INFO

Zinemaldiak %14 gutxitu zituen karbono emisioak 2022 eta 2023 bitartean

Zinemaldiak %14 gutxitu zituen karbono emisioak 2022 eta 2023 bitartean, CREAST aholkularitza enpresak prestatutako txostenetik ondorioztatu daitekeenez.

‘Puan’ filmaren aurkezpena, iazko Zinemaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

2022ko jaialdiko jarduerari buruzko datuen azterketa batek zehaztu zuen Zinemaldiaren karbono aztarna 4.147 tona CO2Eq-koa zela. 2023an, 71. edizioan, ordea, zifra hori txikitu egin zen 3.556,49 tona CO2Eq-raino. Horrenbestez, aurreko edizioarekin alderatuta, emisioak %14 murriztu ziren.

Hirugarren urtez jarraian, Zinemaldiak jasangarritasuna ebaluatzeko eta karbono aztarna neurtzeko txostena aurkeztu du, ingurumenaren aldetik jaialdi jasangarriagoa izateko xedea betetzeko. CREAST enpresak prestatu du txostena bigarrenez, Donostia Zinemaldiak horrekin diseinatu baitu bost urterako plan bat, 2027. urtean emisioetan neutroa izateko.

Aztarna murrizten lagundu duten neurrien artean dago paperaren erabilera gutxitu izana, inprimatutako katalogoa bertsio digitalarekin ordeztuz. Horri esker, 1,67 kg CO2Eq jaitsi dira. Halaber, eta hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1.840 m2-ko moketa jarri du Zinemaldiaren esku, %100 birziklatua eta birziklagarria, Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko kanpoko alfonbra gorrietarako. «Ekimen horri esker, 2.334,74 kg CO2Eq gutxiago sortu dira. Horregatik guztiagatik eta material gehiena alokatzeko eta bigarren eskuko erosketak lehenesteko proposamenagatik, materialen atalean izan zen iaz jaitsiera handiena aurreko urtearekin konparatuta», adierazi dute Zinemaldiaren arduradunek.

Energiari dagokionez, 71. Zinemaldian klausurako jaia argitzeko talde elektrogenoa bioerregaiz hornitu zen. Gainera, Zinemaldiak 2021ean hasi zuen LED argiztapenerako trantsizioarekin jarraitzen du.

Hondakinen kasuan, berriz, bigarren urtez birziklatzeko gunean jarri ziren, Zinemaldiaren egoitzetan. «Neurri horren bidez, hondakinek eragindako karbono aztarna erdira txikitu dela estimatu da», esan dute.

Mugikortasunari dagokionez, Donostia Zinemaldiaren ibilgailu ofizialak hornitzen dituen markak, Audik, flota mistoa jartzen du haren esku. Hala, ibilgailuen heren bat hibridoak dira eta beste herena, elektrikoak. Mota horretako ibilgailuak erabilita 33 tona CO2Eq inguru saihesten direla kalkulatzen da. Era berean, 71. edizioan, Zinemaldiko gonbidatuak garraiatzeko zerbitzuek 96.500 kilometro egin dituzte; 2021ean, berriz, 120.000 kilometro inguru izan ziren. Renferekin egindako lankidetzari esker, kutsatzen ez duen garraioa optimizatu da, eta Repsolek ere hainbat ekimenekin parte hartu du, besteak beste, automobilentzako karga elektrikoko postu gehiago instalatzea.

Azkenik, argi kutsaduraren atalean, Kursaal jauregia piztuta egon den ordu kopurua txikitu egin da eta, horrekin, gutxi gorabehera 30,23 tona CO2Eq saihestu direla estimatu da.

Gainera, bigarrenez, Zinemaldiak 25.000 eurorekin konpentsatu zuen karbono aztarnaren %84 Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bitartez –Naturklima Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak kudeatzen dute–. «Ekarpen hori tokiko azpiegitura berdeak hobetzeko proiektutan inbertitu zen, Gipuzkoako karbono hustubide naturalen funtzionaltasuna leheneratzen laguntzeko, batez ere, basoenak eta itsasoena», diote.

72. ediziorako neurriak eta programak

Aurten, 72. edizioan, Donostia Zinemaldiak barne mugikortasunean eta ekitaldiak erakartzen duen mugikortasunean jarriko du arreta, karbono aztarnan eragin handienetakoa duen faktoreetako bat denez. «Horretarako, kontzientziazio kanpaina bat jorratzen ari da, akreditazioa duten eta akreditaziorik ez duten pertsonak garraio aukera jasangarrienen alde egitera animatzeko eta, horrez gain, laster jakinaraziko diren barne neurriak lantzen ari da, zuzeneko eragina izango dutena kategoria horren karbono aztarna txikitzen», azaldu dute.

Gainera, klima testuinguruarekin lotutako askotariko jarduerak antolatuko dira. Alde batetik, Zinemaldiak aliantza bat ezarri du European Climate Foundation erakundearekin, larrialdi klimatikoa eta trantsizio ekologikoa irudikatzeko modu berriei buruz hausnartzeko. Elkarlan hori hurrengo hiletan zehaztuko da eta hiru ardatz izango ditu: emanaldiak, prestakuntza eta dibulgazioa.

Prestakuntzaren arloan, Tabakalerako Z aretoan bi mintegi egingo dira maiatzaren 3an eta ekainaren 28an, hurrenez hurren. Lehenean, Another Way Film Festival jaialdiko ordezkariak izango dira, eta helburu izango du orain arte narratiba jasangarrien eta etorkizuneko erronken gainean egindako lanari buruzko oinarrizko ezagutzak zabaltzea.

Bigarren mintegia Climate Spring Training erakundeak emango du, eta zinema sorkuntzaren arloko pertsonei zuzenduta egongo da (zuzendaritza, gidoigintza, produkzioa...) eta bigarren zati bat izango du Zinemaldiak irauten duen bitartean. «Storytellinga jorratuko da, baita zinemaren eta telebistaren narrazio ahalmena baliatzeko aukerak ere, herritarrek krisi klimatikoaren inguruan duen lotura eta mobilizatzeko modua aldatzeko asmoz», aurreratu dute. Parte hartzeko interesa dutenek, posta elektronikoz eman beharko dute izena (eztabai@sansebastianfestival.com) eta bidali beharko dituzte curriculum labur bat eta emergentzia klimatikoari buruzko ordezko narratibak lantzeko motibazio gutun bat.

Zinemaldiaren Z365 arloko Pentsamendua eta Eztabaida sailak ere ingurumenarekin lotutako istorioak proiektatuko ditu. Horren adibide da apirilaren hasieran Zinemaldia + Plus zikloan eman zuten ‘La croisade / The Crusade’ (Un pequeño plan… Cómo salvar el planeta, 2021), Louis Garrelek zuzendua eta Perlak sailean aurkeztua.