko 89 udalerrietatik 82tan irabazi du koalizio abertzalearen zerrendak.